Entrevista:JOXE PORTELA MARTINEZ DE MURGIA | Ibaia Elkarteko presidentea | Gaiak

"Administrazioaren laguntzaren premia du euskal zinemagintzak"

Joxe Portela (Bilbo, 1957) zinea eta ikus-entzunezkoak ekoizteko baldintzak hobetzea xede nagusi duen Ibaia elkarteko presidente berria da, maiatzean kargu berria hartu zuenetik. Euskal zinema-industria propioa sortzea du helburu nagusitzat. Ildo horretan, nahitaezko jotzen du sektoreak jasotzen dituen diru-laguntza areagotzea.

Galdera. Zein da egungo euskal zinemagintzaren egoera?

Erantzuna. Zinemagintza kolokan dago ez bakarrik Euskal Herrian, baita Estatuan ere. Oro har zaila da pelikula bat egitea eta asmatzea. Orain dela urte batzuk aitzindariak izan ginen, pel...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Joxe Portela (Bilbo, 1957) zinea eta ikus-entzunezkoak ekoizteko baldintzak hobetzea xede nagusi duen Ibaia elkarteko presidente berria da, maiatzean kargu berria hartu zuenetik. Euskal zinema-industria propioa sortzea du helburu nagusitzat. Ildo horretan, nahitaezko jotzen du sektoreak jasotzen dituen diru-laguntza areagotzea.

Galdera. Zein da egungo euskal zinemagintzaren egoera?

Erantzuna. Zinemagintza kolokan dago ez bakarrik Euskal Herrian, baita Estatuan ere. Oro har zaila da pelikula bat egitea eta asmatzea. Orain dela urte batzuk aitzindariak izan ginen, pelikula asko egiten genituen. Orain, ordea, ez gaude momentu onenean. Iaz zazpi bat proiektu egin ziren euskal produkzio-etxeen parte hartzearekin eta horietatik gutxi batzuk grabatu ziren hemen.

"Aitzindariak izan ginen, film asko egiten genituen; baina orain ez gaude une onenean"
"Profesional asko Madrilera joan dira, sektorea mantentzeko dirurik ez baitago"

G. Dena den, agorraldia bukatu dela dirudi.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

E. Pelikula bakar bat egiten da urtean eta hori da gure errealitatea. Ondo dago, lehortetik ateratzeko lehenengo pausoa baita, baina zinemagintzaren sektorearentzat gutxi da. Erritmo horri eutsi behar diogu eta aldi berean, hazten ahalegindu.

G. Arrisku handia da film bat euskaraz grabatzea?

E. Bai, duda barik. Hemengo merkatua beste batzuekin alderatuta txikiagoa da eta horregatik zaila eta arriskutsua da euskarazko pelikulak grabatzea. Egindako filma zine-areto batean aurkezteko asmoa baduzu eta sarreraren prezioa edozein pelikularako berdina dela jakinda, horrek kalitate minimoa ematera behartzen zaitu. Funtsezkoa da, beraz, filmaren aurrekontua eta kalitatearen arteko oreka bilatzea.

G. Zerk eragin zuen euskarazko ekoizpenen etenaldia?

E. Ez da batere erraza diru barik proiektu bat aurkeztu eta dirua Euskadira ekartzea hemen egiteko grabaketa. Zer beharko genuke horretarako? Instituzio publikoen diru-laguntza gehiago. Zinemagintzarako jasotzen dugun laguntza oso eskasa da, eta dagoena hainbat egitasmoren artean banatu behar da. Bestalde, duela urte asko ematen ziren diru-laguntzak ez dira hazi

G. Eta zergatik egiten ziren duela hamar urte orain baino filma gehiago?

E. Garai batean zinemagintzaren aldeko apostu aitzindaria egin zelako eta horren ondorioz, diru gehiago inbertitzen zelako. Esan bezala, diru-kopuru hori urteetan zehar mantendu edo jaitsi da eta ez du igoerarik izan. Hori dela eta, hemengo profesional askok Madrilera alde egin behar izan dute. Ez dago euskal sektorea eta profesionalak mantentzeko dirurik.

G. Betetzen da telebistek legez zinemara bideratu beharreko aurrekontuaren %5eko kopurua?

E. Ibaian argi daukagu ez dela betetzen. Dena dela, telebista bakarra dago hemen horretarako, ETB, alegia. Eta badakigu telebista txikia dela eta ez duela aparteko aurrekonturik. Saioak, albistegiak eta oro har bere programazioa egiteko behar duen dirua kenduta, kapital gutxi dauka inbertitzeko eta are gutxiago zinemagintzarako.

G. Zer egin behar da euskal zinemagintzaren egoera hobetzeko?

E. Diru gehiago, zalantza barik. Kultura ez da beti errentagarria eta zinemagintzarekin gauza bera gertatzen da. Zaila da erabakitzea non inbertitu behar den, baina lehentasunak zeintzuk diren argitu beharra dago. Gure istorioak kontatzen ez baldin baditugu, kanpotik etorritakoak ikusiko ditugu, haien kultura eta ikuspuntuarekin. Zinemagintzak duen pisua onartu eta estrategikoki hemengo kultura eta sektorea mantentzea garrantzitsua dela erabakitzen badugu, benetako esfortzua egin behar da eta horretarako argi dago inbertsio handiagoa egin behar dela, dagoen diruarekin gauza handirik ezin daitekeelako lortu, orain daukaguna baino ez.

G. Baikorra zara sektorearen etorkizunari begira?

E. Ez dakit. Instituzioek askotan esan digute eginahalak egingo dituztela egoera konpontzeko, baina ez dute hitza bete. Arazoari irtenbide bat ematean interesa dugun hizketakide guztiok talde bat osatu behar dugu egoera aztertzeko, aukerak neurtzeko, eta ados jarri helburu zehatz eta konpromiso sendo batzuei heltzeko. Produktoreak, aktoreak, gidoilariak, zuzendariak, teknikoak eta administrazioa ontzi berean goaz, eta bidean oztopoak dauden arren, etorkizun hobeago bat erdiesteko saiakera egin behar dugu. Leku gehienetan ikus-entzunezkoen sektorea hazten ari den bitartean, hemen geldi dago eta guztion indarrarekin bultzada eman behar diogu gora egin dezan.

Haize berriak

Alberto Gorritiberea gasteiztarra Eutsi! komedia grabatzen ari da Oarsoaldean. Film honek sektoreak bizi duen garai itxaropentsuari jarraipena ematen dio, Aupa Etxebeste, Zeru horiek eta Kutsidazu bidea, Ixabel bezalako izenburuek urratutako bidea segituz.

Euskal langile biren gatazka soziala abiapuntutzat duen pelikula honen gidoia Gorritibereak berak idatzi du Unai Iturriaga bertsolariarekin batera. Angel Alkain, Asier Hormaza, Oihana Maritorena, Nagore Aranburu eta Kandido Uranga antzezleen partehartzearekin, abuztuko lehen egunetan bukatuko da filmatzea.

Baleuko eta Irusoin produkzio-etxeen film honek Kepa eta Martin haurtzaroko lagunak ditu protagonistatzat. Egoera larria bizi dute, lan egiten duten bizikleta-enpresa multinazional batek irentsi duelako, ekoizpena Poloniara eramateko. Kepak eta Martinek Frantziako Tourrera eramango dute euren kexa. Bidean Zuriñe kazetari gaztearekin topo egingo dute eta batera, istorio anitz biziko dituzte.

Estreinaldia datorren urteko udaberrirako aurreikusita dago eta orduan euskarazko zinemagintzaren aro berria loratzera datorren komedia berriaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Gorritiberearen hitzetan "filma bikoiztean kanpoan zabaltzeko asmoa dugun arren, gure xede nagusia euskal ikusleengana iristea da".

Archivado En