'Egungo egoera literarioki berriegia egiten zait'
Bere burua idazle ontzat hartzen ez duen Ramon Saizarbitoriak laugarren aldiz jaso du Kritika saria berak hiru bider jaso duela uste arren. 1982an lehena Ene Jesus nobelarekin. 1995ean Hamaika Pauso saritu zioten eta 1996ean Bihotz bi. Oraingoan Gorde nazazu lurpean da Kritikak saritu diona.
Galdera. Lehenik eta behin Zorionak. Ez duzu aurtengo hau lehen Kritika saria?
Erantzuna. Ez, hirugarrena dela uste dut. Lehendabizikoa Ene Jesusekin, euskal literaturari ematen zioten lehena.
G. Gorde nazazu lurpean liburuak, argitaratu zenuenean, kritika ona jaso zuen, espero al zenuen aurten saria jasotzea?
E. Sarien alde txarra hori da injustiziak egiten direla, eta espero nuen niri justizia ez egitea, orain beste norbaiti egin ez dioten bezala, ezta? Niri sari kontzeptua da oso atsegina egiten ez zaidana literaturan.
'Miserietara joate hori oso interesgarria egiten zait ulerkorra naizelako'
G. Adituek diote euskal literaturak une oparoa bizi duela eta punta puntako idazle kopuru dezente badela eta horien artean zure izena ere aipatzen dute, eta zuk berriz zure burua ez duzu idazle profesionaltzat hartzen.
E. Beno, gauzak bere onera ekarri behar dira! Zer da punta puntako izatea? ez ote gaude gauzen neurria galtzen? Nik uste dut onartu beharko genukeela gure errealitatea. Eta gure errealitatea da irakurle potentzialak 500 mila, 700 mila izan daitezkeela. Horrek ematen du literatura txiki bat zentzu kuantitatiboan. Alderantziz, orain dela hamar, hamabost urte nik gehiago ikusten nuen literatura hori. 80ko hamarkadan gure esparruari begiratzen geniolako eta ez hainbeste kanpora. Azken finean punta puntako izatea mila irakurle gehiago edukitzea esan nahi du. Ze inporta zait? Libre banaiz nahi dudan literatura egiteko.
G. Punta puntako diodanean goi mailako literatura egiten duten idazleaz ari naiz.
E. Nik uste dut iraultza hitza ere erabili daitekeela. Egia da, badagoela gaur egun dozena bat idazle duintasun handiz lan egiten dutenak. Baina esan nahi dut gu libre ginela nahi genuen literatura egiteko eta horrek kalitate handiko literatura eman zuela. Hortik aurrera, beste hizkuntzen paradigma jarraitu nahi izan dugulako, guk ere gehiago saldu nahi, merkatua jarri zaigula gidari eta ez gure merkatua, baizik eta Espainiako merkatua, nolabait ere imitatzen, eta nik uste dut hori ez dela bidea.
G. Gorde nazazu lurpean liburuak bost istorio biltzen ditu, zer dute elkarren artean istorio horiek?
E. Lehendabiziko ipuina, Gudari zaharraren gerra galdua, zaharra da. Hori berreskuratu nuen eta laburra zenez ildo horretatik jarraitzea pentsatu nuen. Anekdota bat dagoenez, lurretik zerbait ateratzea, ba pentsatu nuen ideia amankomun horrekin beste batzuk ere idaztea. Rosseti-ren obsesioan gorpu bat ateratzen da lurretik. Gero Bi bihotz, hilobi bat, hor ere bada gorpu bat desehortzea. Beraz anekdota desehorzketa da, baina oso anekdotikoa; lotura sinbolikoa ematen die. Pertsonen, eta batez ere gizonen, miseriak aztergai ditut.
G. Miseri horiek ez dira gure gizarteak, euskal gizarteak, momentu honetan bizi duen egoeraren islada?
E. Egia esan, bada hori ere. Gure egoera azaltzen da baina ez nago urte hauetan kokatuta. Oraindik ere literarioki berriegia zait. Ni 70, 80ko hamarkadatan nago idazteko orduan.
G. Garai hauek iritsiko al dira zure liburuetara?
E. Bai, dudarik gabe, baina nik uste dut literatura bihurtzeko behar duzula distantzia, oraingo kontuekin hasiko banintz oso periodistikoa irudituko litzaidake. Gaurko kontuak ez zaizkit ateratzen.
G. Behar bada hobe?
E. Bai, baina beste alde sentitzen duzu horrelako errespontsabilitatea, gainera alderdi batzuetatik hainbeste esaten zaigu hori euskal kulturan mugitzen garenoi eta. Orduan esaten duzu: behar bada gehiago sartu beharko nuke, zergatik ez dut idazten zinegotzi sozialista baten dramaz, ezta? Uste dut distantzia kontua dela eta behar dela.
G. Orain bi urte Bihotz bi liburuaren bidetik zerbait idazteko asmoa zenuela esan zenuen, orain saritu dizuten hau haren jarraipena al da?
E. Hori esan nuen? Ba begira, hura Bihotz bi zen eta oraingo honetako bat Bi bihotz, hilobi bat. Bihotz bi, amodio bat zen pentsatu nuen izenburua, azkenean luzea zelako edo Bihotz bi gelditu zen. Oraingo istorioa ildo beretik doa. Oraingo honetan emakumeen miseriekin ausartu naiz eta poetika bera dute.
G. Pesimista zamarra, ezta?
E. Urteekin tolerantegoa bihurtzen ari naizela uste dut eta ulerkorra naizela miseriekin, hori oso gizonezkoena dela uste dut. Besteengan behar duzu perfekzioa, emakumeak izan behar du perfektua eta gustatzen ez zaizun zerbait ikusten duzunean, orduan ez duzu maite. Emakumeak hor, beti bezala, inteligenteagoak zarete eta onartzen duzue gizona ondo jakinik ere zein ahulezi dituen. Beraz miserietara joate hori oso interesgarria egiten zait ulerkorra naizelako. Berez, ez da pesimista naizelako, bestea gezurra iruditzen zait gainera zergatik hasiko naiz ni orain heroiak pintatzen?
G. Miserableei buruzko zure hurrengo liburua noiz izango da?
E. Dena ematen diot idazteari, idazteko irrikitan nago baina bat kaleratu orduko bestea ere kalean behar du eta ez dut lortzen horretara jartzea.
G. Nola jakin zenuen saria zuretzat zela, egunkariaren bidez?
E. Bai, aurrekoa oraindik zeragoa izan zen, kalean, ezagutzen ez dudan tipo batek esan zidan: 'Oye te han dado un premio'. Ez nion ulertu eta esaten dit: 'Tú eres Saizarbitoria ¿no?' 'Sí'. 'Pues he leído en el periódico que te han dado un premio'.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.