ArchivoEdición impresa

Acceso a suscriptores »

Accede a EL PAÍS y todos sus suplementos en formato PDF enriquecido

lunes, 11 de septiembre de 2006
HISTORIAN BEHIN | Gaiak

Imanol Berriatua Israelen ikasle zebilela hil zen duela 25 urte

Hogeita bost urte beteko dira ostiralean, irailak 15, Imanol Berriatua euskaltzale bizkaitarra Jerusalemen hil zela. Hara joana zen bigarren aldiz hebraiera ikastera, eta Lurralde Santuetarako bidaia haiei zor diegu, hein handi batean, euskara berpizten lagundu duten euskaltegien sorrera.

Imanol Berriatua Bizkaiko kostaldeko Elantxobe herrian jaio zen 1914.eko Gabon gauean, baina txikitatik Gernika aldean bizi izan zen. Hamar urte zituela, Foruko frantziskotarren komentuan ikasten hasi zen.

Han, bertatik bertara ikusi eta jasan behar izan zuen ditxosozko eraztunaren metodoa, Kardaberazek XVIII. mendean hitz hauen bitartez deskribatu zuena: "euscaraz itzegitea pecaturic aundiena baliz bezala, escoletan sortija edo siñaleaquin, azote ta castiguaquin, eragotzi nai dute".

Arantzazuko santutegian eta Zarautz, Olite eta Burgoseko frantziskotarren komentuetan ikasle ibili ondoren, gerra garaian Kuba aldera joateko baimena lortu zuen.

Erbestetik itzulita, Anaitasuna aldizkaria sortu eta Bermeoko arrantzaleen kapilau ibili zen, harik eta, 1967ko abenduan, Bilboko frantziskotarrenera bizitzera joan zen arte. Frankismoko urte haietan, euskara batuaren alde lan egiteari ekin zion Federico Krutwig eta Gabriel Arestirekin.

Euskaltzaindiak akademiako kide urgazle izendatu zuen 46 urte zituela, eta aurrerantzean, aditz batuaren batzordeko partaide eta oinarrizko euskararen batzordearen arduradun izan zen.

Hizkuntzen zale

Berriatuak aparteko trebetasuna erakutsi zuen gaztetandik hizkuntzak ikasteko. Komentuko garaian, latina, grekoa eta hebraiera ikasi zituen, eta denboraren poderioz, arabiera, aramiera, ingelesa, frantsesa, alemaniera, italiera eta katalana ulertzea ere lortu omen zuen.

Hizkuntza horietako batzuk lantzeko, jatorrizko herrialdeetara jo zuen 70. eta 80.aren hamarkadetan. Ingelesa ikasteko, adibidez, sei hilabete eman zituen Irlanda aldean, eta hebraieran trebatzeko, Israelera abiatu zen 1976. eta 1980.ean.

Zaletasun horri esker, eremu murritzeko hizkuntzen muturreko bi egoerak ezagutu ahal izan zituen. Irlandan gaelikoari buruzko utzikeriaren lekuko izan zen, baina Israeleko mirari linguistikoak euskara berreskuratzeko itxaropena piztu zion.

Hebraierak hizkuntza erabiliaren estatusa galdu zuen duela 1.700 urte, baina Israelgo estatua sortutakoan, Eliezer Ben Jehuda hizkuntzalariak helduentzako irakaskuntza sistema berritzailea bultzatu zuen juduen jatorrizko mintzaira berpizteko.

Imanol Berriatuak Israelgo ulpan-etan oinarritu zen euskaltegiak sortzeko, eta ibrit kala edo hebraiera erraza hartu zuen abiapuntutzat Hitz egin! metodorako erabili zuen oinarrizko euskara lantzeko.

Atención al cliente

Teléfono: 902 20 21 41

Nuestro horario de atención al cliente es de 9 a 14 los días laborables

Formulario de contacto »

Lo más visto en...

» Top 50

Webs de PRISA

cerrar ventana