Gaiak

Heldutasuna

Poliki-poliki hasten gara hazten, "heldutasun" deitzen den horretara abiatzen, zuzen-zuzen, itzulingururik gabe, noiz edo behin begi bat atzera emanez, atzean zer geratzen ari zaigun ahazteke, noiz edo behin beste begia aurrera erabiliz, han zer dugun ikusteko, zeru ala lur ote ezin baitaiteke jakin bertaratu arte; edo, litekeena ere badena, begiak itsu, zentzumenak itxi eta burua sorgor. Poliki-poliki, horixe da dagoen aldea, antzinako belaunaldiekin. Izan ere, ia oraintsu arte, gizon-emakumeak ez zuen krisirik ezagutzen, zulorik ezagutzen, erorikorik ezagutzen, harik eta hogeita hamar urte b...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Poliki-poliki hasten gara hazten, "heldutasun" deitzen den horretara abiatzen, zuzen-zuzen, itzulingururik gabe, noiz edo behin begi bat atzera emanez, atzean zer geratzen ari zaigun ahazteke, noiz edo behin beste begia aurrera erabiliz, han zer dugun ikusteko, zeru ala lur ote ezin baitaiteke jakin bertaratu arte; edo, litekeena ere badena, begiak itsu, zentzumenak itxi eta burua sorgor. Poliki-poliki, horixe da dagoen aldea, antzinako belaunaldiekin. Izan ere, ia oraintsu arte, gizon-emakumeak ez zuen krisirik ezagutzen, zulorik ezagutzen, erorikorik ezagutzen, harik eta hogeita hamar urte betetzen zituen arte. Krisiak hiru alde zituen: sortze lana amai zitekeen -baita sortzailea ere-; sortze ahalmena lehendabiziko aldiz ageri zitekeen; edo aldaketa gerta zitekeen sorkuntzan.

Asko dira -artista jendeaz ari naiz- berrogei urteak bete baino lehenago joandakoak: Mozart, Rafael, Chopin, Rimbaud, Purcell, Baudelaire... Sorkuntzan izandako aldaketak ere nabariak dira zenbait artista aztertzen baditugu. Bach, esaterako, organo-jotzaile izan zen 38 urte bete arte; hortik aurrera hasi ziren haren konposizio-lanak, goi mailakoak guztiz. Racinek hamahiru urtez ezagutu zuen etengabeko ospea eta Phèdre idatzitakoan 38 urte besterik ez zuen. 33 urte betetakoan bere lanbideari utzi zion Gauguinek, eta 39 zituelarik hasi zen pintatzen. Goethek, 37 urte zituelarik, erabat aldatu zen, Italiara egindako bidaiaren ondoren. Miguel Angelek 29 urte zituela amaitu zuen bere David. Beethovenek, Shakespearek, Goethek, Couperinek, Balzacek, Voltairek, Verdik, Goyak, Durerok, besteak beste, heldutasunean egin zituzten beren lanik zoragarrienak.

Krisia norbera bere errealitateari egokitzeko dituen zailtasunek sortua da. Gazte denboran mundua behera erotzen bada, eskizofreniaren kariaz izaten da; heldutasunean, depresioaren kariaz. Dante, 37 urte zituela, hasi zen Divina Comedia idazten, Florentziatik kanpo zegoenean, erbestean: "Gure bizitzaren erdi aldean, baso ilun batean galdu nintzen. Zein zaila zaidan baso horretaz hitz egitea, haren oroitzapenak nire izua areagotzen baitu. Hain da mingarri, non heriotza bera ezin daitekeen okerragorik izan". Interpretazio asko eman diren arren, nik uste, Dantek bere heriotza ikusten duela aurrez aurre; eta bere heriotza ikusten duelako erbesteko baso ilunean, hasten da idazten, idaztea heriotzaren aurka jartzen den lubakia baita.

Adin batetik aurrera bizitza aldapa gora doa; bere lauak izango ditu, zalantzarik ez, baina gehienbat aldapa gora doa. Baina behin aldapara iritsita, handik aurrera begiraturik ikusten dena bidaiaren beste aldea da, bizitzaren bigarren aldia, heriotzarainoko bidea. Aldapa gora igo denak badaki heriotza benetakoa dela, eta hurbila baino gehiago, berea. Hurbiltasun hori izurik gabe sentitzea, horra hor heldutasunaren lana. Izuak hondamendia baitakar berarekin. Izuak mozorroak janzten ditu, eta izuak jota dagoenak mila trikimailu asmatzen ditu izua izutzeko, izua baztertzeko, izua disimulatzeko. Bere burua sinestarazi nahi dio ez dela sekula hilko, beti gazte iraungo duela gero eta zaharragoa izango den munduan. Denboraren aurka jokatu nahi du, jakiteke denbora amarru zale dela eta beti tranpak egiten dituela, jakiteke denborari irabazteko denbora izan behar dela, denboraz osatua, denboraz betea, denboraz antzaldatua. Baina besterik ez dakitenez, lehiatzen dira eta zintzilikatzen denboraren adarrean, eta hilez doaz bizirik, une oro biziz bainoago hilez.

Ez da erraza heldutasun duin baten jabe izatea. Gaur egun hogeita hamar urte bete berri denak ez du halakorik ezagutuko: gaur egun heldutasuna beranduagoko kontua baita, bada ere. Ez da erraza heldutasunak zor duen lasaitasuna lortzea, barne eta kanpoa orekan eta lasaitasunean gordetzea, kanpora ateratzea barnea bakean dagoenean, eta barnera ezkutatzea kanpoa nekagarri denean, eta ez atseden ez atsegin ematen ez duenean.

Dantek idatzi zuen, Paradisu izeneko zatian: "Baina orain nire desira eta nire nahia, beti berdin dabilen gurpila bezala, ibiltzen hasi ziren Maiteren eraginez, horrek berak mugiarazten baitie eguzkiari eta izarrei".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En