Reportaje:GAIAK

Fantasiaren bozeramaileak

Istorioak kontatzeko grina izatea eta gogo hori lantzea dira ipuin kontalari on bat izateko behar-beharrezko bi osagaiak

"Bazen behin gizon goibel eta bakarti bat...". Horrela sortu zitekeen lehen ipuina, edo kondaira, lehen kontalariaz gain. Geroztik, gizakien historian zehar kontakizunak moldatuak izan dira, eta kontalariek iturri ezberdinetatik ekarri izan dizkigute. Gaur egun, edozein jatorri eta kulturetakoak izanik, hor daude, gizatasunaren oroimena aberasten. Ipuin eta istorioen bitartez haur eta helduen fantasia, kuriositatea eta zirrara suspertzen.Euskal Herrian badaude egun ikastolaz-ikastola, tabernaz-taberna edo liburutegiz-liburutegi ipuinak kontatzen dituztenak. Gutxik aurkitu dute ipuinetan bizibi...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Ez dute adinik

Más información

"Bazen behin gizon goibel eta bakarti bat...". Horrela sortu zitekeen lehen ipuina, edo kondaira, lehen kontalariaz gain. Geroztik, gizakien historian zehar kontakizunak moldatuak izan dira, eta kontalariek iturri ezberdinetatik ekarri izan dizkigute. Gaur egun, edozein jatorri eta kulturetakoak izanik, hor daude, gizatasunaren oroimena aberasten. Ipuin eta istorioen bitartez haur eta helduen fantasia, kuriositatea eta zirrara suspertzen.Euskal Herrian badaude egun ikastolaz-ikastola, tabernaz-taberna edo liburutegiz-liburutegi ipuinak kontatzen dituztenak. Gutxik aurkitu dute ipuinetan bizibidea, baina soldata bat baino gehiago "barneko zirrara komunikatzea" da ipuin kontalari askok bilatzen dutena. Horrela diosku José Mari Karrere ipuin kontalariak. Zortzi urte baino gehiago daramatza Karrerek ipuinak kontatzen, "zortzi urte edo bizitza guztia, betidanik azaldu izan baititut kondairak, lagunen artean, etxekoekin, taberna edo liburutegietan". Errenteriar honen aburuz, ipuin kontalari on batek istorioak kontatzeko gogoa sentitu behar du, bestela ez dago zereginik. "Ipuin kontalari ona izateko edo istorio on bat kontatzeko istorio hori kontatzeko gogoa premiazkoa da. Grina behar duzu, gero, grina hori landu egin behar da, lexikoa, istorioa azaltzeko modu konkretua eta istorioa zeurea egin behar duzu... Azkenik, nola ez, jendearen arreta piztu behar duzu. Hau guztia lortuz gero ipuin kontalari ona izango zara".

Entzuten irakatsi

Karrerek euskaraz kontatzen ditu istorio guztiak, eta helduekin aritzea atsegin zaio. "Ipuinak haurrekin erlazionatzen dira beti", dio, "baina hori ez da errealitatea, helduek gustura baino gusturago entzuten baitituzte edozein motatako istorioak. Ipuina edertasuna bezalakoa da, ez dauka adinik". Narratzaile honek aitortzen duenez, ipuin tradizionalak dira gehien gustatzen zaizkionak: "Aspaldiko ipuin tradizionalak oso bereziak iruditzen zaizkit, hauen inguruan dauden mundu magikoak eta fantasiazko istorioak batez ere". Joseba Sarrionandia, Eduardo Galeano edo Italo Calvino dira kontalari honek gehien miresten dituen autoreak, "ahozkotasunaren doinu berezia dutelako". Izan ere, ahozkotasuna oso ezaugarri garrantzitsua da ipuin bat kontatzerako orduan: "Ipuin bera modu askotan konta daiteke, hitzen doinua eta esaldiei ematen diezun zentzuaren arabera. Hots, ahozkotasunak izugarrizko garrantzia hartzen du. Bat-batekotasunaren papera ere premiazkoa da, une bakoitza ezberdina delako. Izan ere, ikusleria ezberdinak biltzen dira eta giroak askotarikoak izan daitezke. Pertsona batek ez du modu berdinean hitz egiten lantokian, etxean edo tabernan". Ipuinak kontatzeaz gain, hainbat komunikabideetan kolaborazioak egiten ditu Karrerek. Berak dioenaren arabera, "honetaz bizitzea posible da, ni bizi naiz, eta ondo gainera. Noski, nik ez dut txaletik behar, ez eta gehiegizko luxurik ere".Antton Irusta ipuin kontalari bizkaitarraren iritziz, aldiz, "ipuin bat kontatzea garrantzia handiko ekintza komunikatiboa da. Ikusleen arreta piztea lortu behar du ipuin kontalari on batek, eta ikusleria horri entzuten irakatsi behar dio". Ipuin kontalaria izateaz gain, Irustak Bilboko Urretxindorra ikastolan egiten du lan irakasle gisa. Euskara eta literatura irakasten die ikasleei, eta ipuin tailer bateko koordinatzailea ere bada.

Dagoeneko zazpi liburu idatzi ditu bizkaitar honek, eta argi dauka ipuin kontalari batek entzuten jakin behar duela. "Irakasleok gelan ahozkotasuna landu behar dugula uste dut. Ikasleei entzuten irakatsi behar diegu. Entzule on bat irakurle ona izango da etorkizunean. Gurasoei erakutsi egin behar zaie kontatze eta entzutearen prozesu hori zein garrantzitsua den".Txikia zenean sortu zitzaion Antton Irustari ipuinak kontatzeko grina. "Gure amona oso ipuin kontalari trebea zen, istorio ugari kontatzen zizkigun sutondoan, eta txikitatik entzumena lantzeko aukera izan dut. Denborarekin nire istorio propioak kontatzeko gai izan naiz. Hamalau urte nituenean ikastolan ipuinak kontatzen nituen: batzuk ipuin tradizionalak ziren; beste batzuk, aldiz, nik neuk sortutako esperientzia edo pasadizoak". Istorio tradizionalak ezezik, beste hainbat gaiei buruzko ipuinak kontatzen ditu Irustak. Izan ere, bere aburuz gaur egungo gizartean ipuinak bere txokoa aurkitu du. "Urteekin interesguneak aldatu egin dira, baina garrantzitsuena istorio bat transmititzeko sentitzen duzun gogoa da. Egun, kondaira zaharrekin ezezik, bosgarren solairuko auzokideak duen txakurrarekin ere hunkitu naiteke".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Kontaketa batean premiazko hiru osagai daudela dio Irustak, "ipuin kontalaria, entzuleria eta istorioa bera. Inongo zalantzarik gabe istorioa da garrantzitsuena, eta hori ondo kontatu ahal izateko, naturaltasun osoz egitea da hoberena".

Ipuin bat kontatzeak dakarren prozesuaz hitz egitean, bat dator José Mari Karrerek aipatutakoarekin: "Bat-batekotasunak garrantzia handia hartzen du, momentu, giro eta entzule multzo guztiak ezberdinak direlako". Honetaz gain, Irustaren iritziz, hizkuntza bera ere izugarri garrantzitsua da. "Hizkuntza oso ondo menperatu behar du ipuin kontalari batek. Gainera, istorioak kontatzeko erabiltzen duen hizkuntza horrek afektiboa izan behar du entzulearengan zirrara pizteko. Niri ezinezkoa egingo litzaidake gazteleraz ipuinak kontatzea, nik euskaraz egiten dudalako amets".

Archivado En