Antimilitarismoaren oihua
Haurrentzat bideratuta, gerra oinarri duen 'Mambrú' lana estreinatu berri du Markeliñek
Bizitzak arantzak ere badituela erakutsi nahi izan dio haurrari Markeliñek Mambrú oholtzaratuz. Duela urtebete, Fernando Arrabalen Picnicen irakurketak eman zion Iñaki Egiluzi XXI. mendeko lan berriaren ideia nagusia: gerra.
Hamalau urteko ibilbide profesionala landu duen talde zornotzarrak buru-belarri ekin zion orduan orain gutxi estreinatu duten antzezlana gorpuzteari. Izan ere, umeari azaletik kontatzen zaion gaia da gerrarena, arazoan sakondu gabe, gudaren krudeltasunaz gogoetarik egin gabe. Hala, umearengan ere giza kontzientzia piztearren, mundu zabalean dagoeneko antimilitarismoaren oihua bilakatu den izenarekin bataiatu zuen Egiluzek obraren protagonista nagusia; Mambrú.
Taula gainean bi protagonista ari dira, bi soldadu; Mambrú eta bere adineko baina aurkako bandoan aritzea egokitu zaion beste neskato bat. Amarekin bakarrik bizi da Mambrú. Bat-batean, guda piztu eta borroka egin beharko du. Han ezagutuko du Mambrú-k etsaia, itxuraz berdintsua den neska gaztea. Apurka-apurka elkar ezagutuko dute, eta gerraren absurduaz jabetuko dira, armak utzi eta lagun eginez. 'Bizitza eta heriotzari garrantzia handia ematen zaio. Haurrei esaten diegu euren kabuz pentsatzeko, eta aurreiritziak gainditzeko. Neurri batean protagonistek egiten dutena egin dezatela', agertu du Egiluzek.
Eszenatokia 'hutsik'
Gudaren tragikotasuna mahai-gaineratzeko, hala ere, topikoetatik ihes eginez, eszenatokia hutsik agertuko da. Taularatzea minimalista da oso, aktoreez gain bi makila bakarrik erakutsiko dira. 'Pertsonaien arteko harremana oztopatuko ez lukeen eszenatoki garbiaren aldeko apustua egin dugu. Horrek aktoreak begi-bistako hutsune horiek beren barnetik ateratako emozioekin betetzera behartzen ditu. Haurrek egundoko irudimena dute, horregatik guk nahiago dugu iradokizun bat agertu eta beraiek gainontzekoa osatzea', dio Egiluzek. Izan ere, horretan datza Markeliñeren antzerkiaren magia; ideia sinple batetik abiatuta, gorputzarekin eta irudiekin adieraztea besteek testuarekin adierazten dutena.
Ana Meabe eta Ana Martínez dira protagonistak, Raquel Gil durangar diseinatzaile gazteak jantzi ditu pertsonaiak, eta David Otaegi eta Aitor Agorriak, berriz, gauza bera egin dute oholtzarekin, batak musika eta besteak argiztapena sortuz.
Egiluzek agertu bezala, arlo pedagogikoan askoz ere aurreratuagoak dauden Alemania eta Frantzia bezalako hiriek haurren antzerkigintza jorratzeko modu gogorra, sakona eta landua bere egin du talde bizkaitarrak: 'Haurrei ez zaielako soilik entretenimendua eskaini behar. Antzerkiak kode etiko batzuk bereganatzeko aukera eman behar die'.
Otsailaren laugarrenean Basaurin ariko dira, eta hamaikan berriz, Bilborock aretoan. Hilaren 15ean, aldiz, Europa mailan arras ezaguna den Gijoneko haurren antzerki azokan parte hartuko dute.
Errealitatearekiko konpromisoa
Bizitzea egokitu zaion lurralde eta garaiarekiko konpromiso sakona agertu izan du betidanik Markeliñe konpainia bizkaitarrak. Izan ere, egunerokoan gertatzen diren jazoeren isla bezala dakusate antzerkia aipatu taldeko kideek. Hala, ez da ez aurreneko aldia gudari buruz hitz egiten dutela. Izan ere, 1991. urtean, Armagedon-en azaleratu zuen lehenengo aldiz gudaren gaia talde zornotzarraren antzerki mutuak. Dena den, aipatu lana, Armagedon, helduentzat zuzendutako kale antzerkia zen. Zentzu horretan, Egiluzek gaineratu duenez, 'guk sentitzen genuen gogo eta beharra, guda abiapuntutzat hartuta, umeentzat zuzendutako lan bat egitearena zen. Giza konpromisoa haurrek ere izan behar dutela uste dugu'. Etorkinen auzia, adibidez, Aló Europa?-n azaldu zuten, eta langabeziari buruz aritu ziren La Garbo S.A. eta Kale Gorrian. Euskal Herritik kanpo arrakasta sonatua izan duen taldea da Markeliñe, eta maiz agertu dute etxean baino estimatuagoak sentitzen direla bertan. 1998. urtean, esaterako, FETEN saria lortu zuten, eta iaz, ostera, Estatu mailan sona handia duen Arte Eszenikoen Max Saria bereganatu zuten, Kartoi Biraka deitu lanarekin. Ordutik obra horren 350 taularatze eginak dituzte, eta aurten ere berau antzezten jarraitzeko asmoa dute taldeko kideek. Datorren martxoan, aldiz, Underground izeneko helduentzako antzezlana estreinatuko dute. 'Komedia garratza da, Ekialdeko herri bateko musika talde bateko kideen bizitza kontatzen duena hain zuzen', aurreratu du Egiluzek. 'Egoera latzean bizi diren hiru musikariren gorabeherak agertzen dira, bizirauteko xedez, Europa aberatsera bidaiatu eta, bertan, metroetan jotzen jardungo dutenak', gaineratu du. Oraingo honetan ere, arestian aipatu konpromisoari helduz, garatutako herrialdeetako kulturaren gaineko gogoeta egingo dute Markeliñe taldeko kideek.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.