Reportaje:

Musika baino gehiago, bizitzeko modu bat

Ostegun gaua da. Atea erdi zabalik dago. Handik metro batzuetara halako zurrumurru urruna susmatzen da. Atea guztiz zabaldu eta zurrumurrua metalezko marruma bihurtu da. "I've got the blues, I've got the blues, I've got the blues for you" abesten ari da eszenatoki gainetik entzule askok adina urte duen gitarra astintzen duen musikariak.Dr. Blues taldeko Mikel Monasterio da, bilbotar bluesman ezaguna. Sasoi batean, Gaueko izeneko taberna mitikoaren arduraduna izan zen, 80. hamarkadan Bizkaiko hiriburuko kritikari eta musikari askoren topaleku izandakoa. Orain sei hilabete inguru aurkeztu zuen K...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Ostegun gaua da. Atea erdi zabalik dago. Handik metro batzuetara halako zurrumurru urruna susmatzen da. Atea guztiz zabaldu eta zurrumurrua metalezko marruma bihurtu da. "I've got the blues, I've got the blues, I've got the blues for you" abesten ari da eszenatoki gainetik entzule askok adina urte duen gitarra astintzen duen musikariak.Dr. Blues taldeko Mikel Monasterio da, bilbotar bluesman ezaguna. Sasoi batean, Gaueko izeneko taberna mitikoaren arduraduna izan zen, 80. hamarkadan Bizkaiko hiriburuko kritikari eta musikari askoren topaleku izandakoa. Orain sei hilabete inguru aurkeztu zuen Kafe Antzokian bere talde berria. Berak, jakina, bluesa jotzen du, txikitatik entzun eta bizi izan duen musika. Emanaldia hasi aurretik hurbildu zaion kazetariari zerbait edateko eskaini eta hark garagardoa eskatu dionean irribarrea zabaldu zaio aurpegian, "elkar ulertuko dugu" edo antzeko zerbait adierazi nahi balu bezala. Zerbitzariari keinu bat egin eta hizketan hasi da. "Hirurogeiko belaunaldikoa naiz ni. Jimmi Hendrix entzuten hazi nintzen. 14 urte nituenetik hori izan da nire mundua".

Egunero akorde berberak jotzen aspertzen ote zen galdetu zioten behin B.B. King handiari. "Hiru nota besterik ez dira, baino mundu oso bat dago bertan", erantzun zuen. Izan ere, behin eta berriz errepikatzen diren hiru akordek osatzen dute blues klasikoaren egitura. Harrigarria bada ere, oinarrizko kontzeptu horretatik hamaika konbinazio sortzen da, sarritan musikarien aldartearen arabera doinu berberak tonalitate desberdinak har ditzake eta. "Nik inoiz ez dut berdin jotzen abesti berbera", dio Monasteriok, "hori da blues-aren abantaila, funky-a edo kontzeptu klasiko bat oinarri hartuta jo dezakezu, estilo guztien iturburua baita; bluesa bizitzaren mugimendua da, sentimendu eta bizitzeko era bat".

Ezinbesteko erreferentzia

Dr. Blues-ek zabalduko du gaur hasiko den Getxoko Blues Jaialdiaren 12. edizioa, Paul Lamb armonika-jole ingelesak zuzentzen duen taldearen aurretik. Jaialdi hori ezinbesteko erreferentzia bihurtu da inguruko blues-aren zaleentzat, musikarien zein antolaketaren kalitateagatik. "Hemen musika mota hau entzuteko aukerarik ez zegoelako sortu zen ideia hau", dio urte hauetan jaialdiaren antolatzaile izan den Iñaki Elorriagak, "apaltasunez hasi ginen, gero jarraitzaileak zituela ikusi genuen eta aurrera egitea erabaki genuen". 1998tik hona gaur egungo bluesmen-ik onenek zapaldu dute Getxoko eszenatokia, besteak beste, Screamin' Jay Hawkins, John Mayall, Coco Taylor eta Luther Allison-ek. Lehen lau edizioetan hondartzan egin zituzten kontzertuak eta handik Erromoko enparantzara eraman zituzten. Izarrekin batera horrelako plazetan jotzeko zailtasunak dituzten bertako taldeei ere zabaldu dizkiete ateak antolatzaileek.

Hau bezalako jaialdiek berezkoa duten masifikazioa blues-arentzat kaltegarria dela diotenek arrazoirik ez dutela uste du Elorriagak. Are gehiago, gazte askorentzat estilo hau ezagutzeko aukera izaten direla dio eta honela "zaletasuna zabaltzen" ari dela.

Bluesaren hizkuntza ingelesa omen da. Hizkuntza hori erabiltzen dute hemen Yellow Dogs, Bluespirits eta Gramophone Man bezalako taldeek. Beste batzuek, berriz, euskaraz abesten dute, adibidez Lau Behik. Talde gipuzkoar honek ibilbide interesgarria izan du doinu klasikoetatik bestelako eraginetara. Alberto Bosch taldeko kidearen iritziz, musika edozein hizkuntzara egokitzen da eta estilo hau ingelesarekin identifikatzen bada ere, "euskara ere egin daiteke, batzuei belarrian gogorragoa egiten bazaie ere". "Bluesa bizitzeko era bat da", dio, Monasterioren hitz berberak erabiliz, "bizitzaren atal askotan dago; horregatik, benetako zaleek kilometro asko egiten dute kontzertuetara joateko".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Ekaineko kontzertu zikloa ez ezik, tamaina ertaineko beste bizpahiru emanaldi antolatzen dituzte urtero Getxon, gehienetan Gwendolyne aretoan. Honela zirkuitu txikia sortzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Horretan lagundu dute musika zuzenean eskaintzen duten lokal txiki batzuek eta baita ere aurten 11. edizioa beteko duen Elorrioko Jazz eta Blues Jaialdiak. Publiko nagusiarentzat hain ezaguna ez bada ere, urrian izaten den jaialdi honek bluesa bizitzeko beste era bat eskaintzen du, intimoagoa eta agian beroagoa.

Aurrekontu eta baliabide mugatuak dituzten arren, sona handiko taldeak igaro dira Elorriotik: Caledonia Blues Band eta Skeater Brandon, beste batzuen artean. 200 lagun inguru hartzeko kapazitatea duen Kafe Ateneon egiten dira kontzertu gehienak. Horrek nolabaiteko konplizitatea sortzen du musikari eta entzuleen artean. "Sarritan aurpegi berberak ikusten dituzu, egia esateko giro berezia sortzen da hemen; guk hurbiltasuna eskaintzen diegu zaleei", Josi Bernas bertako arduradunak azaltzen duenez.

Giro hori gustuko du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen arduraduna den José Félix Azkaratek. "Bereiztu egin behar da multinazionalek ekartzen dituzten taldeak eta lokal txikietan edo ertainetan entzuten direnak". Haren iritziz blues-ak harrera ona izaten du orokorrean, nahiz estilo minoritarioa denez zaleak "militanteak" izaten diren.

Soraluzeko diskoetxe hau Euskal Herrian egun musika beltza ekoizten duen bakarretakoa da. Naco Goñi y los Bluescavidas, Malcolm Scarpa eta Tonky Blues Band bezalako taldeak ditu katalogoan. Aurten beste izen bat gehituko zaio zerrenda horri, Elgoibarko Arima Beltza taldearena, hain zuzen. Musika beltza euskaraz egiten duen banda honek diskoa kaleratuko du laster. Jon Gurrutxaga abeslari eta bateria-jolearen hitzetan, "musika honek sustrai beltzak ditu eta jotzeko teknika baino zerbait gehiago behar da, arima eta bihotza; azken finean sentimendua baita".

'Ritmo y Blues': azken alea

Bost urteko ibilbidearen ondoren, genero honen jarraitzaileentzat ezinbesteko erreferentzia bihurtu den Ritmo y Blues aldizkariaren azken alea aurkeztuko dute gaur Getxon, jaialdiaren hasierarekin bat eginez. Ruta 66 aldizkariko erredaktore talde baten ekimenez sortu zen argitalpen honek blues-ak duen zale askoren informazio egarria ase du 1995etik. Geroztik lau hilerik behin ikusi du argia. Gaur aurkeztuko den alea hamabosgarrena izango da. Bost urte hauetan blues-aren inguruan gertatu den guztiaren berri eman dute, lana baino zerbait gehiago egiten direnen dedikazioaz.Denbora falta izan da proiektua bertan behera uzteko arrazoia, Óscar Cubillo sortzaileetako baten arabera. "Lana dela eta ezin dugu behar den moduan egin, eta gauzak txarto egiteko nahiago izan dugu ale gehiago ez kaleratzea".

Aldizkariaren helburu nagusia genero honen jarraitzaileek zuten "informazio eta komunikazio premia" betetzea izan da, blues-ari buruzko albisteak galduta geratzen baitira gainontzeko argitalpenetan. "Zerbait adierazteko beharrizana sentitzen genuen. Adibidez, Luther Allison gitarra-joleari elkarrizketa egin nion Baionan", dio Óscar Cubillok, "blues elektriko modernoaren jatorria azaldu zidan eta garai hartan lan egiten nuen aldizkarian guztia sartzerik ez nuenez beste zerbait martxan jartzea otu zitzaidan".

Bost kazetarik eta hamar laguntzailek osatu dute Ritmo y Blues-eko erredakzioa. Guztiek ezagutzen zuten elkar proiektua abian jarri aurretik; ez hori bakarrik, irakurle asko ere ezagunak dituzte. "Aldizkaria erosten duten guztiak ezagutzen ditut. Askok diotenez, musika mote honen zaleok espezializatuegiak gara. Baina horrek esan nahi du ez dutela blues-a ezagutzeko gogorik", argitu du.

Archivado En