Entrevista:

"Gai politikoak baztertzea gizartearen eboluzioaren isla da"

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944) apur bat ezagunagoa izango da aurrerantzean euskaraz ez dakiten irakurleen artean. Orain aste batzuk Bihotz bi-ren itzulpena aurkeztu zuen, erdaraz plazaratu duen hirugarrena. Harrezkero hamaika elkarrizketa eman behar izan du eta ez omen da batere gustura sentitzen zirko horretako protagonista izanik, euskaraz argitaratzen duenean norbait dela esateko eskubide gehiagorekin sentitzen baita. Saizarbitoriak euskal literaturaren egungo egoera aztertu du EL PAIS-i eskainitako elkarrizketan. Haren iritziz, idazle askorengan sumatzen den joera, gai politikoetatik...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944) apur bat ezagunagoa izango da aurrerantzean euskaraz ez dakiten irakurleen artean. Orain aste batzuk Bihotz bi-ren itzulpena aurkeztu zuen, erdaraz plazaratu duen hirugarrena. Harrezkero hamaika elkarrizketa eman behar izan du eta ez omen da batere gustura sentitzen zirko horretako protagonista izanik, euskaraz argitaratzen duenean norbait dela esateko eskubide gehiagorekin sentitzen baita. Saizarbitoriak euskal literaturaren egungo egoera aztertu du EL PAIS-i eskainitako elkarrizketan. Haren iritziz, idazle askorengan sumatzen den joera, gai politikoetatik sentimenduetara igarotzea alegia, gizartearen beraren bilakaeraren ondorioz etorri da. Galdera. Nola geratu da itzulpena? Erantzuna. Ondo. Itzulpen ona da, ez du ezer traizionatzen. Bestalde, nire hizkera nahiko neutroa da eta ez dut uste zailtasun gehiegirik sortzen duenik itzulpen lana egiteko. Ez naiz oso arrotza sentitzen gazteleraz irakurrita nire testuak. G. Itzulpenaren kontrolik egin duzu? E. Esan beharra dago itzulpenaren oinarrian beti dagoela lana presaka egin beharra. Hamaika pauso Sari Nazionalerako aurkeztu zen eta bi hilabetetan egin zen itzulpena. Bihotz bi-ren kasuan antzera izan da, korrika eta presaka egin baita. Gero nik irakurtzeko eta nire zalantzak azaltzeko aukera izan nuen. Ez genuen arazorik izan. Hasieratik ondo aurkitu nuen hizkuntzaren tonua eta abar. Baina egia esan ez zen elkarlanik izan. G. Noiz eman duzu elkarrizketa gehiago, jatorrizko bertsioa aurkeztu zenuenean edo orain, itzulpena aurkeztu eta gero? E. Erdarazkoan, inolako dudarik gabe. G. Nola ikusten duzu zure burua zurrunbilo mediatiko horretan? E. Ni hobeto sentitzen naiz euskaraz argitaratuta dudarik gabe. Orduan, prentsaurreko bat izaten da, nahiko tristea gehienetan. Baina bai, egia da telebistan eta prentsan eragin gehiago duela itzulpenak obrak berak baino. Euskaraz ateratzen denean nolabait ere... eskubide gehiagorekin sentitzen naiz prentsan edo zera mediatiko horretan azaltzen naizen txikitasunean ere esateko norbait naizela hor. Norbait sentitzen naiz. Beste zirko horretan ez naiz sentitzen... elkarrizketetan gehienetan ikusten dut kazetariak berak ere nolabait behartuz hartzen zaituela, ez dakiela nor zaren... eta tramite batetik pasatzen naizela. Aspertu egiten naiz galderez eta nire erantzunez eta lehenbailehen bukatzeko gogoa dut, azken finean ere, promozioa bost axola zaidalako. G. Izan liteke zu ez zarelako liburu salmentaz bizi? E. Noski. Neurri handi batean horregatik. Ulertzen dut idazle profesional batek saltzeko ezinbestekoa duela promozioa. Baina, ni ez naiz profesionala eta ez zait gehiegi inporta kontu hori. G. Zein da itzulpenak egiteko arrazoi nagusia, idazleen nahia edo euskarazko literatura sustatzeko gogoa? E. Azken hori erradikalki ez. Idazle gixarajoak negozio honetan piezarik ahulenak dira. Gaur egun idazleak ez du militantismo kulturalarengatik idazten. Eta idazleak badaki edo jakin beharko luke beste kultur agenteek are eta gutxiago dutela hori helburu. Ni ez nago honetan nire herria eta hizkuntza asko maite ditudalako, beraz libreroak ez dezala chorradarik esan. Beraz, ahoa aberria eta abarrez betetzen duen zenbait agentek interes material gehiago du oraindik idazleak baino. Batzutan nazka eginda nago "kultura herriarentzat" dioten eta kultura zabaltzeko sazerdoteak direla saltzen dutenekin. Timo horretaz aspertuta nago. Helburua ez da euskal literatura ezagutzera ematea. Gaztelerazko argitaletxeek interesa dute euskarazko liburuen itzulpenak egiteko, hain zuzen ere izena eginda dugulako Euskal Herrian eta promozio hori eginda dagoelako. G. Esan ohi da euskal literaturaren modernizazioaren erakusgarri zarela. Modernizazio hori idazleen beraien heldutasunaren ondorio da edo gizartearen bilakaerarena? E. Guk zortea izan genuen urte konkretu batzutan jaio ginelako. Esan nahi dut edozein belaunaldik egingo zukeela gauza bera gertatu balitzaio orduan jaiotzea. Euskal kulturaren munduan bizi ginen eta kaletarrak eta laikoak ginen. Kontu hori hortik datorrela uste dut. Nire ustez orain datorren politikaren gainditzea eta abar giroari lotuta dago, gizartearen normalizazioaren ondorioa dela uste dut. Ezinbestekoa eta eskertzekoa da, arazo politikoak ez ditugulako konponduko azterketa literario batekin. Nik ere egin dut jardun hori, Hamaika pauso-n ere badago kutsu politikoa, nahiz eta liburuaren helburu nagusia ez izan. Zoritxarrez bada oraindik ere literatura militantea egiten duenik, baina niri benetan erreakzionarioa iruditzen zait. Entseiu politikoak eta militanteak ulertzen ditut, baina literaturan, nire eboluziotxoan behintzat, gero eta argiago dago beste gai batzuk direla nagusi, sentimenduen mundua batez ere. Noski, sentimenduen munduaz aitzakia politiko batekin hitz egin daiteke, baina ez derrigorrez. Eta uste dut horrela doala euskal literatura, zoritxarrez oraindik ere badira besteari eusten diotenak. Baina modernitatean benetan sartuko bagara, zeren eta gure denborako hura ez dut uste modernitatea zenik... hau ez dut uste idazle biren edo hiruren eragina denik, baizik eta mundua horrela doala eta ezinbestekoa dela hemen ere bide horri eustea. Ez dakit oso modernoak ote ginen. G. Belaunaldi hari erreleboa hartuko dion idazle berririk ikusten duzu? E. Dudarik gabe. Idazle piloa dago. Euskal literaturagatik ez daukat kezkarik. Are gehiago, miresgarria da irakurle potentzial kopuruari begiratuz, ze literatura aberatsa produzitzen den euskaraz. G. Nolakoak dira Ramon Saizarbitoriaren irakurleak? E. Nireak oso onak. Nik uste dut kultur maila handikoak direla, orokorrean irekiak, modernoak, politikoki irekiak eta orokorrean gazteleraz eta beste hizkuntzetan irakurtzen dutenak. Gainera, emakumeek oraindik ez nautela abandonatu uste dut. Fortuna gehiagorekin edo gutxiagorekin tratatzen dut emakumea, baina bada oraindik niregan gaiari heltzeko borondatea. Zoritxarrez hanka sartuko dut eta ez zaie gustatuko, baina azken nobela adibidez, badakit emakumeek askoz irakurketa hobea egin dutela gizonezkoek baino. Emakumeek ikusi dituzte gizonek ikusi ez dituzten gauzak, nik irakurtzen ditudan beste liburuak irakurtzen dituztelako. G. Beste libururik idazteko asmoa duzu? E. Bai. Nire asmoa da... Lehengo egunean Madrilen Jon Juaristik aurkeztu zuen bere liburua eta beste behin atera zen El bucle eta Hamaika pauso-k duten lotura. Hurrengoan, Bihotz bi-ren bidetik zerbait egiteko gogoa dut, hau da, harreman pertsonalen inguruan. Gero, ahaztu nahi nuke gure errealitatea, beste lan luzeago batean memoria berreskuratu ahal izateko, Hamaika pauso-ren beste bidera jotzeko berriz ere. Baina horretarako lehenbiziko ahaztu egin behar dut, urrundu; oraindik gaurko gauzak ikusteko, gauza batzuk hurbilegi baitaude. Jon Juaristik esaten du El bucle-ren bigarren zatia atera behar dutela, eta beharbada nik ere bai. Baina bera memoria oneko idazlea da, eta niretzat idaztea memoria berreskuratzea da, eta memoria berreskuratzeko lehendabizi ahaztu egin behar da. G. Noizko? E. Nahiago dut ezer ez esatea. Lanak denbora kentzen dit. Gainera, gero eta errazagoa zait ezer egin gabe egotea.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Archivado En