Tribuna:GAIAK

Ipuingintza

Nobelagileari ez zaio inoiz galdetzen zergatik ez duen ipuin liburu bat idazten, edo saiakera bat, edo poema epiko bat, edo dena delakoa. Nobelagileek ez dute inolako justifikazioren beharrik. Hori izan ohi da, ordea, hutsik egin gabe elkarrizketatzaileak ipuin idazleari egingo dion bigarren edo hirugarren galdera: ea noiz (demontre) idatziko duen nobela bat, eta, beraz, bihurtuko den, behingoz, benetako idazle (izan ere, lehenengo galdera ez bada, kazetariaren jendetasunagatik baino ez da).Egoera horren aurrean bi aukera ditugu ipuinlariok. Zuhurrena, inolako dudarik gabe, gezurra esatea da: ...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Nobelagileari ez zaio inoiz galdetzen zergatik ez duen ipuin liburu bat idazten, edo saiakera bat, edo poema epiko bat, edo dena delakoa. Nobelagileek ez dute inolako justifikazioren beharrik. Hori izan ohi da, ordea, hutsik egin gabe elkarrizketatzaileak ipuin idazleari egingo dion bigarren edo hirugarren galdera: ea noiz (demontre) idatziko duen nobela bat, eta, beraz, bihurtuko den, behingoz, benetako idazle (izan ere, lehenengo galdera ez bada, kazetariaren jendetasunagatik baino ez da).Egoera horren aurrean bi aukera ditugu ipuinlariok. Zuhurrena, inolako dudarik gabe, gezurra esatea da: horretan gabiltzala, badugula nobela baterako ideia distiratsuren bat, lanean ari garela, fitxa batzuk bildu ditugula jadanik eta, agian, laster, oso laster... Bestea, berriz, ipuingintzaren defentsa sutsua, ez da hain gomendagarria.

Bide hori hartzea erabakiz gero, idazleok posibilitate ezberdinak ditugu berriro ere. Jo dezakegu, adibidez, ipuingintzaren santuen izendegi gainerabilira, Jorge Luis Borges, Augusto Monterroso, Julio Cortázar, Raymond Carver, eta abar aipatuz. Ausartagoak izan gaitezke, eta gogora ekarri badagoela ipuingintzan trebea izanda ere, bere testu laburren mailako nobelarik idazteko gai izan ez denik (Juan José Millás, Ian McEwan, Antonio Lobo Antunes...), edo, alderantziz, ipuina ez dela edonoren eskura dagoen generoa: izan ere, aski da aurtengo udan El País Semanal-ek eskaini dizkigun hainbat egileren testu hiperlaburrak irakurtzea, frogatzeko nobelagile on batek ez duela zertan ipuinlari duina izan behar, derrigorrez. Amaitzeko, irria ezpainetan, Joseba Sarrionandiaren aipu ezagunaz balia gaitezke: gurasoei ipuinak kontatzeko eskatzen dietela umeek, sekulan ez eleberriak. Edo, zakar, Ambrose Bierceren galdera maltzurragoaz: azken finean, zer da nobela bat, ipuin puztu bat baino?

Baina, aipatu dudan bezala, hori ez da, ziurrenik, jarrerarik komenigarriena.

Irakurri berri dudanez, Josef Pezinok idazle eslovakiarrak ez zituen narrazioak baino idatzi berrogeita zazpi urte bete zituen arte. Idazki bikainak ziren, biziak, motzak, zorrotzak, bere sorterriko irakurleen artean prestigio apur bat eman ziotenak, baina inolaz ere ez nahikoak literaturatik bizi ahal izateko.

Beraz, denbora luzean zehar marinel, sukaldari, itzultzaile eta lorazain gisa lan egin behar izan zuen, hurrenez hurren, Pezinok-ek. Testu zabalagoak idazteko asmo sendoa izan arren, ipuin laburrak ateratzen zitzaizkion beti. Ahalegintzen bazen ere, ezin zuen besterik egin.

Ondoezik zegoen egun batean ospitalera joan eta, analisi batzuen ostean, heste-zizareen inbasioa zeukala diagnostikatu zioten Pezinoki medikuek; haurtzarotik jasaten omen zuen parasitosi horren ondorioen artean migrainak, arreta falta eta lan luzeei aurre egiteko ezintasuna egon zitezkeela jakin zuen.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Sendabidean jarri eta biharamunean Bratislavatarrak bere epopeia idazten hasi zen, letra xehez inprimaturiko bost liburukiek osatuko zuten ibai-nobela (hiru bihurtu ziren urte batzuk geroago argitara eman zen sakelako edizioan). Bide berbera jarraitu zuten Sláva odoltsua, Igandeko erleak eta Husar hungariarra lan erraldoiek, hamaika hizkuntzatara itzuli diren liburuek. Bere lanbide anitzak albo batera utzi eta idazten jardun zuen gelditzen zitzaizkion egun jorietan, eta etxetxo txuri bat erosi ahal izan zuen Danubio ibaiaren ertzean. Duela zenbait urte, jakina, Nobel saria eman zioten Josef Pezinok-i.

Nik zita eskatu dut, bihar goizerako, auzoko anbulatorioan. Badaezpada ere.

Archivado En