20 urte ganbaretako hautsak

Fermin Leizaola etnografo eta ikertzaileak gaur jasoko du Gipuzkoako Diputazioaren lehen Ondare saria - Zaharkinak proiektuaren aita da

"Gauza zaharrak hemen? Hura eta ni". Hori erantzuten zioten baserritarrek Fermin Leizaola etnografo eta ikertzaileari lanabes edo tresna zaharrik ote zuten galdetzen zienean. Gipuzkoako 17 udalerritan ibili da, baserriz baserri ukuilu, sukalde eta ganbaretatik "altxorrak" berreskuratzen. Leizaolak martxan jarri zuen 1989an Euskal Herriko inbentario etnologikoa egiteko Zaharkinak proiektua.

Orain dela 51 urte liluratuta geratu zen artzain eta baserritarren bizimoduarekin, Aranzadirekin espeleologi arloan lanean hasi zenean. "Ni hirikumea izanik, artzainen antzinako bizimodua erabat txund...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

"Gauza zaharrak hemen? Hura eta ni". Hori erantzuten zioten baserritarrek Fermin Leizaola etnografo eta ikertzaileari lanabes edo tresna zaharrik ote zuten galdetzen zienean. Gipuzkoako 17 udalerritan ibili da, baserriz baserri ukuilu, sukalde eta ganbaretatik "altxorrak" berreskuratzen. Leizaolak martxan jarri zuen 1989an Euskal Herriko inbentario etnologikoa egiteko Zaharkinak proiektua.

Orain dela 51 urte liluratuta geratu zen artzain eta baserritarren bizimoduarekin, Aranzadirekin espeleologi arloan lanean hasi zenean. "Ni hirikumea izanik, artzainen antzinako bizimodua erabat txundigarria iruditu zitzaidan. Berehala konturatu nintzen, ordea, bizimodu hori galtzen ari zela, eta nolabait jaso behar zela". Eta horretan eman du bizitza osoa, ganbaretako hautsak harrotzen.

"Leizaolari esker, gure ondarea baloratuago eta zainduagoa dago"

Ondarea berreskuratzeko lan ugari egin ditu. Gipuzkoako diputazioaren ondare fondorako erosketetan parte hartu du hasiera-hasieratik, eta Zaharkinak proiektuarekin herritarrak ere ondarearen garrantziaz jabetzeko lan egin du. "Baserriz baserri joaten ginen, bertako udalaren eta herritarren laguntzarekin, jabeari tresnak eta altzariak eskatzeko. Azalpenak eman, eta dena behar bezala zainduko genuela ziurtatuz, piezak hartzen genituen. Denetatik: armairuak, sukaldeko mahaiak, eltzeak... eta garbitu eta katalogatu ostean, herriko plazan edo frontoian erakusgai jartzen genituen". Eta horra hor herritarren harridura. Aurrez aurre zuten altzaria edo tresna euren baserrikoa zenik ezin sinetsi.

Fermin Leizaola maiz ibili da ganbaretan lau hanketan ahanzturak jota ziren objektuak berreskuratzen, ohikoa duen txapela, gorbata eta jaka zikintzeko beldurrik gabe. 50 eta 60ko hamarkadetan guraso bilakatu ziren belaunaldiek erabat eraldatu zuten baserria, altzairuak eta tresnak zokoratuz edo, bestela, salduz. "Baliogabeak balira bezala desagerrarazi zituzten, traba egiten zietelako edo modernoak ez zirelako. Askotan, adibidez, XVIII. mendeko mahai bat formikazko batengatik aldatzen zuten edo lau sosen truke saldu, garbitzeko erasoagoa edo modernoagoa zelako".

Hala ere, 20 urte iraun dituen proiektuan 24.000 pieza katalogatu dituzte, eta erakusketek ere arrakasta bizia izan dute. Guztira 70.000 bisitari izan dituzte. Lan horretan bidelagun izan ditu Juan Antonio Lejarza, Iñaki Agirre, Josu Tellabide, Jesus Mari Gomez, Uxue Leizaola eta Aizpea Leizaola, eta funtsezkoa izan da herritarren parte-hartzea. Hori izan da Zaharkinak proiektuaren helburua, herritarren inplikazioa lortzea. "Lan pedagogiko handia egin da herritarrak, artzainak eta baserritarrak objektu horien balio ikaragarriaz konturatzeko. Oso garrantzitsua da hori, gure arbasoek utzitako ondarea delako, eta gure egin beharra hori zaintzea delako".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Lau urtez geroztik geldirik dago Zaharkinak proiektua, baina lanean jarraitzen du. Iaz erretiroa hartu zuen eta orain, Aranzadiren etnologia departamenduko zuzenaria da. Azken hilabeteak artzaintzari lotutako ikerketetan murgilduta eman ditu, besteak beste.

Lan honengatik guztiagatik sarituko du Gipuzkoako diputazioak lehen Ondare sariarekin, herriaren ondarearen mesedetan lanean aritu direnak saritzeko sortu berri duen sariarekin. "Leizaolari esker, gure ondarea baloratuagoa eta zainduagoa dagoelako", eta "gure herriko biztanleen bizitzaren alderdi ohikoenak duintzen eta berreskuratzen lagundu duelako", Pilar Azurmendi diputazioko ondarearen zuzendariaren hitzetan. Gaur arratsaldean jasoko ditu oroigarria eta 12.000 euroko saria Markel Olano Gipuzkoako Aldun nagusiaren eta Maria Jesus Aranburu kultura diputatuaren eskutik. Hain zuzen ere, Foru aldundiak hala hautatuta, Done Mikel egunean, artzainentzat egun berezia den honetan.

Archivado En