Reportaje:Gaiak

'Xabiroia' komiki artean igeri

Bartzelonako FICOMIC Nazioarteko Komiki Azokan izango da 'Xabiroi' aldizkaria - Gazteei zuzendutako euskarazko komiki aldizkari bakarra da

Milaka gazte pozoitzen ditu Xabiroik. Alez ale ziztatzen ditu, izena ematen dion arrainak bezala. Hamabi eta hemezortzi urte bitarteko gazteak ehizatzen dituen euskarazko komiki aldizkari bakarra da Xabiroi, eta euskal komikigileen azken sorkuntzak plazaratzen ditu hiruhilero. Azken aleak, ordea, itsas handira jauzi egingo du. FICOMIC Bartzelonako Nazioarteko Komiki Azokan parte hartuko du Xabiroik maiatzean, EAE ohorezko gonbidatua izango baita Holandarekin batera.

Ikastolen Elkartearen Euskaraz Bizi proiektuaren baitan jaio zen Xabiroi, gazteei euska...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Milaka gazte pozoitzen ditu Xabiroik. Alez ale ziztatzen ditu, izena ematen dion arrainak bezala. Hamabi eta hemezortzi urte bitarteko gazteak ehizatzen dituen euskarazko komiki aldizkari bakarra da Xabiroi, eta euskal komikigileen azken sorkuntzak plazaratzen ditu hiruhilero. Azken aleak, ordea, itsas handira jauzi egingo du. FICOMIC Bartzelonako Nazioarteko Komiki Azokan parte hartuko du Xabiroik maiatzean, EAE ohorezko gonbidatua izango baita Holandarekin batera.

Ikastolen Elkartearen Euskaraz Bizi proiektuaren baitan jaio zen Xabiroi, gazteei euskarazko beste produktu bat eskaintzeko, eta Euskal Herriko komikigileentzako plataforma bat sortzeko. "Euskarazko oso komiki gutxi argitaratzen dira", dio Dani Fano aldizkariaren koordinatzaileak. "Horregatik, argitaratu ahal izateko euskarri bat eskaini nahi genien egileei". Hogei komikigile baino gehiago ari dira egun aldizkarian, jarraipen finkoarekin batzuk, eta tarteka besteak. Juan Luis Landa, Manu Ortega, Iñaki Holgado, Patxi Huarte, Alex San Vicente edota Alex Orbe marrazkilariak bertan aritzen dira, besteak beste.

Marveleko Suydam komiki egileak aldizkarian ere kolaboratzen du

Kanpoko luxuzko egileak ere gonbidatzen dituzte aldizkarira, Euskal Herriko egileek lehentasuna izan arren. Arthur Suydamek, Marvel komiki argitaletxeko marrazkilariak, Xabiroi aldizkarian kolaboratzen du, esaterako. "AEBn egun dagoen azal egile handienetakoa da, oso komikigile trebea eta ezaguna. Donostiako komiki jardunaldietan ezagutu genuen, eta harremanetan jarri ginenez, noizean behin bere lanak bidaltzen dizkigu. Gainera, argitaratu ditugun ale berezien azal guztiak ere bereak dira". Nazioartetik Mexikoko Ricardo Pelaezek ere lan egiten du aldizkarirako, eta Pepe Farruco Bartzelonan bizi den andaluziarrak behin baino gehiagotan plazaratu ditu bere lanak bertan, esaterako.

Euskal idazleak komikiaren mundura gerturatzeko ahalegina egin du aldizkariak. "Euskal Herriko komikigileok gidoilari lanak egin ditugu halabeharrez. Hemen ez dago merkatu indartsurik, eta inork gutxik pentsatzen du bere istorioa komiki bilakatu daitekeela", dio Fanok. "Idazleei gozokia ahoan jartzen saiatu gara, eta Euskal Herrian ditugun sortzaile trebe batzuk erakarri ditugu. Iban Zaldua edo Harkaitz Cano ohiko kolaboratzaile bilakatu dira, adibidez, eta Unai Iturriaga maiz aritzen da gurekin. Eider Rodriguez edo Pako Aristi ere gurekin aritu dira". Elkarlan horretatik bi liburu jaio dira. Juan Luis Landa marrazkilariak eta Joxean Muñoz idazleak Irati pertsonaia sortu zuten aldizkarirako. Arrakasta bizia lortu zuen, eta atalka argitaratutakoa liburu batean jasotzea erabaki zuten. Harkaitz Cano idazlearen eta Iñaki Holgado marrazkilariaren Pizti otzanak istorioa ere album bilakatu zen orain dela bi urte.

Euskararentzako oso baliagarria izan daiteke aldizkaria, Dani Fanoren iritziz. "Komikigintzan hizkuntza oso zuzena da, eta kaleko euskara jasotzeko aukera eskaintzen du. Esamolde berriak jaso daitezke, beste batzuk proposatu, eta zaharrak ere berreskuratu". Horregatik, euskararen normalizaziorako lagungarria da Xabiroi. Ikastolek garbi daukate hori. Aldizkarira harpidetu, eta ikasleen artean banatzen dute, 12.000 ale inguru. Gainera, zenbait dendetan ere eskuratu daiteke Xabiroi aldizkaria.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Proiektu honen berri emango dute Bartzelonako Nazioarteko Komiki Azokan. Euskal Autonomi Erkidegoa herrialde gonbidatua denez, 150 metro koadroko standa izango du erkidegoak. Xabiroik mahai ingurua antolatuko du bertan. "Ikastoletara zuzenean egiten dugun banaketak, eta idazleak gerturatzeko egin dugun ahaleginak piztuko du azokako komikigileen interesa, nik uste". Besteen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango dutela dio Fanok. "Beste leiho bat irekiko dugu, eta beste komikigileekin harremanetan jartzeko aukera izan dezakegu, Suydamekin gertatu zen bezala. Horrela, gure ekimena hazteko baliagarria izan daiteke". Horregatik, Bartzelonan egotea aukera ona delakoan da Fano.

Archivado En