Tribuna:

Arratsaldeko bostak

IVÁN IGARTUABegi ertzetan nabarmentzen hasiak ziren zimurrak ikusi zituen lehendabizi bere aurreko ispilu zikin eta lausotuan. Harritzekoa zen, hogeita zazpi urte besterik ez baitzuen, eta gainera masailen trinkotasunak oraindik ere bere gaztetasuna argi erakusten zuelako. Egun hartara ailegatzeko egin behar izan zituen esfortzu itzelei leporatu zien, ia nahi gabe, zimur haien agerpena. Baina lasai zegoen, eta kontent, ordua azkenik heldua zelako, azken urteotako amets iraunkorra errealitate bihurtzear zegoelako. Kaletik, leihoko kristala zeharkatuz zetorren zarata ez zen nahikoa bere baitan b...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

IVÁN IGARTUABegi ertzetan nabarmentzen hasiak ziren zimurrak ikusi zituen lehendabizi bere aurreko ispilu zikin eta lausotuan. Harritzekoa zen, hogeita zazpi urte besterik ez baitzuen, eta gainera masailen trinkotasunak oraindik ere bere gaztetasuna argi erakusten zuelako. Egun hartara ailegatzeko egin behar izan zituen esfortzu itzelei leporatu zien, ia nahi gabe, zimur haien agerpena. Baina lasai zegoen, eta kontent, ordua azkenik heldua zelako, azken urteotako amets iraunkorra errealitate bihurtzear zegoelako. Kaletik, leihoko kristala zeharkatuz zetorren zarata ez zen nahikoa bere baitan bildurik zegoenaren lasaitasun pentsakorra astindu eta desegin ahal izateko.

Galtzak janzten zituen bitartean, orain ondo samar ezagutzen zuen lurralde hartara heltzean jasotako lehenengo irudiak etorri zitzaizkion gogora. Bartzelonan utzi zuen hegazkinaren burrunba eta aireportuko palmondo hostotsuak, kostaldeko harearen distira eta itsasoaren ahots pausatua udaberriko egun argitsuegietan. Orain ere bertan balego bezala ikusten zuen dena. Jada arrunt iruditzen zitzaion paisaiari orduan nola begiratzen zion oso garbi zeukan bere oroimenean gorderik eta sekula ez zuen ahaztuko nork ahoskatu zituen gazteleraz entzundako lehen hitzak, orduan ulertezinak zirenak berarentzat. Jantzi berriko galtzak justu samar zituen, batez ere hankarte aldean, baina berehala ohituko zela pentsatu zuen, bere oraingo ezagunek esana zioten bezala.

Ispiluaren aurrean zegoela jarri zuen alkandora. Orain urrun zegoen Espainian ikusi zituen lehenbiziko bazterretatik, hegoaldeko lur haiek askozaz lehorragoak ziren eta bizimodua agian iparrean baino zer edo zer gogorragoa, baina ezertxo ere ezin zitekeen konparatu bere jatorrizko herrian pairatu beharreko bizitza latzarekin. Bat-batean, Petrozavodsk bere jaioterriko argirik gabeko neguak gogoratu zituen, bekokitik izerdia kentzen saiatzen zen bitartean.

Baina txaketa estuaren harritxo distiratsuak ispiluan islatuta ikusi zituenean, urruntasunak erakarritako bakardadearen hazia argizaria bezala desegin zen haren garun berpiztuan. Bazekien minutu batzuk besterik ez zirela geratzen gela hartatik irteteko. Eta hala ere, oraingo ezagunek esaten zioten ez bezala, barrena jan behar zion larritasun hura ez zuen inolaz ere nabaritzen. Dena prest zeukan eta inoiz baino lasaiago sentitzen zen une horietan, ziurtasunak eta norberaren indarrekiko konfiantzak bakarrik eman dezaketen lasaitasunaz. Leihora hurbildu zen eta kaletik orduan pasatzen ari zen gizon ezezagun baten aurpegian Kostia bere adiskidea ikusten ari zela otu zitzaion. Zenbat aldiz lagundu zion Kostiak burugabekeria besterik iruditzen ez zitzaion bizi-proiektu hura aurrera eramaten! A zer-nolako begiak ireki zituen Petrozavodsk herriko dendarik handienean kolore gorriko tapaki zabal bat erostera batera sartu zirenean! Baina Kostia oraingoan ez zegoen bere ondoan, urrun samar baizik, urrunegi berari, lehen egiten zuen bezala, laguntzaren bat eskaini ahal izateko.

Cipriano laguntzailea atearen beste aldetik deika ari zitzaion. Erantzun gisa "banoa" ozen bat bota zuen gela barrutik eta, handik atera baino lehen, azkeneko aldiz begiratu zion ispilu zikinean islatzen zen bere irudiari. Instant horretan soilik egin zion ihes irribarre urri batek.

Bostak puntu-puntuan ziren plazara heldu zirenean. Sarrerako zutabeetan zezenketa iragartzen zuen kartelean bere goitizena irakurri zuen estreinako aldiz. Plazara ateratzen lehena bera zen. Inguruko zaratak oraingoan ez zion Ciprianok ematen zizkion azken aholkuak entzuten utzi. Baina ordurako ez ziren oso inportanteak. Hareara jauzi egin behar zuen une batetik bestera. Eserlekuetan ikusle gehiegirik ez zegoen, baina berak plaza jendez gainezka balego bezala sentitzen zuen bere burua eta inguruko giroa. Ez zen harritzekoa. Úbeda-ko zezenplazara bere lehenbiziko zezenketari ekitera zihoan Finito de Moscú deitua izan zena. Zimur goiztiarrez inguratutako bere begi eslaviarretan aurreneko zezenaren mutur beltza ispilatu zen.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En