ArchivoEdición impresa

Acceso a suscriptores »

Accede a EL PAÍS y todos sus suplementos en formato PDF enriquecido

lunes, 11 de septiembre de 2006
Gaiak

Bibliotekan

Halako hiruzpalau irteera egiten ditugu urtero, ez beti leku beretara, baina Donostiako zinemaldiarena finko horietako bat da. Gutako norbaiten senide edo ezagunen baten etxea beti dago hutsik, eta hara joaten gara gure mendiko lo-zakuak eta gau-jantziak hartuta. Ez da zikoitzak garela, badakit honezkero badugula hotel gela bat ordaintzeko adina, baina ohitura dugu, diru askorik erabiltzen ez genuen garaiko hondarra agian, eta, gainera, niri beti iruditu zait dibertigarria ezezagun baten etxeko gauzen artean pixka bat kuxkuxeatzea. Luisek Las Junior deitzen gintuen, erdeinuz, nire adiskideak ez baitzituen jasaten, eta azkenean izendapen hori geureganatu genuen, umorez.

Urte hartan Margaren lehengusu baten pisura joan ginen Las Junior. Egiako auzora. Bigarren gauean izan zen, kaletik berandu iritsi ostean: besteak desmakillatu, hortzak garbitu eta lo-zakuetan sartu ziren, baina nik ez nuen logalerik eta etxea pixka bat aztertzen ibili nintzen. Egongelara joan nintzen, etxeko liburutegira: beti gustatu zait etxe bateko liburuak miatzea, ez bakarrik irakurzalea naizelako, baizik eta baita jendeari buruz asko esaten dutela iruditzen zaidalako ere. Lehenengo begiraldian argi desberdindu nituen, adibidez, zeintzuk izan behar zuten Margaren lehengusuaren liburuak -gehienak II. Mundu Gerraren ingurukoak- eta zeintzuk haren emaztearenak, bilduma interesgarriagoa osatzen zutenak.

Liburuak gaika antolatuta zeuden, nolabait. Bazeuden, alde batetik, feminismoaren klasiko batzuk: El segundo sexo, El cuaderno dorado eta abar. Bestetik, XIX. mendeko eleberritzarrak, Tolstoi, Flaubert eta enparauak, irakurketa bat baino gehiagoko seinaleekin bizkarrean. Bazegoen ere nobela beltz eta poliziakoen sorta zabala, eta azkenik, beste txoko batean, literatura garaikidea: egile espainol asko, Carver, Anagramako ale piloa, Manuel Rivas osoa eta Natalia Ginzburgen gehiena. Eta, izkina batean, Ian McEwanen eta J. L. Sampedroren liburuen artean, sorpresa: Luisen hiru nobelak, kronologikoki ordenatuak.

Nire senarraren liburuak han aurkitzeak poztu behar ninduen, printzipioz, baina aitor dut kontuak aztoratu samar utzi ninduela. Ez bakarrik bitxia zelako -Luisek ez zuen asko saltzen eta, ondorioz, liburutegi pribatu batean haren liburu bakar bat topatzeko aukerak txikiak ziren oso-, baizik eta, batik bat, ez zutelako inondik ere bat egiten emakume haren bildumarekin. Ez dut esan nahi Luisen liburuak gustuko ez nituenik: maite nituen nolabait, baina gorputz estrainio bat ziruditen bilduma anitz baina aldi berean guztiz koherente haren baitan.

Nire senarraren bigarrena hartu nuen, Ilargiaren alde iluna izenekoa, zientzia-fikziozko thriller bat, eta berehala ohartu nintzen, preziorik ez zuelako, egileak oparirako jasotzen dituen ale horietako bat zela. Bigarren orrialdean begiratu nuen, eskaintzaren bila, eta hantxe zegoen: "Silviarentzat, muxu batekin", eta Luisen sinadura azpian. Izan ere, halako eskaintza batek ezin zuen inorengan susmorik eragin, ezta Silviaren senarrari liburu hori irakurtzea bururatu izan balitzaio ere. Inorengan, salbu eta nigan, ondo bainekien nire gizonaren eskaintzak askoz ere barrokoagoak izan ohi direla: halako lakonismo batek ez zuen gauza bat baizik esan nahi, eta beste bi nobeletakoek ondorio hura berretsi baino ez zuten egin.

Ez zen hura izan Luis eta bion banaketaren arrazoi bakarra -ia urte eta erdi beranduago gertatu zen hori-, baina han hasi zen dena; han eta Donostiako txangotik itzultzean izan genuen lehenengo eztabaida hartan. Ordurako ondo informatuta nengoen, Margaren bitartez noski, bere lehengusuaren emaztearen ingurukoez.

Urte batzuk pasatu dira ordutik. Abuztu honetan itzuli gara Las Junior Margaren lehengusuaren pisura, Musika Hamabostaldiaren aitzakiaz. Ez da etxea sartzean egin dudan aurreneko gauza, baina ez naiz gehiegi berandutu etxeko liburutegia miatzeko. Luisen nobelak zeuden izkinara joan naiz, baina hutsune bat dago McEwanen eta Sampedroren liburuen artean, norbaitek kendu berri izan balitu bezala: hautsik ere ez dago bertan. Ordutik Luisek argitaratutako nobeletako eskaintzak irakurtzeko gogoarekin gelditu naiz, beraz, baina gutxienez badakit, hutsunea bospasei liburutakoa delako eta ez hirukoa, berriak hutsik egin gabe oparitu dizkiola Silviari nire senar ohiak.

Atención al cliente

Teléfono: 902 20 21 41

Nuestro horario de atención al cliente es de 9 a 14 los días laborables

Formulario de contacto »

Lo más visto en...

» Top 50

Webs de PRISA

cerrar ventana