Zine zaletuen kluba

Lankide bati inoiz zine klub batera joan den galde egin diodanean, "Baina oraindik existitzen al dira zine klubak?" galderarekin erantzun dit. Oraindik hein handi batean moketa gris eta bizardun intelektualilloen eremutzat dugu zine kluba. Gauzak asko aldatu dira ostera. Eztabaida eta elkarrizketa sutsuak pizten zituzten zine forumak geroz eta urriagoak direla errealitate bat bada, ez da egi txikiagoa azken urteetan zine klubak berpiztu egin direla Euskal Herrian. Hasiera batean dirudiena baino aberatsagoa da zine kluben historia. Kasu askotan zaila da zine kluben jaiotze data ezartzea. Gehien...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Lankide bati inoiz zine klub batera joan den galde egin diodanean, "Baina oraindik existitzen al dira zine klubak?" galderarekin erantzun dit. Oraindik hein handi batean moketa gris eta bizardun intelektualilloen eremutzat dugu zine kluba. Gauzak asko aldatu dira ostera. Eztabaida eta elkarrizketa sutsuak pizten zituzten zine forumak geroz eta urriagoak direla errealitate bat bada, ez da egi txikiagoa azken urteetan zine klubak berpiztu egin direla Euskal Herrian. Hasiera batean dirudiena baino aberatsagoa da zine kluben historia. Kasu askotan zaila da zine kluben jaiotze data ezartzea. Gehienetan, seminario eta eskoletan antolatzen ziren zine emanaldiak. Aita Barandiaranek, esaterako, hainbat emanaldi antolatu zituen Gasteizko Agirre seminarioan. Bainuetxe eta udaletxeetara ere iristen ziren noizbehinka proiekzio ibiltariak, baina zine zale elkarteak ez ziren 50. hamarkada arte sortu. Gaur egun zine klub gisa antolatu eta lanean dihardutenen artean beteranoena Bilboko FAS zine kluba da. 54ean jaiotako zine kluben aitzindari honek 1.500 film baino gehiago proiektatu ditu. Bertako arduradunetako bat den Felipe Arnold-ek FAS zine klubaren ezaugarrietako bat nabarmentzen du. "Bilboko areto komertzialetara iristen ez diren filmak botatzen ditugu. Bestetik, ziklo bakoitzeko hiru klasiko ematen saiatzen gara eta ziklo tematikoak ere antolatzen ditugu, bestela iristen ez den zinea ezagutu ahal izateko. Japoniar zikloa izan genuen, adibidez".

Más información

Bestetik, FAS zine kluban gonbidatuak ekartzen eta foroak antolatzen dituzte ahal duten guztietan. "Gure politika dela eta, filmak jatorrizko bertsioan botatzen ditugu, azpitituluekin. Egun oso zaila izaten baita jatorrizko bertsioan botatako proiekzioak ikustea. Guk hori bultzatzen dugu eta aretoa nola betetzen den ikusita jendeak eskertzen duela dirudi". 250 bazkide inguru ditu FAS zine klubak, baina emanaldietan zenbaki hori bikoiztu egiten da askotan. Alex de la Iglesia, Enrique Urbizu eta Pedro Olea zinegileak bazkide izandakoak dira. Felipe Arnold-ek FAS-ek eskaintzen dituen beste ekimen batzuk nabarmentzen ditu. "Filmak proiektatzeaz gain, liburutegia ere badugu. Bertan, 1.000 erreferentzi baino gehiago eta aldizkarien bildumak eskaintzen dizkiegu bazkideei. Ziklo bakoitzeko argitaratzen dugun aldizkarian ere filmen informazioa eta web orrien helbideak luzatzen ditugu".

Zine klub gazteak

FAS zine klubak 46 urte baditu ere, gehienak diktaduraren amaierarekin bat hasi ziren sortzen. Jakina denez, Frankoren erregimenak, zinearen garrantzi mediotikoaz jabeturik, kontrol handia ezarri zuen zazpigarren artearen inguruan. 70. hamarkadan indar handiz sortu ziren zine klub eta zine forumetan egile zinema eta zazpigarren artearen inguruko hausnarketa sakon ugari bizi izan zen. 80. hamarkadan, aldiz, zine klub emanaldiak hozten joan ziren, kasu askotan ia desagertu arte. Azken hamarkadako bigarren zatian, azkenik, berpiztu egin ziren zine klub zaharkitu asko. Garai batetako autore zinea ahaztu gabe, beste zine mota bat ere erakusten saiatu ziren. Film interesgarri ugari ez da inoiz iristen gure hirietako zine aretoetara. Hiriburuetara iristen ez badira, herrietara zer esanik ez. Herrietako areto komertzialen gabezia hori, 90. hamarkadan jaiotako zine klubek betetzen dute.

Horien artean dago Goienitz zine kluba. Jadanik desagertua dagoen Goierriko zine klubera ikusle gisa joaten ziren haur batzuen zine zaletasunaren ondorioa da Beasaingo Goienitz zine kluba. 30 urte inguruan dabiltzan gazte kolektibo baten lanari esker proiektatzen dira herrian beste modu batean inoiz iritsiko ez liratekeen filmak. Taldeko partaidea den Mikel Lasak argitzen du Goienitz zine klubaren funtzionamendua: "Sei edota zazpi pertsona gara astean behin biltzen garenak, lana banatuz. Gutariko bakoitzak banatzaile jakin batzuekin egina du jadanik kontaktua eta hortxe aritzen gara filmak lortzeko borrokan. Zaila izaten da. Gure aurrekontuekin filmak lortzea geroz eta nekezagoa da. Warner eta U.I.P bezalako banatzaileen filmak eskuratzea ezinezkoa egiten zaigu. Hauei ez zaie batere interesatzen zine kluben zirkuitua".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Irizpideak

Goienitz zine klubeko partaideek hartzen dute euren bizkarrean lan guztia. Beste kasu batzuetan eta udaletxeekin eginiko akordioak medio, udaletxeko kultura arduradunek egiten dituzte beharrezkoak diren gestio guztiak. Goienitzen, ziklo bakoitzerako filmak aukeratzerakoan izaten da sesiorik. "Gutariko bakoitzak bere film zerrenda aurkeztu eta defendatzen du. Guztionak aztertu ostean negoziatu egiten ditugu. Irizpide nagusiak hiru dira. Batetik herriko areto komertzialean bota ez izana da, hau da herrian ikusteko aukerarik ez dugun zine mota bat eskaini nahi dugu beti. Bigarren irizpidea aurrekontua da. Nahiz eta izenburu batzuk gustatzen zaizkigun ezin dugu banatzaileek eskatzen digutena ordaindu. Herrialde eta kultura ezberdinetako zinea pantailaratzen ere saiatzen gara".

Goienitz-ek zortzi film eskaintzen ditu hiru hilabetetan. Film ezberdin eta interesgarriak emateaz gain, laburmetraiak proiektatzen ere saiatzen dira. "Zikloak ezberdinak izaten dira. Guk, adibidez, 3 hilabeteko programazioa egiten dugu. Bertan guri gustatu zaizkigun filmak eta laburmetraiak eskaintzen saiatzen gara. Horrezaz gain, ziklo tematikoak ere antolatzen hasi gara, baina printzipioz film interesgarriak ekartzen ditugu gaia edozein izanda, beti ere lehen aipaturiko kriterioei jarraituaz".

Jendea zine klubetara itzultzearen arrazoia, zikloen kalitatean eman den aurrerapausoan eta zine klub kontzeptuaren aldaketan sustraitzen da. Naftalina usainak dinamika modernoago bati luzatu dio testigua. Sarrera eta bazkide txartelen prezio merkeek ere laguntzen dute neguko gau hotzen nagia kendu eta zine klubera abiatzeko. Emanaldietara hurbiltzen den ikuslegoa heterogeneoa izanda, ez da garai bateko zine zale porrokatuen koadrila itxia. Gazteak geroz eta gehiago hurbiltzen dira. Askotan, uste denaren aurka, ez dira malenkoniaz oroitzen emanaldi osteko eztabaidak. Esaterako, Arkaitz Agirre zine klub ezberdinek eskaintzen dituzten zikloetara joateko ohitura du. "Askotan eztabaidak interesgarriak izan daitezke, gehien bat gonbidatu bat datorrenean, baina askotan, proiekzio osteko eztabaidak "nor da guai-ago?" lehiaketa batean baino ez dira bilakatzen. Askotan eskertzekoa da filma amaitu eta zure kaxa-buruari bueltak emanez etxera abiatu ahal izatea". Iritziak iritzi.

Archivado En