Gaiak

Ama

Egunaren azken argiak etxeko leihoetatik gora zihoazen ihesi semea atarian ikusi zuenean. Laugarren solairutik antzeman bazuen ere, konturatu egin zen semearen aurpegiak berri txarren bat iragartzen zuela. Bourbon botila armairuan ezkutatu eta zigarro bat piztu zuen salako leihora gerturatu baino lehen. Igogailuaren hotsa entzuten ari zen bitartean, pentsatu zuen segundu haiek jasanezinezko zama bilakatzen ari zirela, ordurarteko ziurtasun guztiak desegiten ari baitzitzaizkion, esku beroetan argizaria bezalaxe.

Hil edo biziko sekretuak noiz arte gorde daitezkeen jakitea izan zen ...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Egunaren azken argiak etxeko leihoetatik gora zihoazen ihesi semea atarian ikusi zuenean. Laugarren solairutik antzeman bazuen ere, konturatu egin zen semearen aurpegiak berri txarren bat iragartzen zuela. Bourbon botila armairuan ezkutatu eta zigarro bat piztu zuen salako leihora gerturatu baino lehen. Igogailuaren hotsa entzuten ari zen bitartean, pentsatu zuen segundu haiek jasanezinezko zama bilakatzen ari zirela, ordurarteko ziurtasun guztiak desegiten ari baitzitzaizkion, esku beroetan argizaria bezalaxe.

Hil edo biziko sekretuak noiz arte gorde daitezkeen jakitea izan zen bere kezkarik larriena semea koxkortzen zihoan bitartean. Urte haietan emanda zion heziketa egokia iruditu izan zitzaion gehienetan, eta aipatu behar ez zena giltzapean gordeta hobeto zegoela zeritzon. Dolumina beretzat bakarrik zela esaten zion bere buruari, ez zuela inoiz ere semearen bizitza kutsa zezan utzi behar. Ezinezko ahanzturaren ordez, isiltasunak eta istorio asmatuek (bestela esanda, gezurrek) bere lana ondo egingo zutela uste zuen. Zalantzak, hala ere, piztu egiten ziren noizbehinka bere baitan, bere gau gordinak are zailago bihurtuz.

Lehenbiziko urteak izan ziren errazenak. Semeak zorion apur bat ekarri zion halakorik jada espero ez zuenean. Bakardadean pasa beharreko sei hilabete haien ondoren, etorkizun zabalari ateak ireki zizkion aspaldiko partez, bere bizitza berreraikitzeko asmoarekin. Hiri hartatik alde egiteko beharra eta nahia baretzen joan ziren pixkanaka eta, azkenean, denbora pasatzen utzi eta gero, hantxe gelditu zen, umearen eskola zela eta, edo beste edozein aitzakiarekin, bizitokiz aldatzeko erabakia behin eta berriz atzeratuz. Semea, gainera, pozik ikusten zuen bere adineko lagunen artean eta horrelako aldaketa batek kalte besterik ez ziola egingo pentsatzen zuen.

Aitari buruz galdetzen hasi zitzaionean, sei bat urte zituela, marinelaren istorioa asmatu zuen. Oso urrun zegoela eta hilabete asko pasa beharko zirela aitak itsasuntzia utzi eta etxeratu baino lehen. Uste zuen modu horretan denbora irabaz zezakeela aita hilda zegoela ezinbestean esan beharko zion unea heldu arte; ordurako, hain urrun ibilia zen aita ezezagunaren heriotzak, apurka administratuak, ez zion semeari min handirik egingo. Marinela, izan ere, hil egin zen semeak bederatzi urte zituela. Amaren aurpegi ihartuan malko askorik ikusi ez zuenez, semeak ere ez zuen negar gehiegirik egin.

Dena salbu zegoela iruditu zitzaion handik aurrera. Sekretuak betiko gorde zitezkeelako segurantzak kemena eman zion aurrerantzean ere semearen begirada errugabeari eusteko. Nerabezaroan bestelako arazo ugari agertu ziren, baina semeak iraganaren arriskuetatik ondo baino hobeto babestuta zirudien. Ahaztu ezinaren samina bourbonez itotzen saiatuko zen bera, besterik ezean, baina garrantzizkoena egina zegoen.

Hemezortzi urterekin soldaduska egitea nahi zuela esan zionean ama harritu eta urduritu egin zen era berean. Itxoin zezala eskatu zion alferrik, erabakia hartua baitzuen ordurako. Semeak lehenbailehen libratu nahi omen zuen eginbehar hartatik eta urte hartako zozketan agertuko zen bere izena. Arratsaldeko lehen orduan semea Gobernu Militarrera joan zen kontu haiek argitzera. Amaren urteetako planean zerbait zegoen haustear, eta berak aurresentipen huraxe zeukan. Etxean zegoen, gelako leihotik kalera begira, ordu gutxietan gerta zitekeenak bere bitzitzaren lanik mingarriena nolabait deusezta zezakeela jakiteak ematen zion urduritasunaz. Baina ez zekien, ezin zuen zehazki jakin, semeak bizpahiru hitzetan ezagutuko zuela egia osoa, polizia izandako bere aita zena terroristek duela hemezortzi urte erahil zutelako berak ez zuela soldaduskarik egin behar, libre zegoela betekizun hartatik. Artean ezin zuen imajinatu ere egin, egunaren azken argiekin semea atarian ikusi zuenean, hurrengo segunduek bere bizitzako unerik luze eta larriena ekarriko ziotela. Ateko sarrailan giltzen hotsa sentitu zuenean, lurrera erori zen konorterik gabe.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En