Columna

Senitartekoen begiradak

Esan behar dut, gure arteko beste hainbatek bezala, arreta handiz jarraitu dudala Alakrana arrantzontziaren gaineko berriak azken hilabete luze honetan. Larritasunez ikusi izan dut nola aldatuz joan diren senitartekoen begiradak telebistan ateratzen zirenean. Sendo zeuden hasieran, gero eta goibelago, egunak aurrera egin ahala.

Haur denboretatik gustukuen dudan soinua berbotsa da. Nagusien berbotsa. Sukaldetik zetorren berbotsa. Gu lo egoten ginen gure aita itsasotik ailegatzen zenean eta ama eta biak egoten ziren eskaratzean gosaltzen eta hizketan. Goizeko ordu txikietan izaten zen, ar...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Esan behar dut, gure arteko beste hainbatek bezala, arreta handiz jarraitu dudala Alakrana arrantzontziaren gaineko berriak azken hilabete luze honetan. Larritasunez ikusi izan dut nola aldatuz joan diren senitartekoen begiradak telebistan ateratzen zirenean. Sendo zeuden hasieran, gero eta goibelago, egunak aurrera egin ahala.

Haur denboretatik gustukuen dudan soinua berbotsa da. Nagusien berbotsa. Sukaldetik zetorren berbotsa. Gu lo egoten ginen gure aita itsasotik ailegatzen zenean eta ama eta biak egoten ziren eskaratzean gosaltzen eta hizketan. Goizeko ordu txikietan izaten zen, artean egun argirik ere ez zela. Sekulako plazera izaten zen beren ahotsak entzun eta berriz ere loak hartzea. Halako epeltasun eta segurtasuna ematen zidaten sukaldeko berbok. Zurrumurrua baino ez zen, ez ziren ondo ulertzen esaldiak, baina zurrumurru horrekin hartzen ninduen loak. Mantoko haurra nintzenean bezala. Handik ordu batzuetara, esnarazi egingo gintuzten eskolara joateko. Sukaldera sartu eta zigala egosien usaina hartuko nuen. Eta hantxe ikusiko nituen gurasoak, aita okela patatekin gosaltzen, ama suaren aurrean. Berbotsa eta zigala egosien usaina, horra haurtzaroko bi oroitzapen.

Haur ginela, guk itsasontzia eraikitzen genuenean beti beti izaten zen beltza

Gelatik entzun genuen, halaber, aita preso hartu zuteneko berri hura. Britainia Handiko armadak hartu zuen gurea preso, eta ez Somaliako piratek, baina hala ere ederki susmatu genuen haurrok gela barrutik amaren urduritasuna eta ondoeza, berri txarra telefonoz jaso zuenean. Bagenekien hiru-lau egunen buruan aske aterako zela. Bagenekien onik itzuliko zela etxera, isun bat gora behera. Ez da ezer egunotan gertatzen ari denaz alderatuz. Ez dut pentsatu nahi Alakranako senitartekoek zelako angustia ariko diren nozitzen, nahiz eta ekaitza baretzen ari den, nahiz eta gero eta berri hobeak iritsi bertatik.

Alakranako auzi honek haurtzaroko hainbat oroitzapen piztuarazi dizkit. Orduan sentitu nintuen beldurrak eta kezkak, eta baita pozaldiak ere, denak atera dira argitara urteetan gordean izan eta gero. Esate baterako, jolasei loturiko hauxe. Gure aitaren itsasontzia beltza zen, Bermeoko Larrauri Hermanos enpresakoa. Gogoan dut bagenuela etxean jolas bat, Tente izenekoa. Tente horrekin gazteluak eta itsasontziak egiten ziren. Pieza solteak ziren eta norberak nahi zuena eraikitzen zuen pieza horiekin. Guk itsasontzia eraikitzen genuenetan beti beti izaten zen beltza. Eta harekin jolasten ginen, neguko arratsalde luzeetan. Hara eta hona eramaten genuen eskuarekin aitaren arrantzontzia, bere patua gure esku balego bezala. Oraintxe olatu handien artean izaten zen, gora eta behera. Oraintxe hurreratzen genuen portura, arropak eskegitzeko orratzekin egindako jolasetako moila hartara. Eta hantxe uzten genuen, babesean, biharamuneko arratsaldean eskolatik etxera bueltatu eta berriz itsasoratzen genuen arte.

Berbotsa, sukaldetik datorrena. Horixe behar dute Alakranako senitartekoek ere. Behingoz begibitarte iluna lasai dezaten. Berbotsa entzun sukaldean, jakin familiakoa etxean dutela, hortxe ondoan. Eta loak hartu gero, astiro astiro, lasai lasai, seguru dagoela sentitzen duen ume batek bezala.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En