Reportaje:

Urrezko antzarrari lepotik tiraka

Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bileraren hogeita hamabigarren edizioa bihar abiatuko da - 35 film lehiatuko dira aurten urrezko antzarragatik

Munduan euskara hutsean egiten den zinemaldi bakarra bihar hasiko da Lekeition. Euskal Zine eta Bideo Bilera azaroaren 24tik 28ra egingo da bertan. Tradizio handiko jaialdia da, 32. edizio baitu aurtengoa, eta bigarrenez Lekeitioko Udalaren kargupean egingo da. Guztira 14.000 euro baino gehiago banatuko dituzte irabazleen artean, baina saririk preziatuena urrezko antzarra izango da.

Hogeita hamabost film arituko dira lehian profesional eta amateur sailetan, sormenezko, argumentozko eta dokumental azpitaldeetan bereizita. Bizkaiko ekoizpenak gailendu dira, beste behin, 20 lan aurkeztu ba...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Munduan euskara hutsean egiten den zinemaldi bakarra bihar hasiko da Lekeition. Euskal Zine eta Bideo Bilera azaroaren 24tik 28ra egingo da bertan. Tradizio handiko jaialdia da, 32. edizio baitu aurtengoa, eta bigarrenez Lekeitioko Udalaren kargupean egingo da. Guztira 14.000 euro baino gehiago banatuko dituzte irabazleen artean, baina saririk preziatuena urrezko antzarra izango da.

Hogeita hamabost film arituko dira lehian profesional eta amateur sailetan, sormenezko, argumentozko eta dokumental azpitaldeetan bereizita. Bizkaiko ekoizpenak gailendu dira, beste behin, 20 lan aurkeztu baitira Bizkaitik, 12 Gipuzkoatik eta 3 Arabatik. Maila oneko filmak direla dio Benito Ansola antolatzaileak. Profesionalen lanak kalitate handikoak direla azpimarratu du, eta amateurren artean ere lan oso txukunak daudela dio: "Amateurretan egin diren filmen artean denetarik dago, eta sormen lan handia dagoela ikusten da. Horien artean, hiru bat lan profesional mailakoak bezain onak dira, gaia, interpretazioa, montajea... oso landuta dutelako, eta gaian ere sakondu dutelako".

Euskara hutsean dagoen zine eta bideo jaialdi bakarra da Lekeitiokoa

Urtetik urtera euskarazko filmak kalitatez hobetzen doaz. Hasieran, euskal zinemazaleen erakusleihoa izateko sortu zen jaialdia, "inolako lehiarako grinarik gabe", antolatzaileen hitzetan, eta "filmak euskaraz egiten zituzten amateurrek aurre egin behar izaten zieten oztopoak ezabatu nahian". 1981. urtean, berriz, sariak emateari ekin zioten, lehiak lanen kalitatea hobetuko zuelakoan, eta halaxe izan zen. Gainera, teknologia berriek ere asko lagundu dute horretan. Tresna eskuragarriago eta erabilerrazagoak sortu dira, eta zinemazaleek ere gero eta ikasketa maila altuagoak dituzte. Horregatik, emaitzak hobetzen doaz, Ansolaren hitzetan: "Gu Super Zortziarekin hasi ginen, baina orain, teknologiak hobetu egin dira, eta zaleek ere ikasi dute tresna horiek behar bezala erabiltzen. Ikusentzunezko eta zinema eskoletan gazte asko ari dira ikasten. Horregatik, ekoizpenen kalitatea hobetu egin da".

Aurten ere Lekeitioko Udala arduratu da jaialdiaz. Zale talde batek antolatu izan du, baina orain dela bi urte, uzteko garaia iritsi zela iruditu zitzaien, Ansolaren hitzetan. "30 urtez guk egin dugu lan jaialdia antolatzen. Baina uztea erabaki genuen, nekatuta geundelako, eta bestelako arrazoiengatik. Alkateak, ordea, hori entzun zuenean, jaialdia ezin zela bertan behera utzi erantzun zigun, eta Udala antolakuntzaz arduratuko zela esan zigun. Guk ahal dugunean laguntzen jarraitzen dugu, baina ardura osoa gure gain hartu gabe". Jaialdia euskal kulturarentzat oso garrantzitsua dela uste du Lekeitioko Udalak. "Ezin da euskaraz dagoen jaialdi bakarra hiltzen utzi", dio José María Cazalis alkateak, eta krisiak krisi, bigarrenez bere gain hartu du jaialdia Udalak.

Bihartik aurrera eta larunbata bitarte, arratsaldero proiektatuko dituzte lehiaketako filmak Ikusgarri aretoan, eta interneten ere eskuragarri jarriko dituzte. Filmek ahalik eta hedapen handiena lortzea da oinarrizko helburua, hasiberrientzako bultzada izateko egin baita Bilera. "Zer edo zer egiten da gazte eta hasiberrientzako, baina askotan horien filmak hortxe geratzen dira. Horregatik, Lekeitio kanpora ere erakusteko leihoa izan nahi du".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Irabazleen izenak azken egunean jakingo dira. Begoña Vicario eta Saioa Olmo EHUko Arte Ederretako irakasleek, Elena Marrodan eta Koldo Gutierrez errealizadoreek hautatu beharko dituzte aurtengo irabazleak. 14 000 euroak, gutxi gora behera, sei sarietan banatuko dira, azpisail bakoitzeko bina. Larunbatean, Estitxu Fernandezek eta Julio Ibarrak aurkeztuko dute ekitaldia, eta Gorka Zabaleta musikariak girotuko du sari banaketa.

Archivado En