_
_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Azokatik osteratxoa

Liburu deskatalogatuak bilatu, autografoak eskatu edo literaturaz hitz egiteko aukera

Lau pauso eman orduko poltsa bete paper duzu. Egutegiak eta eranskailuak batez ere, baita inguruan merke bazkaltzeko gomendioak ematen dizkizuten hamaika foileto ere. Bazkaltzeko ez dakit, baina azokan bertan ez galtzeko gomendioak baino gehiago behar nuke. Eguerdian berriz ez etortzeko proposamena egiten diot nire buruari urtero, baina azkenean jende gehien dabilenean sartzen naiz beti. Zorionez, kale bakoitzari izen propioa jarri zioten orain urte batzuk antolatzaileek eta horri esker errazagoa izaten da momentu bakoitzean non zauden jakitea.

Zortzi pauso aurrerago, lehen aurpegi ezaguna. Betaurreko borobilen atzean haurtzaroko distira galdu ez duten begi txikiak ezkutuko altxorren bila ari dira, milaka ale saltzen dituzten lanen artean. 'Postu atipikoetan holako gauza erdi deskatalogatuen arteen bila ibiltzea gustatzen zait', dio haur bizardunak, Natxo de Felipe musikariak.

Eta horixe da harrigarriena: oraindik ez duela harritzeko gaitasuna galdu, nahiz eta hogeita hamar urtetik gora daramatzan Durangora hutsik egin gabe etortzen. Horretaz gogoratu denean etengabe hasi da hizketan. 'Elizako atarian egiten zen. Lagun koadrila bat elkartzen ginen'. Orain, berriz, azoka 'masifikatu' egin da eta hori 'kontsumoarentzat ona' izan daitekeela aitortzen du Oskorriko abeslariak, 'edo argitaletxeek hala esango dute behintzat'.

Pare bat stand harantzago masifikazioaren zehar kalteak jasaten ari da beste Mikel Urdangarin. Aurpegia gorri-gorri eginda, diskoa sinatzen ari zaio neskato bati. 'Zelan duzu izena', galdetu dio. Eta hark erantzun dio: 'Amaia'.

'Txikitatik etorri naiz', esan dit kantariak, 'azken urteotan gauzak aldatu egin dira; ez da berdina pertsona anonimo lez etortzea edo begiak zure gainean sentitzea'. Hala ere, bereari eusten saiatzen da. 'Pertsona lez etortzen naiz, azken finean hori gara eta'.

Euroaren sorrera dela eta guztiok aztoratuta gabiltzan sasoi honetan, badirudi Mikel Urdangarin txanponik ez zegoen garaietara itzuli nahian dabilela, disko eta liburuak erosi beharrean sarritan 'trukaketak' egiten dituela aitortzen baitu. 'Lagun ditudan idazle eta musikariekin egiten dut: diskoa liburu truk, edo diskoa disko truk'.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Baina Durangoko azoka ez da saldu eta erosteko leku hutsa. Literatura eta musikaz solasean aritzeko aukera ematen du noiz edo noiz, baldin eta solaskide aproposa aurkitzen baduzu. Halako batean Harkaitz Cano ikusi dut Goikokaleko kantoian. Poema liburu on batek 'arrantzaleek deskargatzen dituzten arrain kaxak bezalakoa' izan behar duela esan dit. 'Bai hala da batzutan izotzarekin oraindik ere itsasotik atera berri, elikagai freskoa; bestela, arrain ustelduekin', argitu dit. 'Poema liburu on batek zerbait sortarazi behar dizu: berarengana gauzi egiteko gogoa edo berarengandik korrika ihes egiteko gogoa'.

Arraina eta poesiaren arteko harremanaren kontu hori burutik kendu ezinik abiatu naiz gainezka dagoen beste kale batetik.

'Euskadi Saria' dioen kartelaren ondoan Ramon Saizarbitoria ari da liburuak sinatzen bere irakurleei. 'Gutxi dira, baina oso onak', dio irribarre maltzurraz. 'Errito hauek' profesionaltasunez eramaten ditu. 'Liburuak argitaratzea abentura ekonomikoa ere badenez, moralki behartuta gaude editorialaren erantzunkizunei obeditzera'.

Eztabaida txikia

'Ez dut sinesten hau denik literaturari egiten zaion erantzun naturala', jarraitu du Saizarbitoriak, 'gaizki sentitzen dut nire burua'. Azokaren kokapenaz ere zalantzak ditu, nahiago bailuke Bilbon egitea, 'horrela Bizkaiko hiriburua ezagutzen ez duten donostiar askok ezagutuko lukete eta urbanoagoa izango litzateke azoka'.

Handik hamar metrora Harry Potter-en liburu berria sinatzen ari Iñaki Mendiguren itzultzailea. Bera ere 'jendetzatik ihesi' ibiltzen den arren, ez du uste masifikazioa eta kultura bateraezinak direnik. 'Alderantziz, horri esker liburu gehiago saltzen badira eta haurrek irakurtzen badituzte, ona izango daiteke'.

Azken esfortzua eta irteerara iritsi naiz.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_