ArchivoEdición impresa

Acceso a suscriptores »

Accede a EL PAÍS y todos sus suplementos en formato PDF enriquecido

lunes, 7 de abril de 2008
Reportaje:Gaiak

Begirada digitala etnografiari

Eusko Ikaskuntzak 500.000 argazkiz hornituko du '3digitala' irudi bilduma birtuala, Sarean euskal gaiei buruz egongo den handiena

Archivado en:

Lau urteren buruan euskal kultura eta artea Interneten euskaragarri egongo diren 500.000 irudiren bidez erakustea. Helburu horrekin sortu da 3digitala (www.3digitala.com) , Eusko Ikaskuntzak Euskomedia Fundazioaren bidez Sarean abian jarri duen argazki-bilduma erraldoia. Etengabe artxibo berriak digitalizatzen ari den lan-talde batek hornitua, 20.000en bat irudi biltzen ditu jada.

Tresna berriaren bidez, euskal gaiei buruzko argazki-fondo zabala erabiltzaile potentzial guztien esku jarri nahi du EIk, artxibo guztiak salgai baitaude aipatutako helbidean. Horrela, material hori erabiltzeko interesa izan dezaketen enpresa guztientzat (produkzio-etxeak, argitaletxeak edo bestelakoak) erabilgarria izan daitekeen lanabesa ere sortu du erakundeak, errentagarritasun ekonomikoa oraindik xede nagusia ez bada ere. "Garrantzi handiagoa ematen diogu euskal kultura ezagutzera emateari", azaldu du Juan Mari Zurutuza argazkilari eta Euskomedia kideak.

Orain arte sei bildumak osatzen dute EIk sortutako fondoa. Antxon Agirre Sorondo etnografoak bere jakintza-arloarekin lotutako 9.509 argazki ditu, horien artean paisajeak ugari, eta baita jaiei eta ohiturei buruzkoak ere. Sahats argitaletxeak, berriz, Nafarroari buruzko 3.824 irudi laga ditu, hiruburuko txoko ezkuetatik mendialdeko herrisketarainoko ibilbidea erakusten dutenak.

Aparteko aipamena merezi du Jesus Telleria Armendarizen ekarpenak. Argazkilari honek munduan aurki daitekeen erromanikoari buruzko bildumarik handienetarikoa du (60.000 argazki guztira, horietako 10.000 inguru Euskal Herrian egindakoak). Fondo horretako 2.013 argazki digitalizatu dituzte orain arte, baina datozen hilabeteetan osorik eskaintzeko asmoa dute zerbitzuaren bultzatzaileek. Horrez gain, Kepa Etchandy Baionako argazkilariak hartutako beste 50 irudi daude eskuragarri, guztiak Iparraldeko arkitektura, kultura eta geografiari buruzkoak.

Argazkiak dagokien testuinguruan kokatzeko ahalegin berezia egin du EIk; horretarako, jakingarri ugariz osatu dituzte irudiak. "Horixe da gure fondoaren balio erantsi nagusia", dio Euskomediako zuzendari Arantza Cuestak. "Ez dugu nahi jendeak irudiak ikus ditzan soilik, baizik eta islatzen duten errealitateaz jabe daitezen", erantsi du. Hain zuzen ere, Cuestak berak egindako beste 10.000 argazkik osatzen dute 3digitala.

Proiektuaren finantzaketak huts egin ezik, milioi erdi irudi digitalizatzeko arazorik ez duela izango uste du EIk, zerbitzua abian jarri zuenetik argazkiak laga nahi dituzten argazkilari profesional eta amateur askoren eskaintzak jaso baititu. "Jende askok argazkiak ditu eta ez daki nora jo material hori ezagutzera emateko", azaldu du Euskomediako zuzendariak, "haientzat ere interesgarria izan daiteke tresna hau". Horietako argazki asko artxibo zaharretan gordeta daude eta benetako altxorrak gordetzen dituzte. Laster guztiontzat ikusgai egongo dira.

Datu nagusiak:

- Gaur egun: Datu-baseak 20.000 irudi ditu dagoeneko.

- Helburua: Lau urteren buruan 500.000ra iritsi nahi dute.

Atención al cliente

Teléfono: 902 20 21 41

Nuestro horario de atención al cliente es de 9 a 14 los días laborables

Formulario de contacto »

Lo más visto en...

» Top 50

Webs de PRISA

cerrar ventana