_
_
_
_
_
Entrevista:MAITE AGIRRE | Antzezle eta Max sariaren irabazlea | Gaiak

"Eguneroko teatroa salatzea da antzezleon zeregina"

Fruita kaxen artean girotutako Neska politak, artasoro alaiak antzezlanari esker, Dagoll Dagom taldearen sorreran parte hartu zuen Maite Agirre (Zarautz, 1955) antzezle gipuzkoarrak sagar itxurako Max saria lortu berri du euskarazko antzerkigile onenaren kategorian.

Galdera. Max saria hartzean, non zegoen fruta-kamioitik sagarrak harrapatzen ibiltzen zen txikitako Maite Agirre hura?

Erantzuna. Egia da, txikitan fruta-kamioitik zintzilikatuta ibiltzen ginela, ea sagarren bat harrapatzen genuen zakuaren zulotik. Ez genuen egiten sagarra ohosteagatik, baizik eta erronka gainditzeagatik. Seguraski teatroan antzera jokatzen dugu, beti arriskuan, beti zintzilik, ea sagarra lortzen dugun.

"Dagoll Dagomen aritu eta gero ohartu nintzen garrantzitsua zela niretzat sustraiak berreskuratu eta ikasitako guztia nire kulturarekin txertatzea"
"Gure gizarte honetan kolore, azentu eta kantu diferenteak daudela adierai nahi dugu, eta horiek guztiak barneratu eta onartu behar ditugula"

G. Noiz sentitu zenuen antzerkiaren bokazioa?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Txikitan, txapel handiak zeritzen mojen kolegio batean ikasi nuen, eta teatroa egitera animatzen ninduten behin eta berriz, baina nik ezetz esaten nien. Bartzelonara iritsi nintzenean, lagun batzuek esan zuten teatro talde bat sortu nahi zutela, eta nik ere parte hartu nahi nuela esan nien. Horrela hasi nintzen Dagoll Dagomen.

G. Zer dela eta joan zinen Bartzelonara?

E. Franco hil eta gutxira joan nintzen, Psikologia ikasteko asmoz. Bestela, Valladolidera joatea tokatzen zitzaidan, eta ez neukan batere gogorik hara joateko. Hiru urte geroago, itota sentitzen hasi eta mundua ezagutzera joan nintzen. Frantzian egon ondoren, Italia aldera joan nintzen, eta han Domus de Jana taldea sortu eta bidaiak egiteari ekin genion etengabe.

G. Eta 1985ean, etxera itzultzea erabaki zenuen.

E. Garai hartan, teatro munduan murgilduta bizi nintzen buru-belarri, eta Italian nengoela, Poloniako talde batzuk ikustean konturatu nintzen oso garrantzitsua zela niretzat sustraiak berreskuratzea eta ikasitako guztia nire kulturarekin txertatzea. Bide batez, unibertsitateko ikasketak amaitzea erabaki nuen, baina Psikologia bukatu beharrean, Filosofia egin nuen.

G. Zure deiturarekin jolas eginez, Agerre Teatroa taldea sortu zenuen, "basoko argiune batean egindako teatroa" azpititulu eta guzti.

E. Hasieran, Maite Agirre Kolektiboa esaten ziguten, eta beste izen egokiago bat asmatzen hasi ginenean, Oteizaren eraginez edo, Agerre horrek halakoxe energia berezia ematen zigula pentsatu genuen. Handik gutxira, Madrilen, Agerre horrek zer esan nahi ote duen galdetu zidaten, eta nik esandakoa aintzat hartuta, programetan "Agerre Teatroa o teatro en un claro del bosque" idatzi zuten. Liluragarria iruditu zitzaidan.

G. Sorginetik zeozer izan behar al du benetako aktoreak?

E. Sorginak magiarekin, gauarekin eta gauean gauzak ikusteko dagoen ilargiaren argitasun bereziarekin lotuta daude. Teatroan ere argilunak eta ilargia imitatzen duten argiak erabiltzen ditugu. Alde horretatik, badago lotura bat. Eta sorginak aipatu ditugunez, gogoratu nahi dut, ekainaren 28ean, sorgin ospetsu bati eskainitako antzezlana taularatuko dugula Donostiako Antzoki Zaharrean: Puta zahar alkauete Zelestina. Hortxe arituko gara gure magia erakusten antzokiko ilunpean, trikitixaren doinuz lagunduta.

G. Sorginak bezalaxe, arte eszenikoetan zabiltzatenok baztertuta sentitzen al zarete?

E. Lanbide hau oso berezia eta gogorra da. Askotan bai, bazterrean bezala sentitzen zara, eta aurrera jarraitzen duzu, nolabait teatroaren arima horren kontra jotzeko. Nire ustez, eguneroko bizitzan teatro asko egiten da, eta seguraski teatroa artifizio hori salatzeko asmatu zen. Nolabait esanda, teatroa teatroaren kontra egiten da, errealitatearen mamia piska bat erakutsi edo sentiarazteko asmoz.

G. Max saria eskuratu dizun antzezlanean ere bazterkeria ageri da etorkinengan pertsonalizatuta.

E. Ikuskizun honen bitartez zera proposatzen ari gara, gure gizarte honetan kolore, azentu eta kantu diferenteak daudela eta horiek guztiak barneratu eta onartu behar ditugula. Euskaldunok harro jokatu behar dugu gure kulturarekin, baina irekiak izan behar dugu beste kulturen aurrean; eta nik uste dut Euskal Herrian halakoxeak garela.

G. Zer arrisku eta zer abantaila ikusten diozu Max sariari?

E. Arriskutsuagoa zen txikitan sagar hura harrapatzen ibiltzen ginenean. Seguraski, Max sariaren sagarraren ondoren, gauza onak etorriko dira, baina ez dugu ahaztu behar eguneroko lana dela sagarrak eta gainerako gauza onak ekartzen dituena.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_