Gaiak

Argazkiak

Argazkiaren oin-oharra irakurri nuenean ez nintzen larritu, printzipioz. Oin-oharrak argi eta garbi uzten zuen zein zen izenburua: "Elsa Braun, Alsfed, Germany". Inola ere ez Maria Kutuzova; inola ere ez Bulgaria. Azken batean, denoi gustatzen zaigu gauzak ondo egitea, baina errua ez zen nirea.

Proiektua erakargarria zen, berez. Argazki batzuen gaineko fikzioak asmatzeko proposatzen zitzaigun zenbait idazleoi. Argazki horietako bat aukeratu eta hilabete pare bat izango genuen ipuina burutzeko.

Beti bezala, denbora pasatzen utzi nuen; azkenean, argazki sortara jo eta bat aukeratu ...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Argazkiaren oin-oharra irakurri nuenean ez nintzen larritu, printzipioz. Oin-oharrak argi eta garbi uzten zuen zein zen izenburua: "Elsa Braun, Alsfed, Germany". Inola ere ez Maria Kutuzova; inola ere ez Bulgaria. Azken batean, denoi gustatzen zaigu gauzak ondo egitea, baina errua ez zen nirea.

Proiektua erakargarria zen, berez. Argazki batzuen gaineko fikzioak asmatzeko proposatzen zitzaigun zenbait idazleoi. Argazki horietako bat aukeratu eta hilabete pare bat izango genuen ipuina burutzeko.

Beti bezala, denbora pasatzen utzi nuen; azkenean, argazki sortara jo eta bat aukeratu nuen: aizkora bat ageri zen idazmahai baten gainean, zaharrak ziruditen liburu batzuen artean. Ipuina sortzen sumatu nuen, pixkanaka: idazmahaiaren azpian unibertsitateko irakasle bat datza, odol putzu baten erdian; hiltzaileak, mahaiaren gaineko eskuizkribuak ez zikintzearren edo, arretaz garbitu du aizkoraren ahoa.

Ideia bat besterik ez zen, ipuinaren hazia: idatzi izan banu auskalo zein norabide hartuko zuen narrazioak. Edonola ere, editoreari dei egin nion berehala: aizkoraren argazkia nahi nuela. Zoririk ez, ordea: hartuta zegoen jada. Jon Alonsok aukeratu bide zuen, eta baita ipuina amaitu eta entregatu ere. Kakitzat. Ez zen epea amaitzeko asko falta.

Ahalegin berrian zuri-beltzean erretratatutako emakume baten begiradak harrapatu ninduen; atzealdean eliza, ortodoxo batenak iruditu zitzaizkidan bi dorre kupuladunen silueta, laino artean. Argazkiak, beste guztiek bezala, ez zeukan izenbururik. Antza.

Ipuina ez zen horren bizkor heldu. Argazkia etorkin bulgariar baten gelaxkan dago, pareta batean zeloz itsatsia. Hilabete gogorrak dira inmigrantearentzat. Neskalagunaren erretratua, itxaropen alderantz irekita duen leiho bakarra. Baina bi urte igaro dira, eta neskaren berririk ez du Andrei-k. Azkenean, Txurdinagako neska batekin hasi da irteten; Bulgaria urruneko neskalagunaren oroimena lausotuz doa, bitartean. Halako batean zeloa desitsatsiko da, eta erretratua mahaiaren eta hormaren arteko zirrikitutik behera eroriko. Aste batzuk geroago konturatuko da Andrei argazkiaren desagertzeaz. Eta une harrigarri horretan bertan joko dute atean kax-kax, eta irekitzean berreskuratu berri duen argazkiko begirada berbera izango du aurrean. Maria Kutuzovaren begirada.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Ipuinaren berri zehatzagoa izan nahi duenak eskura du liburua; hau laburpena besterik ez da. Han aurkituko du, baita ere, Jon Alonsok asmatu zuena aizkoraren kontuaren gainean. Eta argazkiak, noski. Argazkilariek eman zizkieten jatorrizko tituluekin. Eta nire Maria Kutuzova ez zen Maria Kutuzova, Elsa Braun baizik; eta atzealdean ikusten zen paisaia ez zen Bulgariako herrixka galdu batena, Alsfed-ekoa baizik: Alsfed-eko eliza luterotarraren kanpandorreak. Esan bezala, ez nintzen gehiegi arduratu, hutsa ez baitzen guztiz nirea.

Baina izango nuen motiborik. Duela astebete nire etxeko atean jo zuten kax kax, eta irekitzean argazkiko emakumearen begiradarekin topo egin nuen aurrez-aurre. Elsa Braunen begirada, eta bere aurpegi zahartuagoa. Ingeles eskasean adierazi zidan, totelka, bere bizitza itzuli egin behar niola, ondo gogoan zuela Alsfed hirian bizi zela, haur literaturako liburuen ilustratzailea zela, baina derrepentean zekien alemanera guztia ahaztua zuela, eta bulgariarrez baizik ez zekiela orain hitz egiten, ingeles urri horretaz gain. Alsfeden inork ez ziola sinesten, eta epaitegi batek hasiak zituela deportaziorako tramiteak. Lagundu egin behar niola.

Izututa, atea itxi nuen danbateko batez. Deiadarka egon zen tarte batez eskailera-buruan, alde egin edo eraman zuten arte, ez dakit; nire gelan entzerratu nintzen. Eta han jarraitzen dut, kalera irteteko ausardia bildu ezinik. Hainbat aldiz jo du telefonoak, baina ez dut hartu. Ez dakit Elsa Braun izango zen, edo, hobe esanda, Maria Kutuzova. Ez dut jakin nahi.

Oraintxe bertan zabaldu dute berria egunkari elektronikoek. Jon Alonso hilda aurkitu dute NUPen duen bulegoan. Aizkorakada batez hilda.

Archivado En