Reportaje:GAIAK

Eskuez irakurri eta hezi

Itsuentzako ikasmaterialen produkzioa bermatuta dagoen arren, literatur-lanak eskariaren arabera itzultzen dira

Euskarak aspaldi egina du braillerako jauzia. Itsuek idatzi eta irakurtzeko sistema unibertsal hau eta euren prestakuntzarako dauden beste bide batzuk hezkuntzaren alorrean ezartzeko erabakia hartu zuen 1981. urtean Eusko Jaurlaritzak. Geroztik, Hezkuntza Sailaren menpeko Itsuentzako Baliabide Zentroak euskal adarreko ikaskuntzaren bidetik jotzen duten itsuen prestakuntzarako beharrezkoa den materiala hornitzeaz arduratzen dira.

Zentro hauek aipatutako materiala ekoitzi eta moldatzen dute eskolan hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu arte, unibertsitaterako beharrezkoak diren...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Euskarak aspaldi egina du braillerako jauzia. Itsuek idatzi eta irakurtzeko sistema unibertsal hau eta euren prestakuntzarako dauden beste bide batzuk hezkuntzaren alorrean ezartzeko erabakia hartu zuen 1981. urtean Eusko Jaurlaritzak. Geroztik, Hezkuntza Sailaren menpeko Itsuentzako Baliabide Zentroak euskal adarreko ikaskuntzaren bidetik jotzen duten itsuen prestakuntzarako beharrezkoa den materiala hornitzeaz arduratzen dira.

Zentro hauek aipatutako materiala ekoitzi eta moldatzen dute eskolan hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu arte, unibertsitaterako beharrezkoak diren liburuak kudeatzeaz gainera. Izan ere, hezkuntza eskubide unibertsala den aldetik, eskubide hori guztiengana iristeko erantzukizuna dute erakundeek. Erantzukizun hori ez da irakurketa liburuetara hedatzen, ezinbestekotzat jotzen ez diren neurrian. Horregatik, itsu batek hezkuntzaren alorretik at dagoen liburu bat lortzeko arazoak izan ditzake, eta are gehiago braillez baldin bada.

ONCEk, Espainiako Itsuen Erakundeak, irakurketa liburuak dohainik prestatu eta eskaintzen ditu, bere egoitzetako liburutegietan eskuragarri daudenak. Hala ere, liburugintzaren merkatuan adina liburu ez dago liburutegi horietan.Irakurketa liburu bat egokitzeko orduan, orain arte eskaeren arabera jokatu izan du ONCEk. Bilboko ordezkaritzako gizarte zerbitzuetako arduradun Claudio Congostoren hitzetan, "jendeak egiten dizkigun eskaeren arabera prestatzen ditugu liburuak, baina lehentasuna ere kontuan hartzen da, eta garrantzitsutzat jotzen duguna arinago egiten dugu".

Beste euskarriak

ONCEk eskaintzen dituen liburu horiek irakurtzerakoan, gehien eskatzen den euskarria ez da braillea, kaseteak edo diskoak baizik. Itsuek irakurri eta idazteko sistema unibertsala izan arren, braillez azkartasun nahikoarekin irakurtzea ez da erraza eta askori soinudun liburuak irakurtzea erosoago egiten zaie.

Bilboko ordezkaritzak, Bizkaiko eta Arabako lurraldeak ordezkatzen dituenak, 2.300 bazkide dauzka; horietatik 1.900 lagun 55 urtetik gorakoak dira, eta gehienek nagusi izanda galdu dute ikusmena. Horientzat braillez moldatzea konplikatua da, ez baita berdina txikitatik ikastea edo adin zehatz batetik aurrera egitea.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Congostok berak orain 25 urte, 18 urte zituela, galdu zuen ikusmena. Unibertsitateko ikasketak egiteko soinu bidezko euskarria erabili zuen eta formatu horri ere eusten dio aisialdian irakurtzeari ekiten dionean. Bere esanetan, "braillea ikasi eta ederto irakurtzen dut, baina gogorra da, lau edo bost orri irakurtzeko ordubete baino gehiago eman dezakezulako". Horregatik, ONCEren Bilboko bulegoetan soinudun formatuan dauden euskarazko liburuen kopurua brailleraz idatzitakoena baino handiagoa da: 200dik gora baitira lehenengoak eta 50 bat bigarrenak.

Braillezko liburuen arazoetako bat tamaina da. Tintaz idatzitako orri batek betetzen duen espazioa laukoiztu edo boskoiztu egiten da eskuez irakurtzeko hizkuntzara itzultzen denean. Gainera, paper lodiagoa behar da eta horrek oraindik leku gehiago hartzen du. "Braillearen arazoetako bat bolumena da eta jakina, zein lekutan artxibaten duzun materiala", azaldu du aditu honek. Bestalde, braillearen puntuak denborarekin hondatuz doaz eta egun erabiltzen diren euskarri digitalek, CDak esate baterako, ez dute era horretako arazorik ematen.

Braillez eskatzen den euskarazko materiala, gaztelerazkoa ez bezala, zuzenean egiten du erakundeak, argitara emateko moduko garrantzia duen ala ez aintzat barik, ia ez baitago eskaerarik. "Liburu gutxi dira eta eskaintza ez da oparoa, baina ulertu behar da ia ez direla eskatzen euskarazko liburuak braille sisteman, eta ondorioz, dauden eskaera apurrak asebetetzen ditugu", dio gizarte zerbitzuetako arduradunak.

ONCEren Bilboko ordezkaritzan braillez eskura daitezkeen liburuen artean badira Obabakoak, Hamaseigarrenean aidanez eta Babilonia bezalako klasikoak, bai eta beste izenburu ezagun batzuk ere, hala nola, Goizuetako ezkongabeak, Ijitoak dauzkat nire etxean, Zozoak beleari, Portzelanazko irudiak, Korapiloak, Kuba triste dago eta Koaderno gorria.

Euskarazko eskaintza handituz joatea da elkartearen helburuetako bat. Horretarako, argitaletxeekin hartu-emanean ari da, liburuen euskarri informatikoak (word programa, adibidez) lortzeko asmoarekin. Formatu egokia eskuratuta, testua edozein momentutan braillez inprimatzeko moduan egongo litzateke. Beste bide bat liburua eskaneatu eta moldatzea da, euskarri informatikoan gorde ahal izateko. Horrela ere, inprimatzeko moduan egongo litzateke.

Nolanahi ere, ONCErentzat ezinbestekoa da erakunde publikoen laguntza jasotzea fondo bibliografikoak gehituz joateko. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak aldian aldiko akordioak sinatu izan ditu beraiekin. 2001 urtean, adibidez, euskarazko dokumentuak irakurtzeko gai den sistema elektroniko bat martxan jarri zuten erakunde biek, itsuei laguntzeko bide egokia izan zitekeelakoan.

Bestalde, euskararen erabilera normaltzeko plan nagusiari begira, elkarlanean jardun dute, itsu helduei euskarazko materiala izateko aukera bermatu nahian, bai braillez, baita beste formatu batzuetan ere. Kultura Sailak orain arte ONCErekin izandako elkarlanaren bide horri eusteko asmoa du etorkizunean, bertako iturriek jakinarazi dutenez.

Itsuen bizimodua errazten lagundu duten urrats garrantzitsuak eman dira braillera asmatu zenetik. Horrela, 70eko hamarkadaren hasieran, Estatu Batuetako Standfordeko Unibertsitatean asmatu zuten Optacon irakurketa-sistemak (gerora irakurtzeko bide bezala geldoegia zela ikusi bazen ere) edo azken hamarkadetan teknologiaren arloan emandako aurrerapenek (euskarri digitalek, esate baterako) mesede handia egin zioten itsuentzako komunikazioari.

Internetek ere aukera mordoa zabaldu ditu eta horri esker, iraganean egunkariak egunean irakurtzea ezinezkoa bazen, gaur egun errealitate bat da.

Gerra-kodeen garrantzia

Louis Braille paristarrak itsuen autonomia pertsonala bermatzen lagundu zuen gerora bere izena jasoko zuen itsuentzako idazketa eta irakurketa sistemaren bitartez. Braille 1809ko urtarrilaren 4ean jaio zen Coupvray herrian, Frantziako hiriburutik kilometro gutxira, eta aitaren tailerrean izandako istripu baten ondorioz, ikusmena galdu zuen hiru urte zituela.

Hamar urterekin, Charles Barbier artilleria kapitainak militarrek gaueko iluntasunean mezuak elkarren artean igorri ahal izateko asmatutako ukimen-kodearen berri izan zuen, eta eredu horretan inspiratuta, gaur egun braille izenaz ezagutzen dugun idazketa eta irakurketa sistema asmatu zuen.

Barbierrek proposatutako sei puntuko bi zutabeak hiru puntuko bi zutabera murriztu behar zirela erabaki zuen, neurri hori ezin hobeto moldatzen baitzen hatz-mamiaren pertzepziora. Bestalde, ukimena marrekiko baino, puntuekiko sentikorragoa zela egiaztatu zuen. Horregatik, braille sisteman hiru puntuko zutabe bitan banatzen diren taldeek (orotara sei puntukoak) hizkiak irudikatzen dituzte.

1852ko urtarrilaren 6an turberkulosi batek jota Parisen hil zen Louis Braille, bere asmakizunaren arrakasta eta unibertsaltasunaren berririk izan gabe.

Archivado En