Reportaje:GAIAK

Joan etorrian

Gotzon Garate, Harkaitz Cano, Edorta Jimenez... Bidaiak eta bidaiaren kronikak euskal literaturan

Literaturak irudimenaren bitartez bidaiatzeko gonbitea egiten digula esan izan da. Halaber, batzuetan bidaiak dira bidaztiei literaturarako gonbitea egiten dietenak. Azken urteotan, euskal literaturan joera hau nagusitu denez, liburuetatik bidaiatzeko gonbitea egitea, alegia, egokia iritzi diogu honen inguruko hainbat hausnarketa egitea.

Izan ere, geurean kronikek izan duten sendotze eta hedapenak, argi erakusten du euskal literaturaren normalkuntzarako bidean emaniko urratsak.

Kronika batek baditu, oro har, bereizgarri jakin batzuk. Lehenik, literaturako hainbat generoen nolakot...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Literaturak irudimenaren bitartez bidaiatzeko gonbitea egiten digula esan izan da. Halaber, batzuetan bidaiak dira bidaztiei literaturarako gonbitea egiten dietenak. Azken urteotan, euskal literaturan joera hau nagusitu denez, liburuetatik bidaiatzeko gonbitea egitea, alegia, egokia iritzi diogu honen inguruko hainbat hausnarketa egitea.

Izan ere, geurean kronikek izan duten sendotze eta hedapenak, argi erakusten du euskal literaturaren normalkuntzarako bidean emaniko urratsak.

Kronika batek baditu, oro har, bereizgarri jakin batzuk. Lehenik, literaturako hainbat generoen nolakotasuna azaltzeko ezinbestekoa den fikziozkotasunak, ezbairik gabe, ez du maila bera sorkuntza lan hauetan. Izan ere, kronika hauetan idazlea eta bidaztia erabat identifikatzen dira, eta beraz, baita bidaiaren narratzailea ere.

Más información

Hainbat literatur sorkuntzatan irakurle eta idazlearen artean egin ohi den fikziozko hitzarmenik ez egoteak, ondorio batzuk dakartza. Batetik, kronika gehienen hasieran, idazleak berak bidaia hori egitera zerk bultzatu duen azaltzera behartua sentitzen dela dirudi eta honen ondorioz, zeharka bada ere, literatur testua bera sortzeko zergatiaren berri ematen du idazleak. Bestetik, kronotopo zehaztua erabiliko da istorioa harilkatzeko: hots, bidaia baten berri emateko, ezinbestekoa du idazleak lekuaren berri zehatz ematea, eta era berean, denbora garai jakin batean kokatzea; garai ezberdinetan leku bakoitzak kontakizun ezberdin bat eskatuko baitu.

Bi ezaugarriok euskaraz idatzi diren kronika gehientsuenetan antzeman badaitezke ere, bidaiariak bizituriko ibilbidea modu anitzetara gorpuz dezake.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Hortaz, zenbait euskal idazlek lurralde baten bide erakusle lana nola bideratu duten izango dugu hizpide.

Batzuek, bidaia liburuak batez ere lurralde bateko egoeraren berri emateko darabiltzate. Horien artean esate baterako, Gotzon Garatek berriki argitaratu duen India harrigarria (2001) liburua.

Gotzon Garateren liburuaren izenburuak aurreratu bezala, Indian zehar eginiko ibilaldi bat du kontagai. Batik bat, Indiako bizimoduaren inguruan, ohituren inguruan, egoera harrigarrien inguruan, ... horien guztien inguruan jarduten du India harrigarriak. Hau da, bidaiaren alderdi edo eragin pertsonalaz mintzatu gabe.

Beste zenbaitzuek, bidaia liburuetan eurek eginiko bidaiaren nondik norakoak zehatz azaltzen dituzte, lurralde horien egoeraren berri emateaz gain, eurek bidaia horren bitartez eginiko barne bidaia ere hizpide izanik.

Hauetan idazleak banakako gisa lurralde baten aurrean dituen inpresioak zuzenago azalarazten dira. Besteak beste, honako joera dakusagu bai Jon Arretxeren kontakizunetan, bai Amaia Elosegik eta Esther Mugertzak atonduriko Txirringaren aienean (1998) liburuan. Bidaia liburu hauetan, txirringa bidaide izanik lurralde ezberdinetan zehar bidaiatuz bizi dituzten esperientziak kontatzen zaizkigu.

Beste batzuek, bidaia barne bidaia bat egiteko aitzakiatzat soilik darabilte, leku aldaketak barruak lasaituko dituelakoan.

Harkaitz Canoren Piano gainean gosaltzen (2000) kronikan New York hiriak berak baino, hiri horrek bidaztiari sortu dizkion poz, ezinegon, zalantza eta abar dira liburuaren ardatzak.

New YorkAlta, jada hiri batera egindako bidaia batek sorturiko bi sorkuntza ezberdin aipatu ditugu: Garateren liburuan batik bat lurralde horren giro eta egoera azaltzeak du lehentasuna; Canorenean, New York hiriaren eta pertsonaiaren arteko elkarrizketa gailentzen da.

Bestalde, Joseba Etxarrik atonduriko Euskaldunen Amerika (1994) liburuan, soilik alderdi bati eskaintzen zaio arreta: New Yorken euskaldun jaio eta euskaldun sentitzen direnei. Beraz, hiri bat, hiru begirada.

Ondorioz, hori da geure aburuz, kronika hauen guztien alderdi aberatsena; nahiz eta hauetan guztietan ezaugarri amankomunak egon (Canok ironikoki bere liburuan dioen bezala, 'hau kronika liburu bat da, ezin du horrela bukatu', genero honek dituen mugak gogoan izanik), hauetariko bakoitzean banakako idazlearen begirada jakin bat islatzen da, eta batik bat, 'Euskal Herria utzita' (kroniketan hainbatetan antzeman dugun adierazpena) kanpora begiratuz lurralde horietara iristeko egindako ahalegina. Beti ere, euskaldun modura eginiko ahalegina, sarritan honek, atzerriko lurralde hura norberaren herriarekin erkatzea ekarriz.

Archivado En