Gaiak

Larrialdiak

Bular aldeko presioa joaten ez zitzaidala sumatzean konturatu nintzen uste baino gehiago ukitu ninduela kontuak. Baneramatzan zenbait egun lagunekin komentatzen, baina garrantzirik eman gabe, itxura batean. Hura izan behar, ordea. Nire bizitza beti berdintsuan ez baitzen, garai hartan, ezer larriagorik gertatu.

Hiru urte neramatzan eleberrian lan egiten. Sari hura nuen helburu, eta originalen aurkezpen-data amaitu baino lau egun lehenago ipini nion azkeneko puntua eskuizkribuaren azkeneko bertsioaren azkeneko esaldiari. Ezin esan itxaropenik ez nuenik. Pozik nengoen nire lanarekin.
...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Bular aldeko presioa joaten ez zitzaidala sumatzean konturatu nintzen uste baino gehiago ukitu ninduela kontuak. Baneramatzan zenbait egun lagunekin komentatzen, baina garrantzirik eman gabe, itxura batean. Hura izan behar, ordea. Nire bizitza beti berdintsuan ez baitzen, garai hartan, ezer larriagorik gertatu.

Hiru urte neramatzan eleberrian lan egiten. Sari hura nuen helburu, eta originalen aurkezpen-data amaitu baino lau egun lehenago ipini nion azkeneko puntua eskuizkribuaren azkeneko bertsioaren azkeneko esaldiari. Ezin esan itxaropenik ez nuenik. Pozik nengoen nire lanarekin.

Hiruzpalau aste geroago Jon esamesarekin etorri zitzaidan arte: "Enteratuko hintzen, ezta? Epaimahaian zagok". Ez zuen izenik aipatu, baina ez zen beharrezkoa: ezin Sara baino izan. Nire emazte ohia. Nire etsairik amorratuena. Aurpegiko koloreak nola ezabatzen zitzaizkidan ikusi zuen Jonek: "Ez didak esango nobela aurkeztu duanik, ezta? Ez daukak zer eginik...". Are gutxiago gaia zein zen kontuan hartuta, pentsatu nuen.

Itxaropen-izpi bat geratzen zitzaidan hala ere. Sara ekuanimea izatera hel zitekeela, bizitzan lehenengo aldiz sikiera. Konturatu behar zuela hura nire lanik onena zela.

Baina alferrik izan zen. Saria beste idazle bati eman zioten, eta nik, txutxumutxurik gabe ere, ondo nekien eztabaidetan zehar gertatutakoa. Bitxia da zein fina den maitasunaren eta gorrotoaren arteko muga: horretan arrazoi dute pop kanta inozoenek. Gorrotoa atzera-eraginezkoa da gainera: bikotearen azkeneko une latzak ez ezik, aurreko istorio guztia zipriztintzen du, elkarrekin igarotako unerik gozoenak iluntasunez tindatzeraino.

Eta bular aldeko presioa joaten ez zitzaidala sumatzean konturatu nintzen uste baino gehiago ukitu ninduela kontuak. Lagun mediku bati kontatu nion gertatzen zitzaidana. "Joan hadi larrialdietara, badaezpada. Antsietatea izanda ere, zer edo zer emango diate. Edonola ere, ez ezak aipatu antsietatea dela uste duanik. Bestela dezente itxaron beharko duk". "Infartua dela sinestarazi behar diet?", galdetu nion pixka bat harrituta. "Ez: hik ez esan ezer, eta kito. Mina sentitzen duala bularrean. Besterik ez".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Kezkatu samar joan nintzen larrialdietara. Lagunak esan bezala aritu nintzen, eta berehala egin zidaten elektrokardiograma, harrera-gune ondoko box batean; lehenengo aldia zen, eta hodi eta bentosa haietatik guztietatik ezer berezirik ez sentitzeak ezustean hartu ninduen. Ohatilan etzanda egon bitartean pentsatu nuen okerrena ez zela sariarena, egun batetik bestera nobelan neukan konfiantza guztia desagertu izana baizik. Tiradera batean gordeta utzi nuen, ezkutuan; ez nekien handik ateratzeko indarrik bilduko ote nuen sekula.

Erizainak ondo nengoela esan zidan eta beste gela batera eraman ninduen; laster etorriko zela medikua. Luzea egin zitzaidan itxaronaldia. Emakume bat sartu zen azkenik; errutinazko galderak egiten hasi zitzaizkidan, euskaraz, eta horrek ere ustekabean harrapatu ninduen, ordura arteko tratu guztia gaztelaniaz izan zelako eta nik, nire ohiturari jarraituz, ez nuelako ezer egin nire hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko. Halako batean, zergatia galdetzera ausartu nintzaion. "Ezagutzen zaitut, noski -eta nire izen-abizenak errepikatu zituen, irribarre adierazkor bat ezpainetan-. Famatua zara. Zure zutabeak irakurtzen ditut. Oso sakonak dira". Eta galdeketarekin jarraitu zuen, besterik gabe.

Eta esaldi sinple horiek, esaldi eder horiek erredimitzen nindutela sentitu nuen; itzultzen zidatela horren modu ergelean galdutako konfiantza guztia. Eta erabaki nuen ez nintzela gehiago arduratuko sariez eta epaimahaiez, eta are gutxiago Saraz. Nobelaren eskuizkribua berriro esku artean edukitzeko irrikatzen nengoen.

Une horretan bertan konturatu nintzen ez nintzela atera elektrokardiograma egin zidaten boxetik, eta nire inguruan bost bat mediku eta erizain zebiltzala, tartean galdeketako emakumea. Haren ahotsa entzun nuen berriro: "Hora de la muerte, 23.45. Por cierto, ¿alguien sabe como se llamaba el tipo? ¿Quién ha comentado que llegó por su propio pie? Me extraña, tal y como tenía el corazón".

Bitxia egin zitzaidan erdaraz aditzea, baina, zalantzarik gabe, haren ahotsa zen.

Archivado En