Gaiak

On handia

Berarekin izandako lehen eta azken solasaldia betiko geldituko dira nire gogoan. Lehenbizikoa aspaldi izan zen. Soilik argazkietatik ezagutzen nuen eta bere etxeko atarian ikusi nuenean, kasu horietan izan ohi den sentipena nabaritu nuen nik ere, dagoeneko gizaki ezagun eta hurbila iruditzen zaigun norbaiten aurrean estreinakoz aurkitzen garenekoa.

Gauza askotaz hitz egin genuen egun hartan. Zehatzago izatearren, gauza askori buruz galdetu nion eta berak erantzunak eman zizkidan, atzo bertan jasoak izan balira bezala nire oroimenari ondo itsatsita dirautenak. Geroago pentsatu izan dut b...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Berarekin izandako lehen eta azken solasaldia betiko geldituko dira nire gogoan. Lehenbizikoa aspaldi izan zen. Soilik argazkietatik ezagutzen nuen eta bere etxeko atarian ikusi nuenean, kasu horietan izan ohi den sentipena nabaritu nuen nik ere, dagoeneko gizaki ezagun eta hurbila iruditzen zaigun norbaiten aurrean estreinakoz aurkitzen garenekoa.

Gauza askotaz hitz egin genuen egun hartan. Zehatzago izatearren, gauza askori buruz galdetu nion eta berak erantzunak eman zizkidan, atzo bertan jasoak izan balira bezala nire oroimenari ondo itsatsita dirautenak. Geroago pentsatu izan dut bere burua arraro samar sentitu behar zuela era guztietako galderak egiten zizkion mutiko haren aurrean, baina, egia esan, orduan ez zuen konprenitzekoa litzatekeen nekearen izpirik ere azaleratu. Lehenbiziko solasean bere emaztea izan zitzaigun lagun, lagun berezia, gainera, txikitan (lauzpabost urterekin) nire maistra izandakoa baitzen. Emaztea ondo gogoratzen zen nitaz; ez, ordea, alderantziz: iraganaren lainoak urratuz, halere, gai izan nintzen handik gutxira irribarre argitsua zerion aurpegi hari nire bizitza laburrean zegokion tokia bilatzeko.

Salaren apalategi itzeleko liburuak arakatzen utzi zidan. Bete-bete egina zegoen ezagutzen ez nituen izen eta tituluez. Orain badakit apalategi hark idazleen liburutegiei buruzko nire irudia baldintzatu zuela, denborarekin ez aldatzeaz gain, indartu ere egin dena. Badakizue, lurretik sabairainoko zurezko egitura, liburuak nonahi eta bi ilaratan, dena egundoko desordena ederrean. Thomas Bernharden liburuak ikusi nituen lehenbiziko aldiz. Berak hura irakurtzea gomendatu zidan, baina bere etxeko edozein liburu (edo ia edozein) gomenda ziezadakeela uste dut. Dena den, kasualitate hutsaz izan bada ere, urte hauetan ez diot utzi Wittgensteinen iloba idatzi zuenaren obra irakurtzeari. Berehala erakarri ninduen etxe hartatik, halere, José Antonio Maravallen La cultura del Barroco delako liburuarekin atera nintzen. Hiru bat urte igaro ziren liburu hura itzuli nion arte: berak ez zidan sekula ezer esan, eta ez gogoratzen ez zelako.

Azken solasaldia artean ere askatasunean izan zen. Hurbil zeuden garai ilunagoak, bera bezalako jendearen bizitza modu krudel bezain nazkagarrian zapuztu nahi izango zutenak, baina artean ere libre paseatu ahal zuen, bizkartzainik gabe, etxe ondoko parketik. Etxetik kalera ateratzen ikusi nuenean, sumatu nuen denborak ez zuela aurrera egin urte haietan, ez behintzat bere azalean, nik zentimetro batzuk gehiago izango nituen arren, bizarraz aparte. Nire lanaz eta egoeraz galdetu zidan, baina handik gutxira hain berezko zuen ahalmenarekin bere proiektu berriak azaldu zizkidan, niretzat, jakina, gehiegizkoak ziren xehetasunekin. Zinez eskertu nion konfiantza osoz eta murrizketa nabarmenik gabe kontatu zidana Espainiako lehen Konstituzioari buruz eta XVIII. mendeko idazle eta politikoek zeuzkaten ideien gainean. Izan ere, bere bigarren doktorego tesiaren muina irekitzen ari zitzaidan egun hartan.

Solaskidea isilik (edo liluratuta) ikustea ez zuen gustoko eta aukera eman zidan dakidanari buruz hitz egiteko, bulgarieraren gainean galdetu zidanean, nahiz eta gero era trakets eta bizkorregian erantzungo nion. Baina ziur nago, behin baino gehiagotan horrela frogatuko baitzidan, nire hitzei jarritako arreta ez zela kortesiazkoa soilik. Etxeraino lagundu nion, eta agur esateko garaian, gure lehen solasaldian ukitutako gai bati buruzko nire lana oparitu nion. Izenburua irakurri zuenean, esango nuke berehala konturatu zela eta konplizitatearen irudi hura mantendu dut gaur arte. Orduan, noski, ez nekien batzuek ezin izan zutena gaitzak egingo zuela eta agian horregatik, geroko irudien gainetik, azken egun haren atsegina eta poza gordeko ditut betiko. Izan ere, on handia izan da, Mario, eman diguzuna, klasikoek egin bide duten bezala pertsona hobeak sentitzeko aukera eman baitzenigun. On handia, hortaz, joan berri den urteak eskuetatik kendu diguna ezerezaren (edo zurztasunaren) truke.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En