Tribuna:

Jaungoikoak guarda MATIAS MUJIKA

Egia esan, lapitza luzeegi zorrozten ibili denaren sentsazio lastimagarria gaintzen ari zait: makila muturtxoa ahitu eta aurki behatz mamietan hasiko ote naizen beldurra; baina EL PAÍSek leku hau eskaini baitit eta Luis María Ansónek, nireak aintzat hartuta, bota dituenak ikusita, iruditzen zait zerbait esan beharrean nagoela. Gustatu zaio nirea don Luisi, agidanez, eta hortaz bide eta haize ematen dio, eman ahala, bere buruari joan den 22ko La Razón-en. Jaungoikoak guarda nazala adiskideetatik, etsaietatik neroni guardatuko naiz eta. Ez: La Razón-ena nire iritzien karikatura lastimagarria da...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Egia esan, lapitza luzeegi zorrozten ibili denaren sentsazio lastimagarria gaintzen ari zait: makila muturtxoa ahitu eta aurki behatz mamietan hasiko ote naizen beldurra; baina EL PAÍSek leku hau eskaini baitit eta Luis María Ansónek, nireak aintzat hartuta, bota dituenak ikusita, iruditzen zait zerbait esan beharrean nagoela. Gustatu zaio nirea don Luisi, agidanez, eta hortaz bide eta haize ematen dio, eman ahala, bere buruari joan den 22ko La Razón-en. Jaungoikoak guarda nazala adiskideetatik, etsaietatik neroni guardatuko naiz eta. Ez: La Razón-ena nire iritzien karikatura lastimagarria da, lizun usainez eta zoko usainez betea. Eta tristea iruditzen zait orain batek baino gehiagok esan ez dudanagatik harrikatuko nauela pentsatzea. Dena den gauza bat behintzat ezin utziko dut pasatzen ezer esan gabe, neure-neure ahoan jartzen baitit: nazionalismoaren hizkuntz eta kultur politika gustatu ala ez gustatu (eta niri, hori egia da, ez zait gustatzen), politika hori ez dago, don Luisek ahoan jartzen didan moduan, "Koakzioz, armaz, indarkeriaz eta terrorez inposatua". Ez: beste zerbaitek inposatzen du politika hori: hain zuzen ere Euskal Herriko jendeak behin eta berriz alderdi nazionalistei boto emateak besteak beste horixe egin dezaten. Hots: politika erabat legitimoa da. Politika ergela, nahi bada. Nire iritzian behinik behin bai. Baina legitimoa. Diferentzia gogoangarria. Diferentzia funtsezkoa. Hori esanik, beharbada defendatu edo errepikatu behar nuke nire ikuspuntua: zergatik iruditzen zaidan hain eroa, alegia. Nire ustez euskararen problema gure gizartean minorien tratamenduko problema da. Lotsa pixka bat ere ematen du halako begibistakeriak esateak, baina ez da alferrik izango, eta batez ere ez da alferrik izango proiektu abertzalearen barruan. Hor, izan ere, asmoa ez da soilik, eta agian ez nagusiki ere, minoria bati minimo batzuk garantizatzea, baizik eta etorkizuneko maioria bat sortzea. Zeren nazionalista batentzat euskaldun minoria ez da, izan ere, zinezko minoria bat, baizik eta nolerebait esan maioria ezkutatua. Ikuspegi hori ikaragarri zabaldua dago, eta, esan gabe doa, minoriei arnasbide emateko joera zuzen eta zentzuzkoa baino askozaz ere harantzago doa. Eta esentzietara bueltatu behar horretan aukeratu den bidea, gainera, baldintza irrealaren adizki guztiak jokatzea izan da askotan; balitz-bezala jokabidea alegia. Egin dezagun, bada, norbaitek euskarazko boletinak ezertarako behar balitu bezala, egin dezagun hemengo pelikulak eta teatroak euskaraz sortuak balira bezala, nobelak edo entseguak norbaitek leituko balitu bezala; birbataia ditzagun gure herriak XII. mendean zuten izenarekin edo Euskal Herrian erdararik izan ez balitz izango zuten forman. Pentsaera magikoa deitu liteke hori, oskolarekiko atxikimendu eta fede gogorra. Sistema txarra, nire iritziz.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En