Entrevista:Andres Urrutia | Euskaltzainburua | GAIAK

"Hizkuntza naturaltasunez erabiltzea da defendatu behar duguna"

Euskara juridikoaren normalizazioa izan da Andres Urrutiaren (Bilbao, 1954) azken urteotako kezka nagusia. Literaturaren esparruan, bi narrazio liburu idatzi ditu, eta laster, Eusebio Erkiaga zenaren Aspaldiko, Magret nobel1a argitaragabea plazaratuko du. Bere izena Labayru Ikastegia, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, Eusko Ikaskuntza, Euskal Idazleen Elkartea eta euskalgintzan diharduten beste erakunde askori lotuta ageri izan da azken urteotan.

Galdera. Hasteko, nor da zehazki Andres Urrutia?

Erantzuna. Andres Urrutia, 22 urte egin arte Bilbon bizi izan...

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites

Euskara juridikoaren normalizazioa izan da Andres Urrutiaren (Bilbao, 1954) azken urteotako kezka nagusia. Literaturaren esparruan, bi narrazio liburu idatzi ditu, eta laster, Eusebio Erkiaga zenaren Aspaldiko, Magret nobel1a argitaragabea plazaratuko du. Bere izena Labayru Ikastegia, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, Eusko Ikaskuntza, Euskal Idazleen Elkartea eta euskalgintzan diharduten beste erakunde askori lotuta ageri izan da azken urteotan.

Galdera. Hasteko, nor da zehazki Andres Urrutia?

Erantzuna. Andres Urrutia, 22 urte egin arte Bilbon bizi izandako euskalduna da; Lekeition, Ondarroan eta Bizkaiko beste leku askotan ibilitakoa; erro familiarrak Ean, Ibarrangelun eta Gernika aldean dituena, eta, hala ere, bilbotartasunari ezin uko eginik bizi dena.

"Zerbitzu bokazioarekin lan egin dugu beti, euskaldun ororen premiei erantzuteko. Besterik da, noski, gizarteak izan dezakeen pertzepzioa"
"Alor sozioekonomikoan, euskararen presentzia areagotzeaz gain, ezinbestekoa da hizkuntza duintasun osoz erabiltzeko prozesua garatzea"

G. Txikitan, zein zen zure hizkuntza nagusia?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

E. Etxean giro euskaldunean bizi ginen, baina kalean erdara zen nagusi. Hizkuntzaren transmisiorako egoera zail hartan, gure belaunaldira igorri zen euskara oso pobre eta ahula zen. Horregatik, 16 urte nituela, euskara berreskuratzeari ekin nion. Ildo horretan, ni neu ere euskaldun berria naizela esango nuke.

G. Notarioa izanda, zerk erakarri zintuen hizkuntzalaritza kontuetara?

E. Zuzenbide munduan hizkuntzak berebiziko garrantzia du, hizkuntza baita legelarien tresnarik preziatuena. Nire kasuan, euskaltzaletasunak eta ofizioaren premiak bultzatuta hurbildu nintzen hizkuntzalaritzara, hainbat kontzeptu juridiko euskaraz nola esan zehaztu nahian. Honetan, oso lagungarria izan da Deustuko Zuzenbide Fakultateko irakaslea izatea

G. Zuzenbideaz ari garela, euskarak lege hobeak behar dituela uste al duzu?

E. Aldeko legeak behar ditu. Euskarak ofizialtasuna eta ofizialtasunaren ondorioak aldarrikatzen dituzten legeak behar ditu hizkuntzaren estatusa bermatzeko, baina legeak ez dira aski eremu urriko hizkuntza bat aurrera ateratzeko. Ezinbestekoa da hizkuntza horren corpusa eguneratuta eta behar komunikatibo guztiei erantzuteko moduan edukitzea.

G. Hizkuntza estandarizatuaz ari zara...

E. Hizkuntzaren naturaltasunaz ari naiz. Urdaibain eta Lea-Artibain bizi izan naiz urte askotan, eta eskualde horietan, euskara naturaltasunez erabiltzen da. Horixe da, nik uste, guk defendatu beharko genukeena.

G. Euskara garbia, baina ez garbizalea, ezta?

E. Premien arabera jokatu behar da, horixe baita gainera hizkuntzaren beraren joera naturala. Garbizaletasunak bultzatutako hitz batzuk errotu egin dira euskaran, eta badira beste hitz batzuk, jatorriz mailegu hutsak izan arren, gaur egun naturaltasun osoz erabiltzen direnak. Hizkuntzan erro sakonak zabaldu dituzte eta Euskaltzaindiak aintzakotzat hartu behar ditu.

G. Baina Euskaltzaindiak beste era batera jokatu izan du, zurrunago eta motelago, alegia.

E. Euskaltzaindiak zerbitzu bokazioa izan du beti. Hiztegi Batua ez dugu egiten soilik ikerkuntza mailako lanak egiteko. Euskarak XXI. mendean ere bizi behar badu, behar-beharrezkoa du euskaldun ororen premia komunikatiboei erantzungo dien Hiztegi Batua. Halaxe lan egiten dugu Euskaltzaindian. Besterik da, noski, gizarteak gutaz eta egiten dugun lanaz izan dezakeen pertzepzioa.

G. Komunikazioa da pertzepzio hori hobetzeko giltzarria.

E. Horixe izan da sarritan gure arazoa. Horregatik, epe laburrean berrikuntza batzuk izango ditugu komunikazioaren alorrean. Euskaltzaindia euskal gizartean errotu nahi dugu, Akademia gizartearen zerbitzuko baita.

G. Kargua hartzean, lan-zerrenda berria osatzeko konpromisoa hartu zenuen.

E. Halaxe da, eta lan-zerrenda horretan idatzi dudan lehenengo gauza Euskaltzaindiaren bizimodu ekonomikoari dagokio. Luze gabe, azken puntua ezarri ahal izango diogu, nik uste, Eusko Jaurlaritzarekin eta hiru foru aldundiekin izenpetu behar dugun hitzarmenari. Bestetik, urtea bukatu baino lehen, Euskaltzaindia berriztatzeko lehen pausoak finkatu nahi ditugu, jende berria sartu eta erakunde barruko Estatutuak berregokitzeko asmoz.

G. Zeregin akademikoetan ere, berrikuntzak ikusiko ditugu?

E. Azken barne jardunaldian, proiektu batzuk zehaztu genituen. Berrikitan, gramatikaren azken aurreko liburukia aurkeztu dugu, eta urtea amaitu aurretik, Atlasaren lehen fruituak ikusiko ditugu.

G. Ikerkuntzaren erritmoa ez da, zoritxarrez, gizartearen premien araberakoa.

E. Hori da arazoa. Ikerkuntza ezin daiteke mailakatu eta epetan jarri, eta gizarteak dituen premiak askoz ere berehalakoagoak izaten dira. Horretan ere, bideak bilatzeko puntuan egon gaitezke.

G. Behin batua kontsolidatuta, zein da hurrengo pausoa?

E. Euskara batua arlo desberdinetara zabaltzea. Orain arte, hiru arlo lehenetsi dira batua hedatzeko: administrazioa, komunikabideak eta hezkuntza. Baina beste arlo batzuetan badugu oraindik zer eginik asko. Alor sozioekonomikoan, esate baterako, euskararen presentzia areagotzeaz gain, ezinbestekoa da hizkuntza duintasun osoz erabiltzeko prozesua garatzea. Bestela, gerta daite euskara salbuespen bat izatea beti, eta ez dut uste komenigarria denik hizkuntzaren normalkuntzarako.

G. Ezin aipatu gabe utzi, noski, teknologia berriak eta globalizazioaren fenomenoa...

E. Ez dira erronka makalak eremu urriko hizkuntza batentzat. Guk ere teknologia berrien bide horiek erabili behar ditugu Euskaltzaindian gure lana plazaratzeko. Webgunean baditugu dagoeneko zerbitzu batzuk. Bide horrexetan jarraitu behar dugu.

Archivado En