Reportaje:Gaiak

Espazio-izakien uztartze berria

Idazleen lekua aldarrikatzetik literatur sorkuntzarena aldarrikatzera igaro dira hainbat idatzi

Gaur hizpidera ekarriko ditudan narrazioak (osoki edo ataletariko bat, bederen), ezagunak nituen berriki argitaratu aurretik. Yolanda Arrietaren eleberriak Irun Hiria literatur saria irabazi zuen 1997. urtean, nahiz eta gerora kritikarentzat oharkabean igaro. Bestetik, Gutiziak ipuin bildumak Aurelia Arkotxa eta Ixiar Rozasek plazaratu berri dituzten lanen laginak eskaini zizkigun. Izan ere, euskal emakume idazleen bilduma hartan ipuin modura argitaraturikoak, oraingoan narrazio marko zabal batean txertaturik eskaintzen baitira. Honek, narrazio hauen irakurketa bideak moldatu ditu, best...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Gaur hizpidera ekarriko ditudan narrazioak (osoki edo ataletariko bat, bederen), ezagunak nituen berriki argitaratu aurretik. Yolanda Arrietaren eleberriak Irun Hiria literatur saria irabazi zuen 1997. urtean, nahiz eta gerora kritikarentzat oharkabean igaro. Bestetik, Gutiziak ipuin bildumak Aurelia Arkotxa eta Ixiar Rozasek plazaratu berri dituzten lanen laginak eskaini zizkigun. Izan ere, euskal emakume idazleen bilduma hartan ipuin modura argitaraturikoak, oraingoan narrazio marko zabal batean txertaturik eskaintzen baitira. Honek, narrazio hauen irakurketa bideak moldatu ditu, besteak beste, bi modutara: batetik, narrazioak osotasun baten atal modura aurkeztean, ezinbestean, gainerako atalek zentzuz blaituko dute; bestetik, idazlearen irudiaren espazioa (emakumearen espazioa literatur sisteman, preseski) aldarrikatzen zen bilduma batean argitaratzetik, literatur sorkuntza oso modura aurkezturiko adierazpidean murgilduko dira narrazio hauek. Bide batez, emakume idazlearen espazioa aldarrikatu izanaren ondorioz? Dena den, idazleen espazioa aldarrikatzetik literatur sorkuntzaren espazioa (fikziozko mundua) aldarrikatzera igaro dira. Halaber, ez al du fikziozko mundu horrek irudikaturiko espazio eta izakien arteko harremana hausnarketara eramaten? Nolanahi ere, espazioa eta pertsonaiaren arteko kateatzea erabatekoa da, pertsonaiarik gabe ezin baita espazioa irudikatu, eta ezin da pertsonaiarik irudikatu espaziorik izan ezean (denborarekin gertatzen den modura).

Fikzioak pertsonaiak eta espazioaren arteko harremanari buruzko hausnarketara darama

Fikziozko espazio eta izakien arteko uztardura islatzeko, muturreko fokalizazio hauek antzeman ditugu: Ixiar Rozasek (Sartu, korrontea dabil) begirada izakiarengan jarriz irudikatuko du espazio-izaki harremana (izakitik espaziorako fokalizazioa). Aurelia Arkotxak (Septentrio), bestalde, espazioa bera izango du begiradaren ardatz (espaziotik izakirako fokalizazioa).

Sartu, korrontea dabil lanean aniztasuna da nagusi: pertsonaia ugari (etorkina, kokainomanoa, itsua, biolinista, eskalea, okina, argazkilaria...), fokalizazio aldakorra, denbora jauziak... Gainera, pertsonaia bakoitzaren zirraren berri emateko, mikroespazio irekiak irudikatu ditu. Baina, narrazioen hariak aurrera egin ahala pertsonaia guztiak elkarrekin uztartuko ditu. Honela, pertsonaiak itsasoan harrapaturiko ur tantak baliran, hainbat korronteetan topo egiten dute. Are gehiago, pertsonaia berri baten inguruan solasean dabilenean ere gainerakoen oihartzuna etengabe xarrataka antzemango dugu, gero eta ozenago. Liburuaren azken atalean, sorturiko mikroespazioen orokortzea eginez, horien lekutzea den hiria bera (Paris) izango du hizpide. Izan ere, gizaki eta hirien arteko kateatzeaz jardungo du. Halere, kateatze horren behin behinekotasunaren beharra iradokiko du; hiriz hiri ibiltzearen beharra, ibiliaz jardutearen beharra. Ideia hau jada bere lehen eleberrian iradokitzen zitzaigun atalek irudikaturiko denbora zirkularrean: 'Kaia, Bidaia...'.

Septentrio bilduman geografia izango da narrazioen abiapuntua. Espazioen deskribapen eta lekutzeari ekinez, hainbat pertsonaien inguruko bizikizun eta gogoetak azalaraziko ditu, gero eta nabarmenago liburuak aurrera egin ahala. Baina, nahiz eta han hemenka pertsonaiak gorpuztu, geografien gailentzea erabatekoa da. Batetik, deskribapenak baitira nagusi, narraziotako pertsonaia aipagarriena, nire ustez, paisaia hauen begirale hori, miresle hori izanik. Bestetik, bidaia koadernoen edo bidaia giden eredura osatu du bildumaren hezurdura. Liburu klasikoen moldea jarraituz eta hainbat narrazio klasikori erreferentzia eginez, mitikotasuna darie kontakizunei.

Jostorratza eta haria eleberriak ere gida baten itxura hartzen du: nolabait, josten ikasteko gida batekin pareka genezake. Hortaz, adabaki modura aurkezturiko hainbat bizitza pusketa eskainiko zaizkigu. Belaunaldi ezberdinen bizipenak harira ekarriz (historiaurreko gizakien inguruko erreferentziak ere eginez), Yolanda Arrieta aurkezturiko egoeren unibertsaltasuna aldarrikatzen saiatzen dela dirudi.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Bi bide berri Arkotxa eta Arrietarenak, generoen hibridazioarekin batera, espazio berri bati bidea ireki diotenak. Bestelako taxurako narrazioak irakurtzera ohituak, geografia honetan eta joste hauetan murgiltzeak sarritan ahalegin berezia eskatuko digu. Baina, nire ustez, saiatzeak merezi izango du, irudimenaren aktibatzearen onuran.

Archivado En