_
_
_
_
_

Euskara aretoetan

Ken Loachen 'Ogia eta Arrosak' bezala, 'Liam' edo 'Betirako nirea' euskaraz ikusteko aukera

Euskara arrotz bat izan ohi da zine aretoetan. Urriak dira gure hizkuntzan pelikulak ikusteko dauden aukerak, eta are gutxiago marrazki bizidunak ez direnen kasuan. Horregatik, deigarria da azken aste hauetan aretoetan bi filme euskaraz estreinatu izana: Ogia eta arrosak eta Liam (pasa den ostiralean).

Honen arrazoia akordio batean bilatu behar da: Eusko Jaurlaritza eta Barton Films banatzaileak pasa den urtean sinaturiko akordioa hain zuzen ere. Honen arabera, zazpi filme estreinatuko dira euskaraz. Lehen bi pelikulak Euskal Herrian ekoiztutako Karramarro uhartea eta Ametsen lapurra animazio filmeak izan ziren.

Ken Loach-en Ogia eta arrosak izan da, beraz, helduei bideraturiko euskaraz bikoiztutako lehen lana. Otsailaren 16an estreinatu zen, eta Barton Films-en gustura daude lortutako dirubilketekin. Zenbait datuen arabera, lehen astean euskarazko bertsioek gaztelerakoek lortutako ikusleen %80a bereganatu zuten. Horregatik, akordioaren arduradunak itxaropentsu daude datozen pelikulei begira 'Gure helburu nagusia ahalik eta filme gehien era simultaneo batean aurkeztea da, hau da, euskaraz eta gazteleraz, eta oraingoz, ikusleen erantzuna oso baikorra izan da' Barton Filmseko arduraduna den Maria Jesus Diezen hitzetan.

Pasa den ostiralean Liam filme britainiarra iritsi zen aretoetara. Eta estreinaldiek aurrera jarraituko dute, ostiral honetan Denek nahi zuten hilda estatubatuarra ikusi ahal izango baita Danny De Vito, Jamie Lee Curtis eta Neve Campbell bezalako aktore ezagunekin. Euskaraz bikoiztutako lehen filme sorta honekin amaitzeko, Forever mine eta Kiriku estreinaldi egunaren zain daude oraindik.

Gutxitan izaten du ikusleak banatzailearen berri, baina uste baino garrantzia handiagoa dute, ordea. Pelikula baten arrakasta banatzaile egokiaren eskutan egon daiteke maiz, hauek izaten baitira aretoekin akordioetara iristen direnak eta publizitateaz arduratzen direnak. Banatzaile kaxkar bat edukitzeak, filme bat porrotera eraman dezake.

Barton Filmsek 25 urte daramatza banatzaile bezala. Estatuan egiten du lan, nahiz bere eremu nagusia Euskal Herria, Errioxa eta Asturiasen dagoen 'gazteleraz eta jatorrizko bertsioan dauden pelikulak banatzen ditugu, eta azken 5 urteotan euskarazkoak ere bai. Zirkuitu komertzial eta ez komertzialetan egiten dugu lan' Diezek argitzen duenez.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du bikoizketa, filmearen kopiak, euskaraz egiten den publizitatea eta promozioa.

Akordio honekin 'ikusleek pixkanaka euskarazko filme eskaintza izan dezatela bilatzen da. Bilbon, Avenida zineetan, antzerako zerbait egiten ari gara eta gutxika bada ere, eskaintza hau zabaltzen saiatzen ari gara' Diezek dioenez.

Euskal Herrian sinatzen den tankera honetako lehen akordioa da. Katalunian, Generalitat-eak aspalditik eskaintzen du filmeak katalanez bikoizteko diru laguntza, eta ezaguna izan zen Disney etxearekin lortutako akordioa.

Izen ezagunak

Ogia eta Arrosak Ken Loachek Estatu Batuetan zuzendu duen lehen filmea da. Ingelesa eta gaztelera nahasten dituen pelikula hau pasa den 16an Estatuko zine aretoetara iritsi zen. Loach parada handiko zuzendaria da, batez ere 90. hamarkadaz hona ekoizturiko filmeei esker. Beti, edo ia beti, gizatalde behartuenen alboan jarriz, Ken Loach-en begiradak Riff-Raff, La canción de Carla edo Mi nombre es Joe pelikulak erakutsi dizkigu.

Stephen Frearsek Europa eta Estatu Batuen artean banatzen ditu bere lanak. Aurrekontu murritzeko istorio xumeak Britainia Handian, eta lan garestiagoak Estatu Batuetan. Bietan maisutasuna nabaria da, eta besteak beste Mary Reilly, edo Alta fildelidad zuzendu ditu. 1988 urtean Oscar saria irabazi zuen Las amistades peligrosas filmeagatik. Liam Veneziako zinemaldian estreinatu zen sariketako Selekzio Ofizialean.

Datorren ostiralean estreinatuko den Guztiek nahi zuten hilda pelikulak ere, izen ezagunak ekarriko ditu. Pelikula New Yorkeko iparraldean dagoen herrixka batean garatzen da. Bertan ez da inoiz gauza handirik gertatzen, Mona kotxez ibaira erori eta hilik azaltzen den arte. Danny DeVito 'komisarioak' lanak izango ditu hiltzailea aurkitzen, herri osoak begi onez ikusi baitu Monaren heriotza.

Bikoizketa Irusoinek egin du eta Bilboko Multizineetan, Iruñeko Golemetan, Donostiako Astorian eta Gasteizko Samaniegon ikus daiteke.

Betirako nirea eta Kiriku

Kiriku eta Betirako nirea(Forever mine) dira Eusko Jaurlaritza eta Barton Films-ek sinaturiko akordioaren arabera euskaraz eskainiko diren hurrengo pelikulak. Hauek, ordea, ez dute oraindik estreinaldi egunik 'ez ditugu kopiak jaso oraindik, eta bikoizketa egin gabe dago beraz' Barton Filmsek dioenez. Kiriku animazio filme frantziarra da. Afrikan garatzen da istorioa, eta jatorrizko hizkuntza frantsesa du. Pelikulak ingurugiroaren zainketa eta ekologiarekiko konpromezua hartzen du. Frantzian pasa den urteko animazio pelikularik arrakastatsuena izan da. Forever Mine thriller estatubatuarra da. Paul Schrader-ek zuzendua, akzioz beteriko filme honetan bi aktore ezagun azaltzen dira protagonista lanetan: Ray Liotta (Uno de los nuestros, Hannibal) eta Joseph Finnes (Shakespeare enamorado). Baina bada egun, akordio honetatik at euskaraz eskaintzen den pelikula bitxi bat. Baloia izena du, eta Belgikarra da. Donostiako Warner aretoetan eskaintzen da urtarriletik, eta gaztetxoei bideraturiko fikziozko filmea da.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_