_
_
_
_
Entrevista:Joan Mari Irigoien | Idazlea | GAIAK

'Nik gauza total bat egin nahi nuen eta Axularrek eman ditu aukera'

Joan Mari Irigoien donostiarrak 'Lur bat haratago' liburua kaleratu berri du. Azken hiru urteak eskaini dizkio lan honi eta horrexegatik dio 'neketsua oso' gertatu izan zaiola nobela hau idaztea. Axularrek txundituta utzi duela gaineratzen du Altzako idazleak eta gazteak 'oso ongi ikasiak, irakurriak eta alfabetatuak' somatzen dituela. Lan berriei heltzeko prest dago orain, duela gutxi amaitu baitu aipatu nobelaren gaztelerazko itzulpena.

'Idazle modura, 'Poliedroaren hostoak' eta 'Lur bat haratago' izan dira nire bi apustu nagusiak'

Altzakoa, Sanse-ko futbolari ohia, maisua, kazetaritzan ibilitakoa, idazle izatea erabaki zuen ingeniaria eta Erdi Aroko ezpatari jator baten aurpegia duen literatoa da Joan Mari Irigoien. Argitaratu berri duen Lur bat haratago -idazlearen hitzetan 'apustua' dena- literaturzale guztien ahotan dago. Izan ere, liburu mardula da, Axularren idazkera abiapuntua izanik XVII. mendeko Joanes Etxegoien nafar baten bizipenak kontatzen baititu barroko kutsua duen euskara ederrean. Hala ere, idazleak argi utzi du Lur bat haratago 'Axularren eta XXI. mendeko irakurlearen arteko zubia' dela. Hiru urte luzez honetan lanean aritu ondoren, 'XXI. mendean lurreratzea kosta' egin zaiola aitortzen du Irigoienek. Hala ere, indarberriturik, proiektu berriekin hasteko prest dago: 'bizi banaiz, bueltaka dauzkadan hainbat ideia gauzatzea gustatuko litzaidake'.

Galdera. Nola sortu zitzaizun Lur bat haratago bezalako lan mardula egiteko ideia?

Erantzuna. Orain dela 25 bat urte, Axularren Gero irakurtzen ari nintzela bururatu zitzaidan. Oso era sakonean irakurri nuen eta txundituta gelditu nintzen, bere prosa arnas luzekoa iruditu zitzaidalako. Euskarak edozer gauza adierazteko balio zuela konfirmatu nuen. Pentsamendu konplexuak adierazteko baliabideak aurkitu nituen Axularren. Berarekin irudizko elkarrizketa izan nuen eta hurrengo batean elkar ikusiko genuela esan nion. Hogeita bost urte pasa dira eta lan honetan elkartu gara. Nik gauza total bat egin nahi nuen eta Axularrek eman dit aukera.

G. Beraz, Axular izan duzu abiapuntu nagusia.

E. Bai, Axular izan da aitzakia, oinarria eta guztia. Bere prosak gauza xumeenak eta sentimendu konplexuenak adierazteko aukera guztiak eskaini zizkidan. Bera eredutzat harturik zubi bat egiten saiatu naiz, Axular XVII. mendekoa izan arren irakurlea XXI. mendekoa delako. Arkaismoetan sartzeko arriskua nuela banekien, eta horregatik euskaldun alfabetatu arrunt batek ulertzeko moduko prosa egiten saiatu naiz.

G. Lan honekin zure gailurra jo duzula esan daiteke?

E. Beti eduki behar da kontutan zure abiapuntua zein den, gauzak erlatiboak direlako. Nondik hasten zaren eta nora iritsi nahi duzun argi eta garbi eduki behar duzu. Beraz, koefiziente erlatibo bat ateratzeko zatiketa matematiko bat egingo bagenu, nik esango nuke Poliedroaren hostoak eta Lur bat haratago izan direla nire apustuak. Kontutan izanda, noski, garai hartan zer nekien eta nora heldu nahi nuen, eta orain zer nahi dudan eta nora heldu nahi dudan. Bi lanak parean jarriko nituzke, idatzi ditudan beste liburuak hauen ondorioak direla esango nuke.

G. Urte asko daramazu idazten. Nola ikusten duzu euskal literatura gaur?

E. Gaur egungo egoerak ez dauka inongo zerikusirik ni hasi nintzeneko garaiekin, 25 urte hauetan panorama izugarri aldatu baita. Egun oso obra onak daude, badago gu baino askoz gazteagoa den idazle belaunaldi bat eta nik uste dut gogor eta gogoz ari direla. Gu frankismoan bizi ginen eta beste kontu batzuk genituen buruan. Gainera, euskara ez zegoen batua eta, maiz, euskara ikasi nahi genuenean ez genekien nora jo. Gaur egun, hogei urte dituen gazte bat ongi ikasia dator, irakurria, alfabetatua...

G. Irakurtzen al dituzu idazle gazteen liburuak?

E. Bai, baina egia esateko, azken hiru urteetan Lur bat haratago nobelarekin iraulia egon naizenez ez dut gehiegi irakurri. Liburu potoloa da, baina liburuaren bolumenak ez dauka prosaren kalitatearekin zerikusirik. Juan Rulfo idazlea, adibidez, izugarri miresten dut. Rulfok ehun orrialdeetako Pedro Paramo eta El llano en llamas idatzi zituen. Beste gauza batzuk ere egin zituen arren, bere lan bakarrak izan zirela esan daiteke eta hauekin gailurra jo zuen. Ehun orriko liburu batek izugarrizko eragina izan dezake. Dena den, lanari dagokionez ez dago konparatzerik, Lur bat haratago bezalako liburu bat idazteak lan asko dakar, oso neketsua da. Garai hura nola izan zitekeen ikasteko hirurogei bat liburu erosi nituen. Hasieran kontzientea nintzen eta jakin banekien horrelako zerbait egiteak suposatzen zuena eta, azkenean, apustua egitea erabaki nuen.

G. Noiz hasi zinen idazten?

E. Hamaika edo hamabi urte nituenean nire lehenengo poematxoa idatzi nuen, hamabost urterekin hurrengoa... Baina gure heziketa gazteleraz izan zenez hogei bete nituen arte ez nintzen euskaraz idazten hasi. Gero Hutsatik esperantzara nire lehen liburua idatzi nuen eta, kasualitatez edo zortez, Irun Hiria Saria irabazi nuen. Horrek izugarri animatu ninduen. Geroago, Hego Amerikan ibili nintzen eta Euskal Idazleen Elkartean nire idatz esperientziaren inguruan txosten txiki bat ere idatzi nuen.

G. Zer eragin izan zuen bidaia horrek zure literaturan?

E. Bidaia hartan gero eta harrapatuagoa sentitu nintzen literaturaren munduan. Venezuelatik bueltatu nintzenean eta Poliedroaren hostoak nobela idatzi nuenean buruan sartu zitzaidan ahal izanez gero idazle izango nintzela. Jakin banekien hori lortzea oso zaila zela, elite murriztu bat bakarrik bizi daitekeelako hortaz. Zorte handia izan dudala aitortzen dut. Gero, Babilonia-k izan zuen arrakastari esker, idazle izatetik bizi nintzatekeela konturatu nintzen. Egun, idazle profesionala naizela esan dezaket, idazlea naiz soilik. Idazle gehienek beste lanbide batekin ezkontzen dute idaztearena.

G. Baina zu ingeniaria zara...

E. Bai, ingeniari industriala naiz, baina oraindik ez dut titulua jaso. Bilbon egongo da, hor nonbait, zokoren batean, saguak jan ez badute behintzat... Baina ez naiz damutzen, matematika izugarri gustatzen zait, matematikak baduelako zehaztasunarekin lotura sendo bat eta nire prosan zehatza izaten saiatzen naiz. Ildo honetan, Axularren prosa matematikarekin edo logikarekin oso lotua dagoela uste dut.

G. XVII. mendetik lurreratzen zarenean, beste nobela edo proiektu batekin hasteko prest al zaude?

E. Lur bat haratago gaztelerara itzultzen aritu naiz, baina nik ez dut gaztelera ongi menperatzen, eta are gutxiago XVII. mendeko gaztelera. Jorge Aranguren idazlea izan dut laguntzaile, bera XVII. mendeko kutsua ematen ari zaio testuari. Nobelatxo samur bat idazteko asmoa ere badaukat, urtegi baten inguruko pertsonaia xume batzuei buruz. Honen ondoren Kalamidadeen liburuan erabili nuen adar jotze erregistro berarekin Futbolaren liburua idatziko dut agian. Hamar urte barru edo, beste apustu handi bat gauzatzea gustatuko litzaidake...

G. Gainera, Sanse-ko jokalari ohia izan zara.

E. Futbola asko gustatzen zait, baina bere inguruan eraiki den munduarekin ez nago batere ados. Realekoa naiz baina Athletic-en politikarekin ados nago.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_