Gaiak

Trikitria

Herriko auzunetatik jaisten ziren, Martirietatik eta Urrategitik, Santa Klaratik eta Madariagatik. Gehienak baserritarrak izanik, ez zirenaz jantzita jaisten ziren, alegia kaletarrak baserritarrari buruz duen irudiaz, gaur egun Santo Tomas egunean kaletarrak baserritar nahian janzten diren bezala. Brusa arraiadunak, praka beltzak, abarkak, txapela... Alai jaisten ziren, irribarrea ezpainetan; arin jaisten ziren, binaka eta hirunaka. Soinu txikiaren doinuak erakusten zuen nondik nora zebiltzan, hurbiltzen ote ziren ala urruntzen bestela. Ez baitzen haien mugimendua aldez aurretik antzematen err...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Herriko auzunetatik jaisten ziren, Martirietatik eta Urrategitik, Santa Klaratik eta Madariagatik. Gehienak baserritarrak izanik, ez zirenaz jantzita jaisten ziren, alegia kaletarrak baserritarrari buruz duen irudiaz, gaur egun Santo Tomas egunean kaletarrak baserritar nahian janzten diren bezala. Brusa arraiadunak, praka beltzak, abarkak, txapela... Alai jaisten ziren, irribarrea ezpainetan; arin jaisten ziren, binaka eta hirunaka. Soinu txikiaren doinuak erakusten zuen nondik nora zebiltzan, hurbiltzen ote ziren ala urruntzen bestela. Ez baitzen haien mugimendua aldez aurretik antzematen erraza. Goitik behera eta behetik gora ibiltzen ziren, jira eta buelta egiten zuten, orain ezkerraldetik orain eskuinaldetik, zirkuluan beti, baina bera ixteko gogorik gabe, eta erdiraino iristeke, noski; erdian, izan ere, plaza baitzegoen, Azkoitiko plaza zabal eta ederra. Biltokia.

Mutikok ginen, orduan, mutiko belaun-gorri, galtzamotz, mutiko begi-luze, esku-labur, herriko mutiko natural-naturalak, alegia xanoak. Hain berri gutxi gertatzen zen herrian, igandeko pelikula besterik ez, harritzekoa ez zen trikitilarien bila ibiltzea haien soinu arin, luze eta mehea entzun orduko. Atzetik ibili nahi genuen segizio zaratatsu, trumoitsu eta zarpailtsuan, baina ez genuen asmatzen. Izan ere, trikitilariek beren logika, beren arrazoia, beren xedea zuten, guk ulertu ezin, hobe esanda, guk sumatu ezin genuena. Haiek, kalez kale bazebiltzan ere, ez zuten jotzen guk nahi genuen bidetik. Beste mapa bat zuten, beste marrazki bat lurraren gainean, beste zehaztasuna. Ez genekien zergatik egiten zuten ibilbide hura. Halako batean, ordea, gutako batek, eskolan azkarrena ausaz, esan zuen:

-Enarak! Enarak ziruditek!

Zerura begiratu genuen eta enarak ikusi, hantxe, hega-hegaka, airean barrena zilipurdika.

-Enarak! Enarak ziruditek!

Baina enarek ez ziruditen enara ez txori, soinu txikia baino. Zabaltzen ziren hegan doi, eta gero barreiatzen. Eta zerua doinuz zen betetzen, dozenaka musika-tresnak bertan joko balute bezala.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

-Adi, mutilok. Hemen dituk trikitilariak!

Soinua zuten aitzindari; soinua, enbaxadore ahalguztidun; soinua, bide egile. Zain egoten ginen kale-kantoian, lurrean eserita gehienetan, edo bizkarrak harrizko paretaren bati emanak eta josiak, jauretxe bateko aurrealdean beharbada, Ameriketatik etorritakoren baten etxe dotore eta sendo baten aurrean, seguru asko, geldi eta so, noiz igaroko musika-egileak. Eta batzuetan, gu zain egonagatik, haiek ez ziren igarotzen espero genuen tokitik. Soinuak, gurekin topo egin nahi ez balu bezala, beste norabidea hartzen zuen, guztiz kontrakoa. Bira eginda, atzera lehendik zetorrenetik joaten zen.

Halaxe ibiltzen ginen, ezkutaketan bezala. Gu haiek ikusi nahian eta haiek, berekoiak halakoak, gutaz ardurarik gabe. Soinua genuen, ordea, zelatari; soinuak adierazten zigun ez zirela herritik, gure mundu txiki eta neurrikotik artean atera; soinuak esaten zigun zirkuluak marrazten ari zirela. Enarak bezala, beren txinta nabarrez, beren hegaldi atzeman ezinez, beren txio zorrotzez, beren sabel zuriez.

Azkenik, etsi plantatan, plazara joaten ginen, soinua ere haraxe zihoala aditurik. Plazan biltzen baitziren herriko trikitilari guztiak, emanaldia eskaintzera. Ez zuen, ordea, gehiegi irauten. Trikitia ez zitzaien geldi jotzeko egokia iruditzen. Berehala sumatzen genituen artega, egonezin, kirioak airean, egiten ari zirenaz zalantzaz beterik. Arin jotzen zuten, arin joaten ziren fandangoak eta bestelakoak, arin mugitzen zituzten soinuak eskuetan, orain zabalduz orain itxiz, poz eta zorion giroan. Gero, jendea agurtu ondoren, bideari ekiten zioten eta berriro hasten ziren jira eta buelta egiten, gora eta behera ibiltzen, ezkerraldetik eskuinaldera joaten, bazterretik bazterrera.

Soinuak gure belarrian egun guztian irauten zuen. Trikitilariak, binaka eta hirunaka, herritik abiatu eta auzunetara joanda ere; enarak beren habietan gordeta ere. Mutikoak ginen, zeruko gertaeren eta lurrekoen aretan loturaren bat bazegoela sinestunak. Musika maite genuen, ez gaudenera eramaten gintuelako.

Archivado En