_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Heriotza eta patuaren eskuetan

Gasteiz. 1986. urtea, udaberria. Mitxelena handia hitzaldi bat ematen ari zen garai hartan, Mintegiaren ondoan kokatua zegoen Filologia fakultatean. Institutuan baimena eskatu eta hantxe nengoen, hizkuntzalariak zioenari adi, baina apenas ezer konprenitu gabe, gizon hura gelaren izkina batetik bestera etengabe eramaten zuen indar edo behar ezkutu hura ulertu nahirik. Orduan esan zuenak laino artean galdutako oihartzun urruti baten zantzuen tankera hartu du denborarekin nire oroimenean. Gizonaren itxurak, aldiz, bere hitz egiteko moduak eta mugimenduek tinko diraute gaurdaino oroitzapenetan, duela ez asko berriz ere aurrean izan banu bezala.

Bere azkenetarikoa izan zen hitzaldi hura, azkena izan ez bazen. Urte eta erdi igaro baino lehen hil egin baitzen Mitxelena handia, hirurogeita hamabi urte bete eta gero. Orduan pentsatu nuen gazteegi hil zela, denok uste genuela oraindik ere euskararen ezaugarri asko argi zitzakeela bere osasun ahulduari kasu handiegirik egin gabe. Baina ez zen hala suertatu eta 1987tik aurrera euskalariek izugarrizko hutsune hura nola bete ez zekitela jarraitu zuten beren lana. Zurztasunaren efektuak artean nabariak badira ere hainbat kasutan, badirudi, hala eta guztiz, azken urteetan galera hura nolabait gainditzeko bide eta batez ere jende egokia agertu izan dela.

Horietako bat zen, zalantzarik gabe, R.L. Trask hizkuntzalari eta euskalari amerikarra. Gasteizen, 2004. urteko udaberri euritsu honetan jaso dugu haren heriotzaren berri, aurreko asteetako gertakariekin nahikotxo izan ez bagenu bezala. Traskek euskararen azterketari eman zizkion bere urterik hoberenak. Horren lekuko da, besteak beste, 1997an argitaratu eta dagoeneko betiko utzi digun euskararen historia -The History of Basque-. Hizkuntzalariarekin batera, euskararen ahaideak bilatzeko grina hedatuegia zeukan parodiatzailerik finena joan zaigula esatea ez litzateke gehiegikeria izango, izan ere konparatzaile -edo elkartzaile- amorratuenek erabili ohi dituzten tresna berak baliatuz eramaten baitzituen absurduaren muturreraino haien irizpide eta emaitzak -hizkuntz aski ezagunen arteko ezinezko ahaidetasuna hiruzpalau orduko hiztegi-lanarekin nahita sasifrogatuz: esaterako, euskara eta ingelesa edota euskara eta hungarieraren artean, mundu guztiak dakienez, dagoena-. Azken boladan euskararen hiztegi etimologiko bati ekiteko asmoarekin omen zebilen: asmoa baino indartsuago izan bide da bere osasunaren ahuldadea.

Ikertzaileak luze bizi behar duelako esperantzak edo nahiak topo egin du berriro errealitatearekin. Trask ez da hirurogeira heldu. Adin hori azaroan betetzen zuenerako omenaldi bat prestatzen ari zitzaion: urrun gelditu gara. Mitxelena hil zenean, bera baino gehiago biziko zirela ondorengoak pentsatu nuen.

Desiraz zeharkatutako pentsamendua zen, oraindik, nik dakidala, askotan bete ez dena. R.P.G. de Rijk holandarra ez zen hirurogeita bostetik askoz haruntzago joan. Andolin Eguzkitza euskaltzainaren berrogeita hamaikagarren urtea besterik ez zen 2004koa. Zenbaki ezberdin, baina denak nahiko baxuak: E. Ionescoren pertsonaia batek zioen (La Leçon piezan) aritmetikak filologiara daramala eta filologiak, bere aldetik, krimenera. Gehiegikeria surrealistari helduz, gure kasuan badirudi filologiak heriotzara daramala bidezidor estu eta zuzenetatik, bidean, antza, denbora gehiegi gal ez dadin.

Eta, hala eta guztiz ere, gaitz erdi heriotz guztiak horrelakoak balira. Ezusteak edo gaixotasunak beti ohean harrapatuko bagintu. Ez beste gizaki batek segituan lurperatu nahi izan gaituelako. Ez, adibidez, lantokira joateko zorigaiztozko trenean sartu garelako edo, munduan gertatzen ari dena erakusteko -besteok etxeko besaulkitik lasai ikus dezagun-, bizitza, Ricardo Ortega kazetariak bezala, hiltzaile ikustezin baten esku utzi dugulako ustekabean. Bai, egia da, patuaren eskuetan daude filologoak ere, baina, alderatzen hasiz gero, nahiko borondate onekoa dirudien patu batenetan.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_