Gaiak

Mizerikoletea

Oraindik mutikoa zela, Vladimir Nabokov Miarritzera joan zen 1909an (bi urte lehenago ere hantxe izana zen, baina orduko oroitzapenak askoz ere urriagoak dira). Lolita nobelaren ondoren idazle famatu bihurtuko zenak hamar urte besterik ez zituen orduan eta artean ere San Petersburgon bizi zen bere familia osoarekin batera. Handik hogei bat urtera ezagun samarra egingo zen, baina Europan zehar hogeita hamargarren hamarkadan sakabanaturik bizi ziren errusiar erbesteratuen artean, ez gehiago. Geroko ospe mugatu hura, alde batetik, bere aita politikariari zor zion (Vladimir D. Nabokov Berli...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Oraindik mutikoa zela, Vladimir Nabokov Miarritzera joan zen 1909an (bi urte lehenago ere hantxe izana zen, baina orduko oroitzapenak askoz ere urriagoak dira). Lolita nobelaren ondoren idazle famatu bihurtuko zenak hamar urte besterik ez zituen orduan eta artean ere San Petersburgon bizi zen bere familia osoarekin batera. Handik hogei bat urtera ezagun samarra egingo zen, baina Europan zehar hogeita hamargarren hamarkadan sakabanaturik bizi ziren errusiar erbesteratuen artean, ez gehiago. Geroko ospe mugatu hura, alde batetik, bere aita politikariari zor zion (Vladimir D. Nabokov Berlinen 1922an erahil zutenari), eta bestetik, erbestean idatzitako literatur lanetan oinarritzen zen (haien artean, Luzhiren defentsa izeneko nobela laburra, berriki zinera eraman dutena, edo aldizkari ezberdinetan agertzen joan ziren ipuinak, batzuk benetan gogoangarriak).

Miarritzera bere familiaren aisialdietako batean heldu zen Nabokov gaztea. Haien asmoa, beraz, denbora ahalik eta lasaien igarotzea zen. Eta horixe da hain zuzen egun haietan egin omen zutena, gero bere memorietan idazleak kontatuko zuenaren arabera. Miarritzeko hondartzan igaro zituen orduak, uraren eta harkaitzen ikuskizunaz gozatuz. Itsasoaren olatu bortitzen kolpeak jasanez bainu apartak hartu zituen, horretarako propio prestatuta zeuden baigneur profesionalen eskutik, eta nahikoa astia izan zuen aldameneko jendea, berak euskalduntzat hartu zuena eta agian bazena, aztertu eta oroimenean gorde ahal izateko. Euskaldun haiek indartsuak zirela diosku bere memorietan (ingelesezko testuaren itzulpenean, aldiz, adjektibo haren ordez 'zakar' hitza agertzen da zerbaitegatik: itzultzailearen traizio bat ala Nabokov beraren iritzi-aldaketa? Bera izan baitzen errusierazko zein ingelesezko bertsioen egilea).

Egunak patxadatsu zihoazen aurrera, oporretan zegoen mutikoaren lasaitasuna urratu gabe. Baina honek bazuen, kontrolpean bazen ere, sekula ahazten ez zitzaion obsesio bat, oporretan ere burutik kentzerik ez zuena, izan ere momenturik lasaienetan zegoenean izaten baitzuen aukera sekula abandonatuko ez zuen afizioari heltzeko. Nabokovek lepidopteroak maite zituen eta intsektu haien bilketa eta azterketa zen, literaturaz aparte, haren grina nagusia. Orri dexente beteko zuen gero haien deskribapenez eta tximeletak harrapatu eta sailkatzeari ez zion sekula utzi. Artean ere oso gazte zela, ospeko irakasle batekin eztabaida gogor bat izan zuen ordura arte ezezaguna omen zen lepidoptero baten jatorriari eta sailkapenari buruz. Nabokovek zioen bera izan zela hura deskubritu zuena, irakasleak, berriz, meritu hura ukatzen zion, bere burua baitzuen deskubrimendu haren egiletzat. Arazoa xehetasunetan eta batez ere data kontuetan galtzen da, baina argi uzten du arlo honetan Nabokovek azaleratzen zuen pasioa.

Intsektu haiei buruz zerbait gehiago ikasteko parada ez zuen inoiz galtzen. Eta horrela erakutsi zuen Miarritzen izan zenean ere. Hara heldu bezain pronto, mutikoaren arreta tximeletengana bideratu zen: lasiocampa quercus eta gonepteryx izenekoak dira haren sarean erortzen zirenetako batzuk. Ohiko bainu haietako bat hartzen ari zela, zerbitzatzen zion gizon konkordun bati hegal koloredun eta udaberrian batez ere ikusten diren intsektu alai haien euskarazko izena galdetu zion. Gizonak, ziur aski, izen zuzena emango zion Nabokovi, baina honek gaizki ulertu edo, agian errazago, gaizki gogoratu zuen hitz hura bere memoriak idazterakoan: han idatzi zuena, edo idazleak dioen bezala, bere oroimenaren kristalezko gelaxka batean betiko gorde zuena 'mizerikoletea' baita, zerbaiten antza izan dezakeena, dudarik gabe, baina zuzena, hala ere, ez dena. Memorien errusierazko bertsioak ez du gehiago esaten: 'Mizerikoletea'. Ingelesezkoan, aldiz, datu gehiago dago. Han irakurtzen denez, euskaldun hari aditutako hitza hiztegietan bilatzen saiatu zen eta antzekoak ziren euskarazko zazpi hitz aurkitu zituen. Haien artean, Nabokovek 'mitxeletea' hautatu zuen ingelesezko testuari gehitutako lerro hartan sartzeko, hau da, metatesiak gora behera, 'tximeleta'.

Egia da Nabokoven eta euskararen arteko harremanak horretantxe gelditu zirela. Ez dago haren gainerako lanetan beste euskal hitzik. Tximeleta da bakarra. Baina a ze hitza! Nabokov handiaren izaera eta agian munduari begiratzeko modua laburbil ditzakeen hitz egokiagorik ez dago euskal hiztegi osoan.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En