Reportaje:Gaiak

Ipuin onen iraultzailea

200 urte bete dira Bizenta Mogel hil zela, lehen emakume idazle euskalduna

Zazpi egun geratzen ziren Bizenta Antonia Mogel Elgezabalek 72 urte bete zitzan, baina 1854ko ekainaren 29an, euskal literaturako lehen emakume idazlearen bihotza betiko gelditu zen Abandoko bere etxean, Bilbotik kilometro gutxi batzutara. Asteartean, 150 urte beteko dira, hortaz, Bizenta Mogel hil zela, baina euskarari eusteko egin zuen ahaleginaren ondorioz, ohorezko tokia bereganatu du euskal literaturaren historian.

Bizenta Mogel Azkoitian jaio zen 1782an, Ilustrazioarekin eta Euskal Herriko Adiskideen Elkartearekin lotutako familia euskaltzale baten baitan. Garai hartako usadioei k...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Zazpi egun geratzen ziren Bizenta Antonia Mogel Elgezabalek 72 urte bete zitzan, baina 1854ko ekainaren 29an, euskal literaturako lehen emakume idazlearen bihotza betiko gelditu zen Abandoko bere etxean, Bilbotik kilometro gutxi batzutara. Asteartean, 150 urte beteko dira, hortaz, Bizenta Mogel hil zela, baina euskarari eusteko egin zuen ahaleginaren ondorioz, ohorezko tokia bereganatu du euskal literaturaren historian.

Bizenta Mogel Azkoitian jaio zen 1782an, Ilustrazioarekin eta Euskal Herriko Adiskideen Elkartearekin lotutako familia euskaltzale baten baitan. Garai hartako usadioei kontra eginez, garaiko etxeko andre bati zegozkion zereginetatik harantzago jo zuen, kultura zabaleko emakumea bihurtu arte.

Halaxe aitortu zuen Ipui Onac liburuaren atarikoan: "Zortzi urte nituenean, ecusiric nere neba edo anaia icasten asi zala gure osabarequin latiñezco izquerea, jarri citzatan buruan icasi bear nuela nic ere". Duela zehazki 200 urte plazaratu zuen liburu hura Bizenta Mogelek , osaba Joan Antonio -Peru Abarca eleberri ezagunaren egilea- hil baino hilabete batzuk lehenago, alegia.

22 urte besterik ez zituen euskaraz argitaratutako lehenengo alegia-liburua osatu zuenean. Hitzaurrean, ageri-agerian utzi zuen belaunaldiz belaunaldi igorritako herri tradizioko ipuinek haurtzaroan sortarazi zioten lilura; eta baserritarren behialako pentsamolde mitologikoa ere islatu zuen esaldi honetan: "Esan oi dute ero eroric necazari batzuec, anciñaco egunetan itzquetan cequitela chacur, catu, aiceri, otso, ardi, ta ipuietan ateratzen diran abere naiz egaztiac".

Alabaina, eredu moralak bilatzeko orduan, Bizenta Mogelek Esopo idazle greko handiaren 50 alegia biltzea erabaki zuen, Erromantizismoaren aurreko garai hartako joerari jarraituz.

Ipui Onac da, bestalde, emakume batek euskaraz idatzitako lehendabiziko liburua. Ildo honetan, Bizenta Mogelek Erdi Aroko hileta-elizkizunetarako hildamuzko kantuak asmatzen zituzten Santxa Otxoa Ozetako, Milia Lasturko, Santxa Hortiz eta beste andre batzuen lekukoa hartu zuen zuzenean, Ilustrazioaren positibismoa euskal letretara ere zabaltzeko asmoz.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Esoporen alegiak argitaratu eta berehala, familiaren Markinako etxea utzi eta Abando aldera joan zen bizitzera, Eleuterio Basozabal senarrarekin batera. Abandok ez zeukan gaur egungo auzoaren antzik. Nekazaritza giroko herri lasaia zen XIX. mendearen hasieran, Bilboko portu-giro burges eta kosmopolitari bizkar emanez bizi zena.

Seguraski, Bizenta Mogelen portaera ez zen etxe oneko andre batengandik espero zitekeena, eta baliteke, Abandon bertan bizi zen Jose Paulo Ulibarri politikari eta kultur eragile arabarrekin izandako solasaldi luzeek esames ugari sortzea auzokoen artean. Euskararekiko konpromezutik aldendu ezinik, Bizenta Mogelek Gabon-kanta batzuk konposatu zituen garai hartan, bai eta Toledoko Luis Borbon kardinalaren idazki baten euskarazko itzulpena ere, Bilbon argitaratu zena.

Archivado En