_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Azken agurra

Munduan, behar bada, ez da ezer okerragorik bakarrik hiltzea baino. Jaiotzen garen egunetik konpainian bizitzen gara. Oso loturik gaude, horregatik, elkarri; eta besteei gertatzen zaiena, azkenik, guregana itzultzen da, duen onean eta daraman txarrean. Haien babesa behar dugu; eta haiek gurea, ezinbestean. Bizitza dela, pentsa daiteke, elkar elkarri lotzen gareneko tokia. Baina ez da hala, edo ez da beti hala izan. Bizitzak bere joan-etorriak ditu, bere atze-aurreak, bere alde-ifrentzuak. Dena okertzen eta zuzentzen da bizitzan, oroimenean ez bezala.

Oroimenaren gezurra aipatzen zuen, besteak beste, Sciasciak. "Dena zen gezurra, baita oroimena bera ere". Esan nahi zuen oroimena, bizitza ez bezala, etengabe berritu daitekeela, etengabe antzaldatu eta itxuratu. Oroimenak helburu zuzentzailea hartzen du, nolabait. Bizitzan egin ez dena, beldurraz edo lotsaz, bizitzan isildu egin dena, edozein delarik ere aitzakia, oroimenaren lurrean azaltzen da indarberriturik, pujak erakutsiz. Ezinezkoa da ahanztea; lehentxeago ala geroxeago berea dena eskatzen du oroimen orojakileak. Denboraren ubidean utzi diren oroitzapenek; zaborra balitz bezala, alde batera botata geratu diren oroimen puskek gure ametsen lasaitasuna hausten dute, birrintzen dute, txikitzen dute, bakearen ilusioa aienatzen.

Poesiak oroimena erakartzen du, amuak arraina erakartzen duen bezala, ahotik harrapatu

Ezarri daiteke amnistia; sekula ez, ordea, amnesia.

Semprunek badakielako hori, saiatu izan da bere bizitza osoan oroimenaren alde jokatzen. Maurice Halbwachs izan zuen Sorbonan irakasle, eta Buchenwalden presokide. Halbwachs Semprunen besoetan hil zen. Baudelaireren hitzak esan zizkion, lasaitze aldera: "Ô Mort, vieux capitaine, il est temps, levons l?ancre".

Poesiak gure bizitza normalean ez du, beharbada, ezertarako balio. Baina Buchenwald bezalako toki ilun eta hitsean (Buchenwald dioenak Auschwitz edo Kolyma dio) erakusgarri eta entzuteko gauza zen bilakatu, ez hitzak berez duen indarragatik, baizik eta hitzak berez duen oroimena erakartzeko ahalmenagatik. Buchenwalden poesia esaten zen: Ronsard, Apollinaire, Aragon eta Baudelaire, noski.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Oi Herio, kapitain zaharra, iritsi da denbora, jaso dezagun aingura...

Poesiak oroimena erakartzen du, amuak arraina erakartzen duen bezala, ahotik harrapaturik. Poesiak oroimena bizirik gordetzen du, norberaren barruan. Halbwachsek oroimen kolektiboa zertan zen erakutsi zion Sempruni, eta berau bizi osoan bere oroimenaren tenplua berreraiki nahian aritu zen, errenazimenduko arkitektoa balitz bezala.

Oroimena, izan ere, uholde moduan azal baitaiteke, ateak jo eta suntsituz, harresiak behera botaz, lurra berdinduz. Oroimenak aro berria ezartzen du. Lehenagokoa galdu egiten da, adinaren lanbro artean, eta berriak hartzen nagusitasuna.

Semprunen oroimen beti ere hazi eta garatuak oroitzapen pertsonalez haratago jo zuen, eta besteen oroimenaren aldean jarri zen, haiekin bizitakoa gogora ekarriz, sekula gehiago ahantz ez zedin. Bere buruarengandik besteenganako jira egin zuen, Baudelaireren poesia lagun.

Oroimenak, poesiarekin batera, errebeldeak egiten gaitu. Denboraren aurkako borroka latz eta galdutako honetan lagungarri zaigu, gure gorputzarentzako kokagune erosoa ematen baitigu.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_