Reportaje:Gaiak

Ezagutzaren makineria

Ikasmaterialen produkzioa atal estrategikoa da euskaraz diharduten argitaletxeen sektorean

Azken egunotan eskolara itzuli diren ikasleek aurten ekoiztu diren 350 edo 400 euskarazko ikasmaterial berrirekin egingo dute topo. Testu-liburuek pisu handia dute hizkuntza horretan diharduten argitaletxeen katalogoan gaztelaniazkoen alderatuz gero. Zehazki, testu ez unibertsitarioek euskaraz egindako urteko fakturazioaren %65 inguru bereganatu zuten 2005ean -gaztelaniaz portzentaia hori %34,9koa izan zen-, Euskadiko Editoreen Elkarteak urte horretan argitaratu zuen Euskadiko Edizioari buruzko Txostenaren arabera -orain arteko berriena-. Sektorearen egoera, ordea, ez dira zifra horiek islatze...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Azken egunotan eskolara itzuli diren ikasleek aurten ekoiztu diren 350 edo 400 euskarazko ikasmaterial berrirekin egingo dute topo. Testu-liburuek pisu handia dute hizkuntza horretan diharduten argitaletxeen katalogoan gaztelaniazkoen alderatuz gero. Zehazki, testu ez unibertsitarioek euskaraz egindako urteko fakturazioaren %65 inguru bereganatu zuten 2005ean -gaztelaniaz portzentaia hori %34,9koa izan zen-, Euskadiko Editoreen Elkarteak urte horretan argitaratu zuen Euskadiko Edizioari buruzko Txostenaren arabera -orain arteko berriena-. Sektorearen egoera, ordea, ez dira zifra horiek islatzen dutena bezain oparoa, bertan diharduten profesionalen arabera. "Gure industriak mugitzen duena gauza bat da; eta gelditzen den etekina, beste bat", laburbiltzen du Ibaizabal argitaletxeko editore Sabin Gorrotxategik. Haren kalkuluen arabera, ekoizten diren ale guztien "herenak" besterik ez dira saltzen. "Aipatzen diren zifrak produkzioari dagozkio, baina salmentak txikiagoak dira".

"Liburuen maileguaz, editorialen eta denden salmentek behera egingo dute"

Euskarazko testu-liburuak ekoizten dituzten argitaletxe gehienen antzera, talde handiago baten babespean ari da argitaletxe hori -bere kasuan, Edelvives-, baina berariazko materialak ekoizteko "independentziari eutsiz", bere ordezkariak nabarmentzen duenez. "Urte txarrik izanez gero, taldetik laguntza jaso genezake, ez daukagu zertan bankura jo", erantsi du. Santillana-Zubia argitaletxeko ordezkari bat ere bat dator iritzi horrekin, talde handi baten baitan aritzea "erronka handia" ere badela zehazten badu ere, "gainerako materialen mailara" iritsi beharra dagoelako. Ildo horretan salbuespen nagusia Ikastolen Federazioarentzat materialak ekoizten dituen Elkarlanean argitaletxea da.

Sektoreak dituen arazo nagusiez galdetuta, testu-liburuak mailegatzeko proiektua aipatzen dute argitaletxeetako ordezkariek. "Arazo larri bat daukagu gainean: doakotasuna", dio kezkaturik Giltza-Edebeko editore Miren Agur Meabek. "Liburuak eskurik esko mailegatuko dira ikastetxeetan eta argitaletxeen salmentek behera egingo dute, baita liburu-denda arruntetakoek ere", argudiatu du.

Iritzi horrekin bat dator Aneleko (Espainiako Liburu eta Ikasmaterial Editoreen Elkartea) lehendakari José Moyano. "Ikerketa bat enkargatu dugu neurri horiek izan dezaketen eragina neurtzeko eta orain arte aurreratu dizkiguten datuen arabera, gainera datorkigun eszenatokia ez da batere positiboa", ohartarazi du. Deustuko Unibertsitatea ari da txosten horretaz arduratzen, eta urrian zehar dira lanaren emaitzak aurkeztekoak.

Aneleko arduradunaren iritziz, negozio-bolumena ehuneko 75 inguru jaitsi liteke aipatutako neurriek aurrera eginez gero. "Euskadin ari diren enpresa gehienak Espainiako talde batekin elkarlanean ari dira eta euskal hiztunez osatutako zuzendari-taldea dute. Zaindu beharko litzatekeen erantzunkizuna hartu da, ez baita gauza bera produktua Madriletik edo bertatik egitea. Errentagarria den bitartean izango da bideragarria apostu hori", erantsi du.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Euskarazko ikasmaterialek duten garrantziaz jabeturik, horien sorkuntza eta promozioa diruz laguntzen du Hezkuntza Sailak Eima deritzan programaren bitartez. Aurtengo deialdian bi milioi laurehun eta berrogeita bost mila euro bideratu dituzte helburu horretarako, ia erdiak material inprimatuak ekoizteko.

Sarearen erronka

Urte batzutan, behintzat, paperak hezkuntzaren oinarrizko erreferentzia izaten jarraituko omen du. Hala ere, euskarri informatikoek gero eta pisu handiagoa dute, testuen material osagarri gisa batez ere. "Arlo horretan euskara sartzearen inguruan, esan dezakegu, gure muga guztiekin ere, itzelezko ahalegina egiten ari garela euskara gainerako hizkuntzen mailan egon dadin", adierazi du Zubia-Santillanako ordezkariak.

Geroa gogoan, Interneten erabilgarri izango diren material berriak sortzea da erronka nagusietako bat. Horien bidez, ikasle edo irakasleen arteko elkarreragina susta daiteke, leku berean ez badaude ere.

Esparru horretan Elhuyar Fundazioak egin du lanik handiena. Zientzia alorrean espezializatua, edizioak taldearen %10 inguru besterik ez du bereganatzen. Ekoizten dituen materialak ez dira testu-liburu klasikoak, ikasmaterial osagarriak baizik. Sareari dagokionez, euskara-gaztelania hiztegia eta zientzia.net atari espezializatuaz gain, ikasleen-tzako unitate praktikoak lantzen ditu, zientziari buruzko jakingarriak irakastea xede duten joko interaktiboak, alegia.

Oraingo joerak iraunez gero, sareak liburuari lekua kenduko diola uste du Elhuyar Fundazioko Edizio Saileko arduradun Lurdes Ansak. Hala ere, material birtualek ez omen dute papera ordezkatuko. "Ziur asko urte batzuk barru liburu jakin batzuk ez ditugu erosiko, informazio hori hainbat hizkuntzatan egongon delako Interneten eskuragarri", azaldu du.

Eduki birtualak garatzeko arazo nagusietako bat sarearen doakotasuna da, inor gutxik onartzen baitu Interneten informazioa eskuratzearen truke ordaintzea. "Horrek esan nahi du oso ondo pentsatu beharra dagoela zer pauso ematen duzun", gehitu du Elhuyarreko ordezkariak. "Egia esan oso konplikatua da hor sartzea, gure merkatua oso mugatua baita".

Archivado En