Reportaje:

Poesiaren ahots erotikoa

Euskal poesia erotikoaren 'Desira Plazer 68-08' antologia argitaratu du Txalapartak - Jimenezek, Estankonak eta Muñozek osatu dute bilduma

Gordinagoak, zuriagoak edo iradokitzaileagoak. Era guztietako olerkiak aurki daitezke Desira Plazer 68-08 izeneko euskal poesia erotikoaren antologian. Edorta Jimenez, Igor Estankona eta Josune Muñoz idazleek azken berrogei urteotako poesia erotikoa aztertu, eta olerkirik esanguratsuenekin euskarazko lehen poesia erotikoaren bilduma plazaratu dute Txalaparta argitaletxearen eskutik.

"Antologia honen asmoa ez zen poesia erotikoaren definizio bat ematea", dio Igor Estankona idazleak. "Batzuetan erakusten duten olerkiak daude, disimulatu egiten duten poemak besteetan, eta ia ...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Gordinagoak, zuriagoak edo iradokitzaileagoak. Era guztietako olerkiak aurki daitezke Desira Plazer 68-08 izeneko euskal poesia erotikoaren antologian. Edorta Jimenez, Igor Estankona eta Josune Muñoz idazleek azken berrogei urteotako poesia erotikoa aztertu, eta olerkirik esanguratsuenekin euskarazko lehen poesia erotikoaren bilduma plazaratu dute Txalaparta argitaletxearen eskutik.

"Antologia honen asmoa ez zen poesia erotikoaren definizio bat ematea", dio Igor Estankona idazleak. "Batzuetan erakusten duten olerkiak daude, disimulatu egiten duten poemak besteetan, eta ia maitasun jainkotiar bati buruz ari diren poemak daude beste batzuetan. Definizio zabal honekin egin dugu lan. Horregatik, ibilbide bat erakustea izan da gure asmoa". 1968. urtea hartu dute abiapuntu, garai hartako Jon Miranderen Oianone poemak zabaltzen baitu antologia. Kronologikoki antolatu dute bilduma, eta hirurogei eta hamar idazleren lanak bildu dituzte guztira. Idazle batzuk behin baino gehiagotan azalduko dira, eta beste asko behin bakarrik.

Emakumeen ahotsa ozen entzuten da euskal poesia erotikoan

Ahots oso ezberdinak jasotzen ditu bildumak, poesia erotikoa jorratzeko modu ezberdinak agerian utziz. "Oso liburu aberatsa da. Amaia Lasa baten ahots zuritik hasita, Omar Navarroren bulkada indartsutik eta Xabier Montoiaren zinismotik pasa, eta Xabier Leteren mistizismoarekin bukatu arte", dio Estankonak. Guztiak liburuetatik eta bildumetatik jasotako olerkiak dira. Horietako asko ahanzturatik ere berreskuratutakoak direla dio Edorta Jimenezek. "Hedapenik izan ez duten liburu saritu asko dago. Zenbat izen egongo dira euskal literaturan eta poesian saria irabazi, eta liburua argitaratu arren, isiltasunaren hilobian bizi direnak". Horiek ere arakatu, eta antologiara ekarri dituzte.

Emakumeen ahotsak indar handia du bilduman, emakumeei leku berezia eskaintzea izan baita hasieratik antologia osatzeko irizpideetako bat. Josune Muñoz arduratu da emakumeen poesia arakatzeaz, eta uste baino lan gehiago aurkitu ditu. "Nik gogoratzen nuena baino ozenago hitz egiten dute emakumeek. Hasieratik egon gara, mantendu gara, eta gero eta gehiago gaude. Gure desira berriro ere ozenki entzuten da". Horregatik, ezustea ere izan da. "Bilduma honetako harrigarriena emakumeen ahotsa dela esango nuke", dio Jimenezek. "Niretzat erotismoaren arloan emakume poetak gizonezkoen batez bestekoa baino gorago iritsi dira". Generoen arteko ezberdintasunak ere agerian geratu direla uste du Muñozek. "Gure kasuan zentzumenek garrantzia handia dute. Dastamena, ukimena edo usaimena oso presente daude emakumeen poesian".

Euskal literaturarentzako ezinbesteko liburua dela uste dute bildumako arduradunek. "Beharrezkoa zen", dio Jimenezek. "Edozein literaturan behar da liburu bat poesia erotikoaren antologia izenarekin. Kubara joan eta badago, Galizian ere bai, Katalunian beste hainbeste. Izan ere, noiz edo noiz denok sentitu dugu horretara joateko tentazioa". Gainera, topikoak apurtzen ere lagunduko duen bilduma delakoan da.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Poesia erotikoa ez ezik, euskal poesia orokorrean ezagutzeko tresna ere dela adierazi du Mikel Soto Txalapartako editoreak. Azken hamarkadetako zertzelada nagusiak jasotzen ditu bildumak, zenbait autore garrantzitsu bilduman ez badaude ere. "Azken berrogei urte hauetako halanolako mapa bat egiteko balio du. Hutsuneak ere badaude. Juan Mari Lekuona edo Bernardo Atxaga ez daude bilduma honetan, esaterako, eta beraien poesia garrantzitsua da". Horregatik, "liburu oso gomendagarria" da Estankonaren aburuz, "68tik hona zer idatzi den jakin nahi duten irakurle gazteentzako, poesia zaleentzako, eta literatur zaleentzako orokorrean".

Archivado En