Reportaje:Gaiak

Literatura eta hiriak

Gabriel Arestirekin hasi zen jada nabaria den euskarazko letrak hiritartzeko prozesua

Mendebaldeko kulturan, modernitatea eta hiria (zehazki, kultura hiritarra) besarkaturik abiatu ziren. Bata bestearen akuilu. Bide honetatik, baserri giroari eta tradizioari gartsuki uztarturik loraturiko euskal literaturaren eraberritzeak hiritartzea izan zuen lehentasun eta erronka nagusi. Hasiera batean, euskararen hiriratzea (ez hiritartzea) aldarrikatu zen: XX. mendearen lehen herenean jada Lizardik berak euskara "noranaikoa" nahi zuela adierazi zuen, eta ez soilik "hizkuntza larrekoa". Gero, literatur lanak hiriguneetan kokatu ziren, baina baserri giroarekiko aldea nabarmentzeko. XX. mend...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Mendebaldeko kulturan, modernitatea eta hiria (zehazki, kultura hiritarra) besarkaturik abiatu ziren. Bata bestearen akuilu. Bide honetatik, baserri giroari eta tradizioari gartsuki uztarturik loraturiko euskal literaturaren eraberritzeak hiritartzea izan zuen lehentasun eta erronka nagusi. Hasiera batean, euskararen hiriratzea (ez hiritartzea) aldarrikatu zen: XX. mendearen lehen herenean jada Lizardik berak euskara "noranaikoa" nahi zuela adierazi zuen, eta ez soilik "hizkuntza larrekoa". Gero, literatur lanak hiriguneetan kokatu ziren, baina baserri giroarekiko aldea nabarmentzeko. XX. mendearen azken herenera arte Euskal Herriko hiriak ez ziren euskal literaturan literaturagai eta gogoetagai izan.

Poesian, Aresti izan zen Euskal Herriko hiri bat kokagune ez ezik literaturagai eta hausnarketagai bilakatzen lehena. Eleberrian, ostera, Saizarbitoria izan zen lehena. Batak, Bilboko hiria bildu zuen poesiara; besteak, Donostia hiria bildu zuen eleberrira. Gasteizeko hiria ipuingintzan bihurtu zen lehen aldiz gogoetagai eta literaturagai, hain zuzen ere, Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak (1997) ipuin-bilduman. Gainerako hiriak hainbat literatur lanetako kokagune izan badira ere, ez dira literaturagai edo gogoetagai bilakatzera heldu.

Gabriel Aresti, Mikel Zarateren poema baten irudiari jarraituz, "hizkuntza urbanoaren / sortzaile taldeko / mailukari" dugu. Arestik ez zuen alperrik baieztatu !poesia / mailu bat / dela". Poesia lanabes eta tresna aldarrikatzearekin batera, euskararen eta euskal kulturaren hiritartze lanetarako ibili eta erabili zuen, harriaren zikloaren lelopean ezagutu ohi diren poema-liburuetan (Harri eta herri, 1964; Euskal Harria, 1967; Harrizko herri hau, 1970; Azken harria 1979). Poema horietan mailuari loturiko Bilbo hiriaren irudi jakin bat helarazten da: hiri industriala eta langile-hiria. Horregatik, "Zorrotzako portuan aldarrika" dago Aresti poeta.

Bide beretik, hizkuntzaren eta kulturaren ikuskera garbizalearen aurrean euskara klaroa (eta ez garbia) eta kultura hiritarra (eta ez baserritarra) eginez dihardu. Honenbestez, kultura hiritarra eta euskara klaroa aldarrikatu ez ezik jardunaren jardunaz hiritartasun hori ekin, egin eta sortu zuen.

Aresti mailukari eta ekilearen aurrean, Ramon Saizarbitoria eleberrigilea behatzaile eta ikusle dugu, eta jarrera horretatik bilakatu du Donostia hiria Ehun metro (1976) eleberriaren unibertso literario. Dena dela, behatzaile jarrera horrek badu norabide jakinik, eleberriaren espazio oro erdigune baterantz zuzendurik dagoelako: Konstituzio plazarantz. Eleberri honetan plaza hauxe da Donostiaren bihotza, donostiarren taupaden eragile. Honela, gune hori ikuskizunetarako espazio gisa irudikatu da eleberrian, eta ondorioz, donostiarrei ikusle jarduera eman zaie: iraganean, zezen plaza zen gunea, eta eleberriaren orainean, ihesi doan militantearen hilketaren agertokia. Saizarbitoriak ere euskara hiritartzen asmatu zuen, besteak beste, Donostia hiriaren egoera diglosikoa agerikoa eginez.

Idazle hauetariko bakoitzak Bilbo eta Donostia hirien irudi jakin bat eratu zuten. Arestik Bilbo langile-hiri irudikatu zuen, eta Saizarbitoriak Donostia ikuskizun-hiri. Ziur asko, irudi hauekiko solasean abiatu (eta abiatuko) dira euskal literaturaren ondorengo lanak. Horra hor adibide bat, Sonia Gonzalezen Ugerra eta kedarra (2003) eleberria. Besteak beste, Arestirekin eta Atxagarekin solasean eman du Bilboren irudi berria. Batetik, Atxaga besotik hartu eta herdoilez estali du Bilbo, eta bestetik, Aresti besotik hartu eta Zorrotzara eraman du pertsonaia nagusia. Baina, Zorrotza eleberri honetan fantasmagoria da, zentzuaren hutsaz osaturiko espazioa.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

XXI. mende ataria

Azken urteetan euskal hiriek jasandako aldaketek izan dute eraginik hainbat literatur lanetan eraturiko hiriguneen nolakotasunean. XXI. mende atariko Donostia eta Bilbo aisirako guneekiko harremanetan irudikatu dira azken literatur lanetan. Donostiaren inguruko hausnarketa literario berria Saizarbitoriak berak proposatu du Rossettiren obsesioa (2000) eleberrian. Bertan, Ehun metro-k eraturiko Konstituzio plazaren espaziotik urrundu eta Kursaal eta Victoria Eugenia arteko espazioa bilakatzen da mintzagai. Pertsonaia batek dioen bezala, "Donostia ez da garai batekoa, donostiarrok ikusi nahi ez duzuen arren. (...) Gainera, Kursaalak Victoria Eugenia jan du". Nolabait, eraldatuz doan hiriaren irakurketa literarioa proposatzen da. Honela, Ehun metro eleberrian ikuskizunetan oinarrituriko gizartea irudikatu bazen, Rossettiren obsesioan aisialdiaren inguruko espazio eta hizketaldietan kokatzen dira pertsonaiak. Aisialdia oinarri duen gizartea eta hiria irudikatzen dira. Zehazki, antzoki, areto eta jauregien inguruko aisialdia.

Sonia Gonzalezek, halaber, Arestik irudikaturiko industrialde eta langile-hiriaren aldean, kale eta taberna zuloetako aisialdian erroturiko Bilboren irudia osatu du. Dena den, tabernetako aisialdiak gidatuko du hiri honen irudia, ez areto eta antzokietakoa. Oraindik ere, Guggenheim museoaren hiriaren eta espazioaren hausnarketari helduko dion literatur lanetan umezurtz da euskal literatura.

Archivado En