_
_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Keinu-hizkuntza irakasteko euskal materiala bidean

Ikastetxeetan gero eta handiagoa da gorren hizkuntza menderatzen duten profesionalen eskaria

El País

Lehen eskola eguna da eta ikasleak sartu berria den irakasleari begira daude. Hitzik esan gabe, eskuak astintzen ditu, aurpegiaren keinu adierazkorrez lagunduz azalpena. Esan beharrik ez dago ikasleek ez dutela tutik ere ulertu. Horretaz oharturik, irakasleak klariona hartu eta arbelean idazten du keinuen bidez adierazi nahi duena: "Ni José naiz". Orduan aurretik egin dituen keinu berberak errepikatzen ditu astiro, bakoitzari dagozkion hizki eta hitzak seinalatuz aldi berean. Gorren hizkuntza menderatzeko bidean lehenbiziko urratsa emana dute ikasleek.

Gorren elkarteak Bilbon duen egoitzan gaude. Bertan ikusi dugun eszena gero eta sarriago errepikatzen da, urterik-urte gehiago baitira keinu hizkuntza ikasi nahi dutenak; ez bakarrik gorrak, baita entzuteko batere arazorik ez dutenak ere: Bizkaiko hiriburuan ikasten ari diren 210 lagunetatik gehientsuenak -200 inguru- ez dira gorrak. Gehienetan haurrekin lan egiten duten irakasleak izaten dira, formakuntza plan berrietan berebiziko garrantzia ematen baitzaie keinu-hizkuntza menderatzeari hezitzaileak kontratatzeko orduan. "Nire kasuan lanagatik ikasten ari naiz", dio ikasle batek "logopeda naiz eta entzuteko arazoak dituzten umeekin lan egin behar dut; beste hizkuntza batzuk ikasten dituzun bezalaxe, gorrena ere ikas dezakezu".

Bilboko Gorren Elkartea ikasmaterial propioa garatzen ari da keinu-hizkuntza irakasteko
Orokorrean hizkuntza unibertsala bada ere, lekuan lekuko kultura eta ohiturak keinu bereziak sortzen dituzte

Gero eta handiagoa den eskariari aurre egin asmoz ekimen garrantzitsua abiatu du Bilboko Gorren Elkarteak. Europako Batasunaren laguntzaz, keinu-hizkuntza irakasteko ikasmaterial propioa garatzen ari da, Leonardo da Vinci izeneko ekimenaren babespean. Arlo honetan aditu diren bost lagun arduratzen ari dira egitasmoaz. Udarako edukiak bukatzea espero dute eta lanaren emaitzak azaroan plazaratuko dituzte liburu eta CD-Rom euskarrian.

Honela, keinu-hizkuntzaren irakaskuntzan dagoen gabezia handia bete nahi dute, Euskal Herrian ez baitago bertako kultur eta hizkuntza errealitateari egokitutako ikasmaterialik. "Orain arte Valentzia edo Madriletik ekarritako testuak erabiltzen ari gara", azaltzen du José Martín irakasle eta egitasmoaren arduradunak. Martínek hamabi urte daramatza gorren hizkuntza irakasten eta esperientzia hori oinarri hartuz ikas-material berriak garatu behar direla deritzo. "Eskolak ematean konturatu nintzen erabiltzen genituen materialak ez zirela egokiak ez zirelako gure hizkuntza, Leonardo proiektuaren bidez gure hizkuntzari egokitutako testuak garatu ahal izango ditugu".

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Izan ere, orokorrean keinu-hizkuntza unibertsala bada ere, lekuan lekuko kultura eta ohiturek zeinu bereziak sortarazten dituzte eta horiek isladatzen dira elkar ulertzeko gorrek erabiltzen duten hizkuntzan. Europa barruan aldaketak ez dira oso handiak herrialde batetik bestera, aldiz, ekialdeko kulturekin alderatuz gero, jauzia nabarmena da. Adituen arabera, ikonoetan oinarritutako zeinuei dagokienez ez dago alde handirik kultura batetik bestera, baina bai ostera termino abstraktuetan.

Programa berria osatzen

Berezitasun horiek jasotzen ari dira Bilbon Leonardo da Vinci programaz arduratzen ari diren irakasleak. Egiten ari diren lana azaltzeko adibide argia erabili du José Martínek: "azterketa" hitza, termino hori adierazteko zeinu desberdinak erabiltzen baitaitezke.

"Lana aurrera eramateko arazoak sortzen dira jendeak bere hizkuntzaz pentsatzen jarraitzen duelako", erantsi du egitasmoaren arduradunak, "baina gorren hizkuntzak gramatika desberdina du. Ez dute erabiltzen keinu-hizkuntza benetan den bezala, horregatik teoria bat osatzen ari gara, gorrek erabiltzen duten bezala ikas dezaten hizkuntza".

Ikasmaterial berria gorrekin lan egiten duten profesionalak hezitzeko erabiliko dute gehienbat. Esparru honetan eskaria gero eta handiagoa da, zenbait ikastetxetan entzuteko arazoak dituzten ikasleak integratzeko programa bereziak abiatu baitituzte, gorren elkarteek eta Hezkuntza Sailak sinatutako akordioei esker. Hala, bigarren hezkuntzako hainbat ikastetxetan irakasleen azalpenak keinu-hizkuntzara itzultzen dituzten begiraleak daude. Lehen Hezkuntzan, berriz, gorren hizkuntzan ematen dituzte eskolak horretarako bereziki trebatutako irakasleek. Profesional horiek guztiek Bilbokoa bezalako zentroetan ikasi dute. Hala ere, José Martínen iritziz, "garrantzitsua" litzateke horietako irakasle batzuk ere gorrak izatea, horrek aberastuko bailuke ikasleekiko hartuemana. Gorren hizkuntza ikasi ala ez erabakitzea gurasoen eskuetan uzten dute ikastetxeek, baina gero eta gehiago dira baiezkoa ematen dutenak. Gorren elkarteetako arduradunen arabera, haurrek keinu-hizkuntza ikastea "oso onuragarria" da, pertsona moduan garatzeko ate berriak zabaltzen baitizkie.

Gaurko eskolaordua amaitzear da. Mahai gainean egunkariak daude zabalik, gaurko prentsatik aukeratutako artikuluez eztabaidaka aritu baitira ikasleak. Dagoeneko ez dira harritzen irakasleak eskuak astindu eta imintzioka hasten denean, beraiek ere ongi ikasiak dituztelako hark erabiltzen duen hizkuntzaren oinarriak. Horretarako ez omen da denbora askorik behar, lauzpabost hilabete asko jota, irakasleak dioenez. "Gero hurrengo fasea dator: murgiltzea, hau da, gorrekin hitz egitea; eta hor komeriak izaten dira, baina pazientzia apur batekin gainditzen dira oztopoak". Beraz, pazientzia pixka batekin, hilabete gutxiren buruan ikasleak gai izango dira hitzik esan gabe hitz egiteko.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_