'Gorputzak idaztea eskatzen dit. Hobeto bizi naiz idazten dudanean'
Bere azken lanak Euskadi Literatur Saria irabazi du, baina ezinezkoa da Ramon Saizarbitoria azken honegatik sailkatzea. Ibilbide luzea da berea, mardula eta oparoa. Egunero hasten delako edo Hamaika pauso bezalako izenburuak, Kritikaren hainbat sari eta merezitako esker ona. Hala ere, apaltasun osoz mintzo da, bere azken lanaz, euskal kulturaz eta literaturaz, barnean duen kezka handi horretaz.
Galdera. Euskadi Literatur Sariaz gain, Gorde nazazu lurpean liburuak Kritika Saria eta Beterriko Liburua irabazi ditu. Espainiako Sari Nazionalerako Finalista ere izan da. Zein da nobelaren sekretua?
Erantzuna. Iruditzen zait daragaiak arruntak izanik, gizakioi interesatzen zaizkigun gai bitalak direla. Giza harremanak, sexu harremanak, euskal herritarrok dugun zama historikoa, horren eragina eta horrek dakarzkigun arazoak. Kontaketaren arazoa ere azpimarratuko nuke, maiz azaltzen baita nire literaturan, eta uste dut irakurleak hori estimatzen duela berak ere konplizitate bat bilatzen duelako. Egia esan, ez dakit zein meritu ikusi dizkion jendeak. Arantxa Urretabizkaiak liburuaren zehaztasun zientifikoa aipatu zuen eta horrek izugarri poztu nau. Nirea estilo xumea da, pertsonaien alderdi miserableak erakusten ditut, eta horren ondorioz jendeak lana gutxiesteko joera izan dezake. Baina epaimahaikoek ikusi dute azalpen sinple eta xume horren atzean doitasun bat dagoela, esaten ditudan gauzak neurtzen ditudala, dokumentatzen naizela.
'Garai batean pentsaezina zen euskal produktu bat itzulita gaztelerazkoen mailan egotea'
'Gauza guztietan espezializazioa datorrela uste dut, gauza bera gertatuko da baita literaturan ere'
G. Zer suposatu dizu sari honek?
E. Pozik nago baina ni ez naiz oso sarien aldekoa, egia baita saria batek irabazten duenean beste norbaitek galdu duela, eta merituen kontua ez da hain argia literaturan. Hori ez dut oso gustuko, kontziente naiz beste norbaitek ere saria mereziko zukeela eta ez duela jaso. Lagun batek esaten zidan ematen jakiteko hartzen ere ikasi behar dela eta nik apaltasunez jasotzen dut hori, eta badakit zer esan nahi duen alegia, nire liburuak Euskal Herrian maila duin bat duela. Baina tristea da era berean, nire gloria bi egunekoa baita, gero berriz desagertuko naiz.
G. Espainiako Sari Nazionalerako finalista izan zara, hori euskal literaturaren osasunaren adierazgarri dela uste al duzu?
E. Erreala Espainiako finalista geldituko balitz pozik egongo ginateke. Euskal literatura Espainian dabil eta modu duin batean gainera, irakurketa hori du finalista izateak, nire kasuan behintzat. Baina datozen urteetan beste norbaiti tokatuko zaio hor egotea, gaur egun euskaraz sortzen den literaturak oso maila duina duelako. Eta bitxia da nolako normaltasunez hartzen dugun hori. Duela hogei urte pentsaezina zitzaigun euskal literaturaren produktu bat itzulita gaztelerazkoen mailan egotea. Utopikoa zen hori, egun utopia errealitate bihurtu dugu eta horrekin poztu beharko ginateke.
G. Nola ikusten dituzu gaur eguneko euskal idazle gazteak? Zuen belaunaldikoen egoera oso bestelakoa al zen?
E. Zalantzarik gabe hobeto gaude, baina askotan aurrera egiteak egoera kritikoagoan egotea dakark, zeren eta txikiak izatearen kalteak baitauzkagu, neurri batean beste maila bateko literaturen arazoak ere baditugu; amateurismorako leku gutxiago dago, gero eta zailagoa da nobelagilea izateaz gain beste lanbide bat edukitzea eta biak ezkontzea. Lehen baino egoera askoz hobeagoan gaude, baina nola aurrera egin dugun gehiago nahi genuke eta hor zailtasunak dauzkagu, gure akatsak nabarmenagoak dira, aurrera egiteko potentzia gehiago behar dugu.
G. Eta zuk, ez omen duzu idazketa ogibide?
E. Ez, nik orain arte lanetik kanpo idatzi dut, baina liburu batek lan gehiago eskatzen du. Liburua idatzi behar da, argitaratu egin behar da eta gure merkatu triste honetan promozio handirik ez badago ere Durangoko azoka daukagu, hitzaldiak antolatzen dira, itzulpenak egin eta zaindu behar dira, hauek ere aurkeztu. Beste lan bat duenarentzat zama handia da eta gero eta zailagoa egiten da idaztearen mekanikaz aparte idazteak dakarren dinamika jarraitzea. Gauza guztietan espezializazioa datorrela uste dut eta baita literaturan ere, zoritxarrez eta gauzak aldatuko dituen zerbait ez bada gertatzen. Nik erretiroa gertu daukat eta hori da nire ametsa, urte batzuk barru idazketara soilik dedikatzea.
G. Idazteko beharra sentitzen duzulako idazten duzu?
E. Bizitza beti gustatu zait eta bizitzeko jakinmina izan dut. Irekia egon natzaio munduari. Ene Jesus argitaratu eta gero urteak eman nituen idatzi gabe, trantsizio garaiak ziren eta politikan aritu nintzen beste gauza askoren artean. Idazlea gorderik eduki nuen baina momentu honetan egia da gorputzak idaztea eskatzen didala. Hobeto bizi naiz idazten dudanean idazten ez dudanean baino.
G. Nondik ateratzen duzu idazteko denbora?
E. Goizean goiz jaikita, ia kalerik ukitu gabe, oporrak eta asteburuak osorik emanez. Behin Agustin Zubikarai teatrogileari entzun nion bere obra guztia lantegira sartu baino lehen goizeko bostetan jaikita egin zuela. Nik ere bide hori hartu nuen baina orain pixka bat nekatuta nago.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.