Gaiak

Gehiegizko zintzotasuna

Ezkertiartzat hartu ohi den pentsamoldearen aurreiritzi politiko zein estetikoek luzaroan mantendu ninduten Kunderaren literaturatik urrun samar. Ez nuen, garai gazteegi haien inozotasun irmoak eraginda, inolako gogorik idazle txekiarraren liburuak irakurtzeko. Hirurogeiko hamarkadan Pragatik aldegindako gizakiek ez omen zuten merezi geroxeago Ameriketako diktaduretatik ihesi etorriko zirenek jaso zuten oniritzi ideologikoa -ezta ere sikiera errespetua-. Egia da ofizialki gauzak alderantziz izan zirela neurri handi batean: Cristina Peri Rossi uruguaiarrak aspaldi zioenez, ekialdetik zetorren K...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Ezkertiartzat hartu ohi den pentsamoldearen aurreiritzi politiko zein estetikoek luzaroan mantendu ninduten Kunderaren literaturatik urrun samar. Ez nuen, garai gazteegi haien inozotasun irmoak eraginda, inolako gogorik idazle txekiarraren liburuak irakurtzeko. Hirurogeiko hamarkadan Pragatik aldegindako gizakiek ez omen zuten merezi geroxeago Ameriketako diktaduretatik ihesi etorriko zirenek jaso zuten oniritzi ideologikoa -ezta ere sikiera errespetua-. Egia da ofizialki gauzak alderantziz izan zirela neurri handi batean: Cristina Peri Rossi uruguaiarrak aspaldi zioenez, ekialdetik zetorren Kundera bezalako jendea heroi gisa izan zen mendebaldean hartua, Espainiara heltzen ziren idazle amerikarrak susmagarriak ziren bitartean. Ezker makurrezinari, berriz, ez zion ziria sartuko sozialismo erreala deitua izan zen horri uko egiten zion inork.

Eta, hala ere, egun batean Kunderaren liburu bat erosi nuen. Saiakera bat zen, nobelari buruzkoa, prebentzio guztiekin irakurri nuena, baina halaber liburuan aurrera egin ahala nire susmorik txarrenetako batzuk betetzen nola zihoazen sentitzeak ematen zidan barruko poztasunaz. Arrazoizkoak ziruditen gogoetei, aldiz, kasu gutxi egin nien. Benetako amorrua -horrelakorik ere izan baitzen- Mexikon gertatutako lurrikara bat aipatzen zuen orrialdean piztu zitzaidan. Ehundaka hildako eta zaurituei hitz batzuk eskaini beharrean, idazleak Octavio Paz bere laguna nola ote zegoen galdetzen zion bere buruari. Horixe soilik axola bazitzazion bezala, bere lagunaren eta haren bibliotekaren egoera. Axolagabeziaren bekatua, gainera, bikoiztu egiten zuen bere arduraren kausa idazle mexikarrara zela argituz, ezaguna baitzen hura ere ez zela ezker klasikoaren batere lagun. Denborak gehiena sendatzen duenez, gero ohartu nintzen Pazen kritika sakonak edozein totalitarismo motak eragin behar duten gaitzespenarekin zeudela lotuak eta bere eginahal etikoa planteamendu horien indargabetze ideologikoan zetzala -gure artean, bide batez, oraindik bete gabe dirauen lana-. Baina orduan uste nuen Kunderaren berekoitasunaren itsukeria ezin zela urrunago joan.

Ez da horrela, ordea. Orain badakit, denbora pasa behar izan den arren, ezbeharraren aurrean gizakiak beregan pentsatzeko ezin saihestuzko joera agertzen duela ia beti eta hori naturaltzat hartu besterik ezin dugula. Garai gazteegi haietan Kunderaren liburuan mindu ninduena hori agerian ikustea izan zen, pentsatutakoa, zorigaiztoz pentsa dezakeguna, lotsarik gabe idatziz ikustea. Orain badakit hori, eta gehiegizko zintzotasun horrengatik edozeini har diezaiokedala gorroto, nirea ere aski ondo izan daitekeen erreakzioa isla dezakeelako, besteak beste. Baina berekoitasunaren ildoan urrunago joaterik bada. Duela egun batzuk Madrilgo atentatu izugarriei buruzko gogoeta laburrak irakurri ahal izan nituen. Haien artean hemengo zinemagile famatuegi batenak ere bazeuden. Martxoaren 11k eragin zizkion hasierako inpresioak, zerbait esatearren, zinez bitxiak dira: artean betiko terroristen lana zela uste zuenean, bururatu zitzaion lehen gauza izan zen nola aterako zen bera kalera handik aurrera, ministeritzatik eta beste hainbat tokitatik bere filmaren edukiagatik jaso zituen irainen ondoren. Hildakoen kopuruak etengabe gora egiten zuen bitartean kulturagilea bere buruaz eta ez beste edozertaz arduratzen zen. Dudarik ez dago erabat zintzotu zela gogoeta moduko haietan, baina ez dakit zenbateraino interesatzen zaigun gainerakooi hain era traketsean bere burua biluzteko egin zuen saioa, ez bada garbi ikusteko beste jende asko -gehiengoa, uste nahi dut- ez zela momentu haietan bere miseria txiki edo handietan pentsatzen ari, baizik eta Madrilen gertatutakoaz.

Baina akaso, zer arraio, arrazoi dute beste erara jokatzen dutenek, berea edozein gertaeraren gainean jartzen dutenek, Quevedoren eskarmentuari jarraiki (Vive para ti solo, si pudieres; / pues sólo para ti, si mueres, mueres). Hori, dena den, Kunderaren gehiegizko zintzotasuna baino zerbait gehiago da. Lotsagabekeria, esaterako.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En